Euskal sindikatuek nabarmendu dute azken hiru urteotan bosgarren greba orokorra dela, “hain denbora gutxian hainbeste greba ez da sekula egin Euskal Herrian” eta Iker Urruzola ELAko ordezkariak, gaur goizean prentsaren aurrean adierazi duenez, horren arrazoi nagusia da gaur egun politikariek langileekiko eta herritarrarekiko ez dutela batere miresmenik, soilik kapitalistak miresten dituztela alegia. “Horren harira egiten dituzten politikak murrizketez josita daude”. Abuztuan gainezka egin du bere ustez edalontziak eta bi erabaki azpimarratu ditu, BEZaren igoera eta Gobernuak PP-ren gehiengo osoarekin pentsioen erreforma 2013 urtera arte itxaron gabe berehala martxan jartzeko duen asmoa. “Hori guztia Europatik dator. Bankuei dirua emateko, -eskaera 100.000 milioi eurokoa izan zen-, zeini kenduko eta langileari, herritar xumeari, gaizki pasatzen ari denari kendu, aberatsei eta kapitalistei emateko”.
Sindikatuek gizartea pobreziara daramaten erabakien zerrenda luzea aipatu dute: langabeziaren prestazioak, menpeko pertsonenak eta pentsioak murriztu nahi dituztela, zerbitzu publikoetako langileen baldintzak okertzen ari direla eta konkretuki gazteen egoera zaila ere aipatu dute, izan ere, sindikatuetako ordezkariek salatu dutenez lanpostuak bultzatuko dituzten politikak egin beharrean, erretiroaren adina luzatzen dute eta lanean hasteko garaian dauden gazteen aukerak zaildu.
Duela hiru urte lehen greba deialdian hain juxtu horrelako politikarik martxan ez jartzeko borroka egiteko beharra aldarrikatu zutela eta orduan arrazoia zeukatela nabarmendu dute: “Politika guztiak kapitalaren mesedetarako dira, gero eta herritar gehiago dago ezintasun larriarekin eta berriro ere hori eskatzen dugu: gaur egungo politikari guztiek herritarren eta langileen mesedetan izan behar dute eta gehien irabazten dutenek gehiago ordaindu dezatela. Kapitalak ezin du dauzkan erraztasunik izan eta ezin dute hauek sortutako zuloak herritarrei leporatu. Bankak egin duena iruzur handia izan da herriarentzako, espekulazioaren bidez egindako zulo izugarriaren kargu beraiek egin beharrean langileak egin dira”.
Horregatik eskatzen diete sindikatuek politikariei krisira eraman gaituzten banka eta finantza munduko jende edo entitateei ordainarazi behar zaiela pairatzen ari garen egoera. “Ez bagara borrokarako prestatzen, nahi dutena egingo dute, orain horren erraz egiten duten gisara. Beste biderik ez daukagu gaur egun egiten dituzten politikak aldatu arazteko”.
Beraz, herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete, larunbatean irailaren 22an egingo dira ekintza batzuek eta hilaren 26ko greba egunean, arratsaldeko 18:00etan egingo da Lasarte-Orian manifestazioa, LABeko Jon Martin ordezkariak jakinarazi duenez.
Sindikatuek bestalde, Administrazio publikoko langileen egoera eta jasaten ari diren murrizketak ere nabarmendu dituzte. Euren ustez Gobernua zerbitzuak desegiten ari da eta pribatizatzen azken finean negozioa egiteko Administrazio eta politikarien konplizitatearekin. Langile horien baldintzak gero eta kaxkarragoak eta astunagoak dira eta horrek zerbitzu publikoen kalitatean eragina du beraz sindikatuen ustez gizarte osoaren aurkako erasoa da. Kasu konkretu bat aipatu du ELAko Arkaitz Elsok, hain juxtu funtzionarioak ez diren irakasleena, 2003an sinatu zen hauen lan hitzarmena berritu gabe bait dago eta 2013an berritzen ez bada lan hitzarmenik gabe geratuko direlako, egoera larrian, alegia, hori gertatzen baldin bada Administrazioak nahi duena egingo duelako eurekin.

