Juan Vicente Martin hirugarren itsas zeharkaldien ligan

Txintxarri Aldizkaria 2012ko irailaren 12a

Buruntzaldea IKT-ko igerilari masterrek ez dute atsedenik izan udan, itsas zeharkaldien ligako probatan parte hartu dute. Juan Vicente Martin master+ mailako hirugarren postua eskuratu zuen. Ligako azken proban, Kontxako Badian igeriketa taldeko infantil eta seniorrak ere izan ziren lehian.

Juan Vicente Martin Kontxako Badia itsas zeharkaldiko podiumean. Buruntzaldea IKT
Kontxako badian lehengo asteburuan estropadez gain, larunbatean itsas zeharkaldien ligako azken proba izan zen. Honetan Buruntzaldea IKT-ko neska-mutilak izan ziren. Horien artean, Juan Vicente Martin izan zen brontzezko domina etxera eraman zuena.

Kontxako zeharkaldia

Proba honetan 2.200 metroko zeharkaldia egin behar izan zuten masterrek.
Borja Apeztegia Buruntzaldea IKT-ko entrenatzaileak azaldu digunez, Juan Vicente Martinentzat “erronka berezia izan” zen. Izan ere, itsas zeharkaldiko ligako azken proba zen eta bere mailako hirugarren postua izan eskura.
“Gogotsu aritu zen” aipatu digu entrenatzaileak eta 32 minutu eta 43 segundoko marka eginez, bere mailako hirugarren izan zen Kontxako hondartzako helmugan.

Master mailan hirugarren

Emaitza honek gainera, Itsas zeharkaldien Ligako sailkapeneko hirugarren postua ziurtatu zuen.
Liga hau uztaila eta iraila artean lehiatu da eta sei probek osatu dute aurten, Getaria-Zarautz, Txingudi, Paseo Berria, Santa Clara irla, Haize Orraziaren pasealekua eta Kontxako Badiako zeharkaldiek, hain zuzen ere.
Paseo Berriko zeharkaldian parte hartu ez arren, beste bost zeharkaldietan lortutako puntuek hirugarren postua eman diote herriko igerilariari.
Buruntzaldea IKT-ko entrenatzailearen hitzetan, “arro eraman zituen domina eta garaikurra etxera”.

Ikasturte hasiera

Borja Apeztegia entrenatzaileak azaldu duenez, proba honek 2012-2013 ikasturteari hasiera emateko balio izan du infantil, jubenil eta seniorrentzat.
Gauzak honela, infantil mailan, Jone Vazquez izan zen 750 metroko ibilbidea azkarren egin zuena. Zazpigarren izan zen 7 minutu eta 16 segundoko marka egin ostean.
Mutiletan, berriz, Mikel Sotok 7 minutu eta 19 segundo egin zituen.
Bestalde, senior mailan, Iñigo Ibarburu bederatzigarren izan zen. Gazteak 29 minutu eta 32 segundotan egin zituen itsas zeharkaldiko 2.200 metroak.
Nesketan berriz, Alazne Egiazabal izan zen azkarrena. 34 minutu eta segundo bateko marka eginaz, hemeretzigarren iritsi zen helmugara.