Amestutako debuta Euskal Ligan

jon-altuna-egitegi 2012ko irailaren 8a

Aurreko urteko balentria denok oraindik gogoan dugunean, Ostadar SKT-k debuta egin zuen lehenengoz Kadeteen Euskal Ligan. Michelingo berdegunean jokatutako partiduan, Cultural Deportiva Durango izan zuen aurrean eta erakustaldia emanda lortu zuten ligako lehen hiru puntuak eskuratzea, erraztasunez, 4-0 irabazi ostean.

Printzipioz, urte zaila, konplikatua dute aurretik Ostadarreko kadeteek Euskal Ligan. Larunbateko partiduan argi geratu zen ordea arerio gogorra izango direla gainontzeko taldeentzat, eta mutil lasarteoriatarrei irabazteko asko izerditu beharko dutela Euskal Herriko talde handienek.

Partidu “biribila” jokatu zuten herriko mutilek Javi Olaizola entrenatzailearen iritziz.
Lehen partiduan, ikusgarri

Javi Olaizolak prestatzen duen taldeak errepasoa eman zion Cultural Deportiva Durango talde bizkaitarrari larunbata eguerdian Michelinen jokatu zen partiduan.
Emaitzak besterik pentsaraztera gonbidatzen gaituen arren (4-0), lehen zatia oso berdinduta joan zen, bi taldeek zelai erdian egindako lan gogorrari esker.
Hala ere, atsedenaldira joateko gutxi falta zenean, Julen Iñarrak gol zoragarria sartu zuen zuzeneko falta jaurtiketa baten bitartez.

Bigarren zatian nagusi

Hortik aurrera, kolore beltz eta urdina izan zuen oso-osorik bigarren zatiak, beste hiru gol sartzea lortu baitzuen Ostadarrek.
Olaizolaren arabera, euren nagusitasunaren gakoa mutilek erakutsitako “grina, kokapen egokia eta irabazteko gogoa” izan ziren eta bere mutilek egindako lanaz “harro” sentitzen zela aipatu zuen.
Gainera, hain kategoria zailean halako garaipen handi batekin debuta egitea “moral kolpe izugarria” izan dela aitortu zuen bai bere mutilentzat, zein prestatzaileentzat.

Fruitua erein egin behar...

Bestalde, larunbateko garaipena azken lau asteotan egindako lan fisiko gogorrari esker izan dela adierazi zuen.
Noizbehinka egin dituzten goiz eta arratsaldeko saio bikoitz “neketsu eta trinkoek” taldeari Euskal Ligan partiduak irabazteko sasoia eman diotelakoan dago Olaizola.

Hurrengo zita Barakaldon

Partidua amaitu orduko, hurrengo jardunaldian pentsatzen ari zen Burgos, Eibar eta Mallorcan jokalari profesionala izandako Javi Olaizola, gaur egun Ostadarreko kadeteen entrenatzaile dena.
Bere ustetan, Barakaldo FC kategoria honetako puntako taldeetako bat da eta arerioaren maila altuaz gain, La Siebe zelaia “estua” izateak gauzak zailduko dizkiela uste du. Dena den, mutilek zelaian “dena” ematen badute, oso gustura itzuliko dela argitu du.

Aurkari gogorrak Ligan

Ostadarrez gain, Reala, Antiguoko, Alaves, Eibar, Athletic, Hernani eta maila oso altuko beste 9 talde arituko dira Euskal Liga irabazteko lehian.