05_Ane Labakak eskuratu ditu Basarri eta Lazkao Txiki Bertso Paper Sariak

jon-altuna-iza 2012ko ira. 5a, 02:00

Ane Labakak irabazi ditu Basarri eta Lazkao Txiki bertso paper sariketak, baina kanpoan da oporretan eta ezin izango ditu jaso, ez ostiralean Zarautzen Zinema Pilotalekuan gaueko 22:00etan hasiko den Lizardi bertsolari gazteen txapelketako finalaren ondoren Basarri Saria, ez igandean Ordiziako euskal jaien barruan Lazkao Txiki Saria. "Zu" izeneko bertso sortarekin irabazi du Labakak Basarri saria, bertso paper lehiaketen artean ezagunenetarikoa.

Zu” izenburua duen amodio bertso sortarekin irabazi du Ane Labakak Basarri Saria
Lasarte-Oriako bertsolari gazteak “Zu” izenburua duen bertso sortarekin irabazi du Zarauzko Udalak antolatutako XXVIII. Basarri Bertsopaper Saria. Gainera, Andoni Egaña, Nahikari Gabilondo eta Rufino Iraola epaimahaikideek parte-hartzaileen kopurua ugaritu dela, lanek lanen mailak oro har gora egin duela eta gaien aniztasuna nabarmendu dute. Anek, Amodiozko bertsoak idatzi ditu Xabier Silveiraren 7 puntuko 'ETAren su-etenetik'.doinuan. Guztira 10 bertso ditu aurtengo Basarri saria irabazi duen sortak. Bigarren saria Aitor Albistur errenteriarrak eskuratu du, 'Abuelita' lanarekin. Garai bateko inmigrazioari buruz osatu ditu berak 8 bertso, 'Itsasoan laino dago' doinuan.

Ostiralean gaueko 22:00etan jokatuko da Lizardi bertsolari gazteen txapelketako finala Zarauzko Zinema pilotalekuan eta ondoren kantatuko dira Ane Labakaren 10 bertsoak. Finalean izango dira Anerekin Lasarte-Oriako bertso eskolan aritzen diren Beñat Iguaran amasarra eta Unai Gaztelumendi añorgarra. Hauekin batera Manu Goigana oiartzuarra, Aritz Casabal pasaitarra, Aitor Urbieta eta Oier Aizpurua zarauztarrak iritsi dira finalera. Hiruna bertso kantatuko dituzte ofizioka zortziko txikian, zortziko nagusian eta hamarreko txikian, bina punturi erantzun eta bukatzeko kartzelako lana egingo dute bakarka, gai batekin hiruna bertso neurri eta doinu librean.

Ane Labaka bapatean ere aritzen da bertsotan, Gipuzkoako txapelketako final laurdenetan izan zen iaz eta nabarmendu daiteke Udarregi eta Plazatik Gaztetxera sariak ere eskuratu zituela Usurbil eta Mutrikun. Bertso papererei dagokionez, hainbat sari jaso ditu Ane Labakak, orain artean garrantzitsuena 2010eko Xenpelar saria. 1.200 euroko Basarri saria irabazi duen “Zu” bertso sortako bi bertso ezagutarazi dira momentuz:
Izan nahi dut ilunpean / zure argi seinalea, / paradisura daraman / hiri bateko kalea, / hare erlojutik jausten / den azken hondar alea, / zuregana energia / daraman eroalea, / maitasun dosiak behar / dituen drogazalea, / aldi berean izanez / emailea, eskalea, / zure lagunik onena / eta zure maitalea. / Ez dut nahi goizez ohera / ekartzea gosaria, / ez larrosaz betetzea / nire etxe ataria, / urteurren bakoitzean / jasotzea oparia, / soka lodi bihurtzea / lotzen gaituen haria... / begiak itxiko ditut / egin dezazun magia / eman zaidazun muxu bat, / sentitua, jostaria, / ta esan dela ematen / didazun azken aldia.