“Gehiago ere nahiko nuke”

Nerea Eizagirre 2012ko ira. 10a, 12:39
None
Londresko Joko Olinpikoetan Maialen Chourraut herritarrak brontzezko domina eskuratu zuen Lee Valley-ko kanalean burututako slalomeko final zirraragarrian. Gainera, denboraldiari amaiera emateko abuztuaren 11 eta 12an izandako Espainiako txapelketan garaile izan zen.
Abuztuaren 2a egun handia izan zen Maialen Chourrautentzat, Joko Olinpikoetan podiumeko hirugarren harmailean egon baitzen. Geroztik, omenaldi batetik bestera ibili da brontzezko domina erakutsiaz. Orain La Seun dago berriro ere, denboraldi berrirako prestatzen eta harekin telefonoz solasaldi ederra izan dugu.

Zein oroitzapen dakartzazu Londrestik?
Asko disfrutatu nuen Londresen joan ginen egunetik azkenera arte. Oso politak izan ziren Jokoak eta ondo antolatuak.

Konpetitu baino bi aste lehenago joan ginen, hango kanalera ohitu eta bertan ahalik eta ordu gehien sartzeko.

Entrenamenduak nahiko ondo joan ziren, ondo sentitzen nintzen, baina lehiaketa egin behar zen eta ez da erraza...

Jaitsiera bakoitza proba bat da. Helburua pausu hori igarotzea izaten da eta hurrengo final erdian edo finalean egotea. Orduan, horietako bat irabazteak ez du esan nahi hurrengoa jaitsieran irabaziko duzunik.


Nola joan zen lehiaketa?
Joko Olinpiko batzuetan egotea ez da erraza. 12.000 pertsona zeuden piraguismoko estadioan gu animatzen eta gu ohituta ez gauden gauza bat da hori.

Lehiaketa polita izan zen. Ongi ateratzeko pausoz pauso joan behar zen, sailkapena, final erdiak eta finala. Piraguismoan gainera, lehiaketak bost egun iraun zituen eta ni bigarrenean eta bosgarrenean lehiatu nintzen.

Egun dezente izan ziren tentsioarekin. Azkeneko egunera arte itxaron behar izana; jakin gabe lortuko duzun edo ez. Nahiko luze egin zitzaizkidan bost egun horiek.

Maila bat jaisten joan zinen, lehenengoa sailkapenean, bigarrena finalerdian eta hirugarrena finalean...
Nire proban edozeinek irabaz zezakeen, hamar neska zeuden oso indartsu eta hamarretako edozein izan zitekeen garaile.

Nik badakit batzutan sailkapenean lehenengo geratzeagatik ez duela esan nahi final erdian ongi egingo duzunik.

Jaitsiera bakoitza proba bat da. Helburua pausu hori igarotzea izaten da eta hurrengo final erdian edo finalean egotea. Orduan, horietako bat irabazteak ez du esan nahi hurrengoa jaitsieran irabaziko duzunik.
Horregatik saiatzen nintzen jaitsiera bukatzean berriro ere ongi zentratzen eta zer egin nuen aztertu, zer egin behar zen ikusi...

Finaleko jaitsiera nola bizi izan zenuen?
Jaitsiera gogorra izan zen. Kanala ez da erraza, edozein gauza gerta daiteke.
Tentsioa oso handia izaten da, lau urtetako lana minutu eta hogei segundotan edo minutu eta erdian jokatzen da.

Gainera final aurrekotik finalera ez nuen denborarik izan osatzeko, ezta egindakoa aztertzeko ere. Baina dena ahalik eta azkarren prestatzen saiatu nintzen eta behin irteeran egotean aurrera joatea.
Irteeran sorpresa txikia izan nuen haizea zegoela. Haizea altxa zen eta ateak mugitzen ziren eta horrek jaitsiera pittin bat zaildu zidan eta kosta zitzaidan.

Beraz, brontzezko dominarekin pozik zaudela esan daiteke...
Pozik nago. Gehiago ere nahiko nuke, baina lana oso ona izan da, oso ongi egin nion aurre egoerari eta azkenean hirugarren geratu nintzen.

Lau urteko lana izan da, Pekineko kanporaketaren ostean,
Bai, konstanteki lan egin ahal izan dut, ez dut arazorik izan. Gero ere, emaitza onak izan ditut eta gutxitik gehiagora joan naizela esan daiteke.

Beraz, Pekineko arantza atera duzula esan daiteke...
Beldurra banuen Pekinekoa berriro gertatuko zenik. Orduan, ondo prestatua nindoan baina ez zen ongi atera.

Nire kirolean akats txikienak kanpoan uzten zaitu eta jaitsierak normalean akatsez josiak egoten dira. Ur bizietan piragua bat kontrolatzea ez da erraza. Beti gertatuko da zer edo zer espero ez duguna. Eta ahalik eta hoberen ateratzen dena indartsuago izaten da.

Pekinen ez nuen lortu. Oraingo honetan beldur hori neukan, aterako ote ez zen, baina gauzak ongi joan ziren hasieratik eta egia esan, bukatzerakoan kristoren lasaitasuna hartu nuen.

Londres utzi eta urrezko ongi etorria izan zenuten, ezta?
Jende pila joan zen aireportura guri ongi etorria egitera.

Jendea oso hunkituta zegoen. Ikusten zen lehiaketa asko bizi izan zutela. Zerbait espero genuen baina ez hainbestekoa.

Gero aireportutik Atletico San Sebastian-era joan ginen, Kontxara eta hor jarraitu zuen festak.

