Herriko nagusiek udalarekin batera urriko lehen asterako ekintza egitarau zabala antolatu dute lehenengoz. Ostiralean alkatea eta Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako batzorde buruarekin egin zuten jubilatuek euren egitarauaren aurkezpena. Besteak beste, ikuskizunak, txapelketa ezberdinak eta Ibilaldi neurtua antolatu dute Michelingo frontoian egiten den ohiko bazkaria ahaztu gabe.
Urriaren 1ean Toka, igel eta bote txapelketak egingo dira Isla plazan eta Mus txapelketa jubilatuen etxean. Urriaren 2an Sun Magoaren eta Adolfo Perez bakarrizketalariaren emanaldiak ikusi ahal izango dira jubilatuen etxean. Urriaren 3an berriz, jubilatuen etxeko soinketa eta aerobic taldeen erakusketak izango dira Okendo plazan. Urriaren 4an paleta txapelketako finala Loidibarrenen jokatuko da eta Okendo plazan Senblante Andaluzen emanaldia egongo da. Urriaren 5ean, ostirala, "Melocotón en Almibar" antzezlana izango da kultur etxean. Urriaren 6an lehen Martxa Erregulatua egingo da Okendo plazatik hasita eta dantza txapelketa ere egingo dute larunbatean jubilatu etxean.
Igandean berriz, San Pedro parrokian meza, abesbatzaren emanaldia kultur etxean, bazkaria Michelingo frontoian eta dantzaldia izango dira. Astelehenean emango zaio amaiera egitarau oparoari jubilatu etxearen 34. urteurrenaren ospakizunarekin. Meza eta luntxa egingo da Brugidatarren komentuan goizean eta arratsaldean urrezko ezteiak ospatzen dituzten bikoteei opariak emango zaizkie afari merienda baten baitan. Ondoren dantza egiteko aukera izango dute bertaratutakoek festari amaiera emateko.
Izen emateak
Aipatutako ekintza guztietan parte hartzeko, gaurtik aurrera izena eman daiteke jubilatuen etxean. Igandeko bazkariari dagokionez, aldaketak izan dira. Aurten 850 lagunentzako lekua izango da eta 8 euroko kostua izango du menuak. Horretaz gain, parte hartu ahal izateko Lasarte-Orian erroldatuta egon beharko da eta 1946. urtean edo lehenago jaioa izatea. Tiketak zaharren egoitzan salgai daude gaurtik hasi eta irailaren 14a bitartean goizeko ordutegian.
