Gorka Lizarragak bere idatzian azaldu moduan, udalak Berpizturekin hitzarmena zuen 2011 arte herrian elikagaiak banatzeko "banco de alimentos" delakoaren baitan. Zerbitzu hau emateko 3.000 euro eta lokala uzten zion udalak. Gizarte zerbitzuetako langileak arduratzen ziren herritarren egoera aztertu ondoren, zerbitzu honen erabiltzaile izateko baldintzak betetzen zituzten edo ez baloratzen. Horrela herriko 40 familia ziren janaria jasotzen zutenak.
"2011ko maiatzaren 20an, hauteskundeak ospatu baino bi egun lehenago, Gizarte zerbitzuetako orduko buruak, agindua ematen du 40 familia horietaz gain beharra duten herritar guztiek zerbitzua erabil dezaten, nahiz eta gizarte zerbitzuetako teknikariak erabakiaren kontra azaldu erabiltzaile horiek bestelako diru laguntzak jasotzen zituztelako. Erabaki honen ondorioz 200 familia inguruk erabiltzen dute zerbitzua. Ilara luzeak sortzen dira, jendea taxian etortzen da janaria jasotzea, inguruko kaleetan eta zaborrontzitan janaria agertzen hasten da besteak beste."
"2011ko uztailan gobernu aldaketarekin gizarte zerbitzuetako langileei 200 familia horien benetako egoera zein den aztertzea eskatzen zaie eta lan guztiaren ondorioz, diru laguntzak jasotzen ez duten familientzako zerbitzua izatea erabakitzen da berriz ere. 40 familia dira berriro zerbitzuaren beharra dutenak."
2012ko otsailean eta Berpizturekin hitzarmena berritu behar dela eta, Bilduk alderdi politiko guztien parte hartzea duen komisiora proposamen bat eramaten du eztabaidatua eta adostua izan dadin. Honakoak proposatzen dira:
-Banatzen diren elikagaien iraungitze data aproposa izatea, izan ere galdutako elikagaiak banatzen zirela salatzen zuten erabiltzaileek.
-Zerbitzuaren erabiltzaile izateko ez da beste diru laguntzarik jaso behar ez bada, gizarte langileek bereziki hala onartuta.
"Bilera hartako aktan azaltzen denez, alderdiek puntu hauek onartu zituzten PSE-EE barne".
Martxoaren 12an presidentziatik Berpizturekin hitzarmena berritzeko proposamena luzatzen da. Honek Plataformak eta EAJk proposatutako bi zuzenketa administratibo dituela. Proposamen hau bozkatzen da: Aldeko 12 bozka (Bildu 5, EAJ 2, PCLO 2, PSE-EE 2, Adskribatu gabeko zinegotzia 1) Abstentzioak (PSE-EE 4).
Hitzarmen proposamena Berpizturi bidaltzen zaio eta hiru hilabete ondoren elkarteak honakoa erantzuten du:
- Azkar gal daitezkeen elikagaiak banatzeari utziko diotela eta zerbitzua ematen jarraitzeagatik 9.000 euro eskatzen dituzte. Eskaera honi erantzuten zaio hitzarmen proposamena alderdi guztien oniritzia duela eta hau dela Lasarte-Oriako udalak egiten duen hitzarmen proposamena.
Azken banaketa elkarteak ekainaren 25ean egiten du. Hitzarmena ez du onartzen elkarteak eta ondorioz bere banaketa eteten du. Hau ikusita Gizarte zerbitzuetan larrialdi laguntza bat prestatzen da 40 familia horiei banatzeko. Horrela adosten da familia hauei 60 eta 100 euro artean banatzea hilero, elikagaiak erosteko beste laguntzarik jasotzen ez duten bitartean.
2012ko uztailean Berpiztu gonbidatu zen alderdiekin batera komisio batean egoera aztertu eta azalpen guztiak emateko. Bi aldeek euren jarrerak mantendu zituztela azpimarratzen du Gorka Lizarragak eta udalak gaia ixteko erabakia hartu zuen.
"Irailetik aurrera gizarte ekimenetarako ohiko diru laguntzak eskatu ahal izango dira eta bertan euren ekimena, zerbitzua, aurkeztu ahal izango dute".