Ondoren egun batzuk izan zenituen Espainiako txapelketa prestatzeko...
Bueltatu eta aste betera Espainiako txapelketa genuen.

Ez zen erraza izan konpetizioa prestatzea. Jende askok geratzen ninduen, ez nuen denbora gehiegi izan zirkuituan kontzentratzeko. Eta ez nago ohituta lehiaketa bat horrela prestatzera. Gainera, nekatuta ere banengoen.

Gero konpetizioa uste nuena baino hobeto joan zitzaidan. Oso ondo lehiatu nintzen eta nahiz eta egoera bitxia izan, oso ondo lehiatu nintzen. Hasiera oso garbiak egin nituen eta oso pozik bukatu nuen hango emaitzarekin.

Lasarte-Orian ere omenaldia izan zen eta egun berean Martin Berasategiren gonbidapena...
Bai, bazkaria izan genuen Martin Berasategiren jatetxean. Familia osoa bildu ginen eta kristoren bazkaria prestatu zigun.

Mimoz zaindu gintuen eta pila bat gozatu genuen hango bazkariarekin. Eta beste esperientzia polita gehitu genuen.

Zazpitan bukatu genuen bazkaria eta korrika Lasarte-Oriako Udalera. Bertan omenaldia egin ziguten Nelly eta bioi. Oso omenaldi polita.

Zer nabarmenduko zenuke omenalditik?
Herria horrela ikustea polita izan zen. Ez nuen hainbesteko gauza espero eta hasieran pixka bat harrituta geratu nintzen. Pixkanaka ohitzen joan naiz.

Zenbat jendek jarraitu gaituen ikustea, Joko Olinpiko hauek gogoekin jarraitu eta bizi izan dituztela jakitea...

Oso polita izan da niretzat jendeak piraguismoa jarraitu duela ikustea. Orain badakite nik egiten dudana zer den.

Beste omenaldi bat ere izan zenuen Zarautzen ATC-k antolatutakoa, ezta?
Orain dela pare bat aste izan zen. Arraunlariek haien liga bukatzen zuten eta mutilek asko zuten jokoan. Hor egon nintzen estropadak ikusten.

Beste omenaldirik izan al duzu edo jasoko duzu?
La Seu-n ere omenalditxo bat egingo didatela uste dut, irailean eta gauzak orain pixkanaka berera etorriko dira.
Orain lasaiago nago eta gustura joango naiz egingo diren gauzetara.

Elkarrizketetan domina Landaberriko haurrek oparitutako kutxatxoan gordeko duzula esan zenuen...
Eta orain hor daukat gordeta. Domina alde batetik bestera paseatzen izan dut, baina herenegun La Seu-ra iritsi nintzen entrenamenduekin hasteko eta domina kutxatxoan gorde dut. Eta hortxe geratuko da oraingoz.

Entrenamenduetan hasi zarela aipatu duzu, zein duzu helburua?
Guretzat kirol olinpikoa eta profesionalak egin eta kirolari profesionalak ez garenontzat, garrantzitsuak dira Joko Olinpikoak, hauek markatzen dute bidea.

Profesionalen modura entrenatzen dugu eta bizimodu hori daramagu, baina ez gara profesionalak, ez daukagu kontratu profesionalik, diru laguntzen bitartez bizi gara eta Joko Olinpikoak dira muga.
Honela, Brasil-en Rio-n ahalik eta indartsuen egotea izango da helburua, han emaitza ona izateko. Lau urte hauek horri begira izango dira.

Honetaz gain, urtero munduko txapelketa izango dut eta lehiaketekin ikusiko dut nola nagoen Rio-ra begira.
Urrun dagoela dirudi, baina gure erronka izaten da piraguista hobea izatea. Beti daude hobetzeko gauzak eta gauza horiek lantzen denbora azkar igaro da.

Baina lehia handia izango da postua lortzeko, ezta?
Atzetik badaude neskak, bai katalanak, baita Gipuzkoakoak ere.
Indartsu daude eta nik akatsa eginez gero, aurretik jartzen zaizkit. Ondo egiten badut nik irabaziko dut, baina akatsak eginez gero, atzean geratuko naiz.

Ezin naiz lokartu, badut hor atzean presioa ez lokartzeko. Garrantzitsua da lehiakideak hor egotea, bestela gehiegi lasaituko ginateke eta aurrera begira ez genuke hainbeste hobetuko.

Badakit haiek ere gogor entrenatzen jarraituko dutela eta Brasilen egon nahi dutela. Baina batentzako bakarrik egongo da tokia.

Orduan, gure artean egongo da lehia hori eta hoberenak irabaz dezala.

Eta aurtengo erronka zein izango litzateke?
Aipatu bezala, piraguista hobea izatea da. Beti hobetzen joatea.
Helburuak ongi markatu, fisikoki zer hobetu behar den ikusi eta hori lantzen joatea pixkanaka.

Nellyrekin batera herrian egin zitzaien omenaldian.
Zure helburua Brasilen dagoela esan duzu, baina noiz arte jarraitzeko asmoa duzu?
Gure karreran ez da inoiz jakiten zehazki noiz amaituko den, edozein egunetan lesio indartsu bat izan eta kanpoan utz zaitzake.

Nik badakit oraindik Maialen asko geratzen dela barruan eta hori aprobetxatu nahi dut.
Gero zerbait gertatzen bazait eta utzi behar baldin badut horrela izango da. Baina oraindik momentua ez izatea espero dut.