Usurbilen elkartu dira goizean eskualdeko udaletako ordezkariak, euskara teknikariak eta euskaltegietako arduradunak. Bertan euskara ikasteko matrikulazioa zabalik dagoela gogoratu nahi izan dute. Lasarte-Oriaren kasuan, udal euskaltegia eta Muntteri AEK-n egin daiteke matrikulazioa. Udalek ikasketa hauek sustatzeko asmoz, diru laguntzak martxan dituztela azpimarratu nahi izan dute ere, kasuaren arabera, matrikularen %40tik %75 artekoak dira Lasarte-Oriako udalak ematen duena.
David Rosco Urnietako Euskara zinegotzia izan da agerraldian hitza hartzen lehena. Honek euskara ikasteko dauden erraztasunak azpimarratu nahi izan ditu "Lehenik gertutasuna aipatuko nuke, herritar gehienek pauso batean baitute euskaltegia gure herrietan. Bigarrena, euskara ikasteko eskaintza zabala dela, maila asko eskaintzen baitira, eta hirugarrena, euskara ikasleek udaletatik eskura ditzaketen diru-laguntzak".
Internet tresna
Gurutze Salaberria Hernaniko udal euskaltegiko zuzendariak on-line aukerei buruz mintzatu da. www.buruntzaldea.org gunean euskara atalean ikasleek, euskaltegien informazioa aurkitzeaz gain, mailakatze frogak egiteko aukera dagoela azpimarratu du "beti ere froga hauek orientagarriak dira ikasleak bere euskara maila zein den ezagut dezan matrikula egitera jo aurretik". Horretaz gain, sarean ere aurki daiteke udal bakoitzean ikasleentzat dauden diru laguntzen informazio osoa eta Mintzalaguna edo Solaskide ekimen osagarrien inguruko argibideak.
Bukatzeko Karmen Lloretek hartu du hitza. Alacanten jaioa, Usurbilera bizitzera joan zen duela 10 urte. "Herrira iritsi bezain pronto konturatu nintzen euskara ikastea beharrezkoa nuela nire eguneroko bizitzan, herrian integratu ahal izateko". Euskategian izena eman zuen eta lehen mailatik hasi zuen ikasketa prozesua Usurbilen bertan. Oraindik ikasten jarraitzen du baina irakaslea da eta bere egunerokoan euskara da bere hizkuntza. "Nahi dut azpimarratu nire esperientzia oso polita izan dela eta animatuko nuke jendea euskara ikastera, merezi duelako".
