Guadalupeko Ama Birjinaren jaia

jon-altuna-egitegi 2012ko ira. 9a, 20:18
1978. urtetik dihardute Guadalupeko Amabirjinaren omenezko jaialdia antolatzen Extremadura Etxeko kideek. Aurten ordea, Adarra kaleko lokal berrian egin dituzten lehenengo ospakizunak izan dira eta ekintzak Jaizkibel plazan jarritako eskenatoki eta barrarekin osatu dituzte. Besteak beste, karta-jokoa, bazkari zein afari herrikoiak, haur-jokoak, meza... izan dituzte gozagarri.
Ostiralean bertan hasita, igandera arte ez dute etenik izan Guadalupeko Ama Birjinaren festek.

Ostiralean lokala ikusgai

Aurtengo berrikuntza nagusia Extremadura Etxearen lokal aldaketa izan da. Lehen Uzturre plazan zuten euren txokoa, eta orain berriz Adarra kaleko 4.era pasatu dira.
Ostiralean, lokala barnetik ikusteko aukera izan zuten bertaratu ziren herritarrek eta afaltzeko menuan, extremadurar kaldereta izan zen.

Meza eta bandera igoera

Larunbata izan zen jaien egun handia, Extremadura eguna eta Guadalupeko Ama Birjinaren eguna ospatu baitziren.
Horretarako, Xabier Andonegi apaizak amabirjinaren omenezko meza eta bedeinkazioa egin zituen lokal berriko terrazan, Errenteriako Extremadura etxeko “Ecos de Monfragüe” taldeak musikatuta.
Mezaren ostean, urtero bezala, Extremadurako bandera altxatu zuten, baina aurtengoan lokal berriko atean.
Hala ere, ohitura zaharrari jarraiki, kolore berde, zuri eta beltzezko bandera altxatzen zuten bitartean Extremadurako ereserkia abestu zuten denek.

Alderdi guztietako udal ordezkariak, bazkideak eta gonbidatuak izan ziren afari ofizialean.
Udal-ordezkariekin afaria

Guadalupeko Ama Birjinaren festen egun handia larunbata izan zen, eta eguna ongi biribiltzeko, Casa Extremadurako herritarrek alderdi guztietako udal-ordezkariekin batera afaldu zuten lokal berrian.
Gainera, bisitan izan zituzten Gipuzkoako Eskualdeetako Etxeen federazioko presidente Jose Antonio Vilaboa, herriko “Semblante Andaluzeko” kideak, Donostiako extremadurar kultur-etxeko kideak eta Errenteriako “Monfragüe”-koak.
Afarian izan ziren era berean Alejandro Fernández eta Mariano Valle kide fundatzaile historikoak.

Igandean, jokoak

Festen azken egunean, haur jokoak, herri-bazkaria eta bolo zein tute txapelketa jendetsuak egin zituzten.