Ama Guadalupe jaiak asteburu honetan

Txintxarri Aldizkaria 2012ko irailaren 6a

Ama Guadalupe Extremadura etxeak bere zaindariaren ohorezko jaiak ospatuko ditu asteburu honetan. Honetaz gain, Adarra kaleko egoitza berria bedeinkatu eta honen ateak irekiko ditu herritarrek ezagun dezaten.

Herritar ugari biltzen da Extremadura Etxean Ama Guadalupe jaietan.
Irailaren 8a, Ama Guadalupe eguna dugu eta gure herrian bada egun hau bereziki ospatzen duen elkartea, Extremadura etxea. Egun seinalatu dela eta, urtero hiru egunetako jaiak antolatzen dituzte. Aurten berrikuntza handi bat dakarte, Adarra kaleko egoitza berrian eta Jaizkibel plazan egingo direla ospakizunak. Honetaz gain, asteburu osoan zehar, Extremadura Erkidegoko produktuak dastatzeko aukera izango da.
Bihar, arratsaldeko 16:00etan El doble jokoarekin emango diote hasiera Extremadura etxeko lagunek ekintzaz betetako asteburuari.
Jarraian, 17:00etatik 19:00etara, egoitza berria ikusteko aukera izango dute herritarrek . Gauean, 21:00ak aldera, Oscar Gil elkarteko presidenteak ongi etorria emango die egoitzara hurbiltzen diren herritarrei. Afari herrikoi eta dantzaldia izango dira ondoren.

Haurrak

Larunbata eta igandea goizean, haurren gozamenerako ekintzak egongo dira. Larunbatean, jokoak eta txokolatadaz gozatzeko aukera izango dute Jaizkibel plazan. Igandean, berriz, marrazki eta margo lehiaketa izango dute egoitzan eta jokoak plazan.

Egoitza bedeinkatu

Egoitza berria ere izango da protagonista. Larunbatean, 12:30ean meza ospatuko da eta egoitza eta Ama Guadaluperen irudia bedeinkatuko dira. Jarraian, Extremadura erkidegoko bandera igo eta ereserkia abestuko dute.

Txapelketak eta gastronomia
Txapelketa ugari antolatu dituzte. Horien artean, emakumeentzako bola-joko lehiaketa.

Arratsaldean, bi lehiaketa izango dira, bata mus txapelketa, egoitzan eta bestea toka txapelketa Jaizkibel plazan.
Gauean, udal ordezkari, lagun eta bazkideak bilduko dituen afaria izango da egoitzan eta ostean, Merche abeslariaren kontzertua izango da. Eta, ohikoa den bezala, goizeko 3:00etan, Extremadura Etxeko lagunek ogi-mamia eskainiko dute.
Igandean, bazkari herrikoia, tute txapelketa eta Jaizkibel plazan emakumeentzako bola-joko txapelketa izango dira.
Bandera jaitsi eta jaiei amaiera eman baino lehen, lehiaketetako sari banaketa egingo da.