Emakumeek haurdunaldia bere borondatez eteteari buruzko 2/2010 legea aldatzeko Madrileko Gobernuak egindako iragarpenari erantzunez, PSE-PSOEk egindako proposamena onartu da gaur arratsaldeko 18:30etan hasi zen Udal Batzarrean.
PPren Gobernuak abortuari buruzko legea aldatzeko eta eskubide hori murrizteko asmoaren aurka 140 elkartek aldarrikatu duten "Erabakitzeak libre egiten gaitu" leloa duen adierazpenekin bat egiteko eskatu du PSOEk onartu den proposamenean, eta gainera, Madrileko Gobernuari zera exijitzeko, mantendu ditzala osasun sexualari, ugalketari eta haurdunaldiaren borondatezko eteteari buruzko 2/2010 legea eta haurdunaldia eteteko emakumeek duten eskubidea.
Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkateak Bilduren izenean adierazi du proposamenaren mamiarekin, emakumeen eskubideen aldeko jarrerarekin bat egiten dutela, eta soilik argitu nahi izan du, horrelakoak menpekotasun egoerarengatik gertatzen direla: "horregatik ez balitz beste lege batzuek izango genituen, askoz ere irekiagoak" esan du Pablo Barriok.
EAJko Estitxu Alkortak azaldu du gaia delikatua dela, eta legearen erreformarekin ados ez badaude ere, "Erabakitzeak libre egiten gaitu" leloarekin ez omen daude oso eroso eta erabat ados, eta beraz abstenitzea erabaki dutela.
PPko Vanessa Velez-ek esplikatu du oraindik ez dagoela legea aldatzeko proposamen zehatzik eta soilik Justizia Ministroaren adierazpenetan oinarritu dela PSOEren eskaera. Ama izateko eskubidea aldarrikatu du eta abortuari alternatibak bilatu nahi dizkiotela esan. Gainera bere ustez ez da Udaletxean jorratzeko gaia. Esan bezala soilik PPk eman dio aurkako botoa, PNV eta Herritarren Plataforma abstenitu egin dira eta beste guztiek babestu egin dute proposamena.
Galdera eta eskaeren momentura iritsita, Jesus Zaballosek hartu du hitza, zenbait gai aipatuz. Batetik, Michelingo futbol zelaian belarra aldatzeko lanen atzerapena nabarmendu du, noiz egingo den eta kirol taldeen entrenamenduak nola antolatuko diren galdetuz. Tasio Arrizabala Kiroleko arduradunak azaldu du maiatzerako prest zela proiektua, eta enpresa aukeratzeko baldintza eta lehiaketak atzeratu duela apur bat, baina aurreratu du datorren astelehenean irailaren 17an hasiko direla lanak, eta etengabe egon dela Udala Kirol taldeekin hartuemanetan, beraz elkarrekin lotu dutela entrenamenduen antolamendua. Batzuek Errealaren zelaietan, besteak Usurbilgo zelaian eta talde txikiak herriko beste instalakuntza batzuetan arituko dira, Tasiok adierazi duenez. Gainera azaldu du enpresak bi hilabeteko epea duela lanak amaitzeko, baina lehenengo eta behin belar artifiziala aldatuko duela.
Ondoren Pablo Barrio alkateak berak erantzun dio, eguberritako "estra" eta oraindik bukatu eta ireki gabe dauden Okendoko aparkalekuen inguruko galderari. Barriok argitu du batetik udal langileei soldata murrizten dion neurri horren kontra daudela, "ez da bidezkoa langileei dagokien eskubide hori eta betidanik kobratu duten soldata hori kentzea" eta euren helburua, "langileen eskubideak defenditzea" dela.
Bestetik, alkateak esan du Okendoko aparkalekuen inguruan egin zen galdeketaren emaitzak positiboak izan direla, herritarrek "interesa" adierazi dutela eta horretan oinarrituko dela erabakia. Gainera aurreratu du "berehala" jarriko direla martxan, egin beharreko lan eta jarri beharreko oinarriak.
Jesus Zaballosek bere aurkako pintada kendu dutelako eskerrak eman die Udal Gobernuko ordezkariei eta zera eskatu du, edozeinen aurkakoa izanda ere berdin jokatu dezala Udalak "ofizioz".
Ana Prieto Zerbitzuetako zinegotziak azaldu dionez, "gaitzetsi egiten ditugu pintadak, baina komunikabideen bidez izan dugu beraren berri, eta aurretik jakinarazi bazenigute lehenago erretiratuko genituen". Gainera Zaballosi azaldu dio PSOEren webean agertzen den beste pintada bat ezin izan dutela ezabatu Udal brigada zein garbiketako langileek ez dutelako aurkitu. Eztabaida sortu da bi zinegotzien artean, Zaballosen ustez, pintadak non dauden esatea ez da PSOEren lana, "zertarako zaude bada zu?" eta Prietoren iritziz, azkar erretiratu nahi badituzte esatea besterik ez dute. Azkenik Pablo Barrio alkateak jakinarazi du pintadaren berri izan den momentuan bertan kendu dela.
Jesus Zaballosek ikerketa batzordeari buruz ere galdetu du, nori eta zein delitu leporatzen zaion, eta delitu zantzuak baldin badaude zergatik ez diren jakinarazi. Estitxu Alkortak erantzun dio Somotora bideratu ziren laguntzen inguruko salaketa lantzen ari dela Lasarte-Oriako Udala, zirriborroa den bitartean ez dela jakinaraziko baina laster izango dutela bere berri "dagokion tokian", pertsonal batzordean.
