Muittu Manttangorri herriko autobus zerbitzu berria

maider-azurmendi 2012ko ira. 4a, 16:18
Ostiralean martxan izango da autobusa eta herritarrek egun horretan 10:30etatik aurrera doan probatu ahal izango dute. Ofizialki astelehenean hasiko da zerbitzua eta bidaiaren kostua 60 zentimokoa izango da. Gaur aurkeztu dute Muittu Manttangorri Okendo plazan Udal ordezkariek TSSTko arduradunarekin batera.
Manttangorri, manttangorri guztiak bezala, txikia da, gure herriko bidai txikiak egiteko; koloretsua, gure kaleetara alaitasun zantzu bat ekartzeko; bizia, batetik bestera mugituko baita herritarron bizitza erraztuz. Hitz batean, maitagarria, halaxe nahi dugulako gure Hiribusa, lasarteoriatarron zerbitzura beti". Hala deskribatu du autobus zerbitzu berria Pablo Barrio alkateak Okendo plazan Ana Isabel Prieto eta Santi Sarasola TSST enpresako ordezkariarekin batera egindako agerraldian.

Manttangorrik 21 bidaiari eta gurpildun aulki bat garraiatzeko lekua du eta garraio publiko zerbitzuarekin udaletik espero dute herritik egiten diren desplazamenduak autoetan egitetik Manttangorrin egitera pasatzea.

Ingurugiroa zaindu

Pablo Barrio eta Santi Sarasolak TSSTko ordezkariak azpimarratu nahi izan dute autobus honek biodiesela kontsumitzen duela eta bere tamaina txikia dela eta CO2 emisioak ere nabarmen murritzagoak izango direla.

Gainera guztiz egokitutako autobusa da Manttangorri, arrapala dauka gurpildun aukientzat eta sistema hidraulikoa bereziari esker, geltoki bakoitzean autobusak behera egiten du espaloia maila berean gera dadin.

Herritarrak garraio publikoa erabiltzera animatu nahi izan ditu alkateak "ostiralean doan ibilbidea eta geltokiak ezagutzeko parada ezin hobea izango da".

Ana Prietok adierazi duenez, hilabete askotako lanaren ondoren, azkenik aurkeztu ahal izan da Lasarte-Oriako hiribusa. Izan ere, aurretik herrian martxan egon zen hiribus zerbitzua hobetu nahi izan da "kalitatezko zerbitzua eman bai baina udalak dirua aurreztuz". Horrela astelehenetik aurrera martxan izango den autobusaren kostua 42.106 € + BEZ izango da, eta lehen proposamenarekin alderatuz %64,82 aurreztea suposatuko duela aurreratu du. Gainera datozen 10 urteetan behar den baimen eta dokumentazio guztiekin eta behar bezala jarduteko baldintzekin jaiotzen da zerbitzua "gogoratu nahi dut aurrekoak ez zituela baldintza guztiak betetzen".

Ordutegi eta ibilbidea
7:40etan institutuko ikasleei zuzenduta batez ere, ibilbide berezi batekin hasiko du eguna Manttangorrik. Ibilbide hau probatan jarriko da izan ere ordutegia betetzeko zailtasunak ikustekotan aditzera eman dutenez, beharrezko aldaketak burutuko dira.

Ondoren, 8:00etan hasiko da ibilbide arrunta Antxisutik eta ondoren 8:45 berriro errepikatuko du “lehenengo tramoa” deitu dena. Bigarrena ordea, 10:30etan hasiko da eta 13:30ak arte luzatuko da, 16:30etan hasiko da berriz etenaren ostean eta bi zerbitzu egingo ditu autobusak. Laugarren eta azken tramoa, 19:30etakoa izango da beste bi zerbitzu burutuz.

Hiribusaren geltokiak, behin behineko kartel batzuen bidez identifikatu ahal izango dira eta bertan ordutegiak eta ibilbideak egongo dira ikusgai. "Behin behinekoz deritzot geltokien diseinua erabaki arte". Abuztuan egindako udal batzarrean erabaki moduan bidaiaren zenbatekoa 0,60€-koa izango da.

Zerbitzua irailaren 10ean astelehenenean hasiko da baina ostiral honetan 10:30etatik aurrera autobusean dohainik ibiltzeko aukera izango da. Prietok bereziki eskertu nahi izan du aurkezpenean udal langile eta tekniko guztien lana.

Ordutegi eta ibilbidea