Osakidetzako langileak beltzez

Txintxarri Aldizkaria 2012ko irailaren 14a

Herriko anbulategiko langileak sektore publikoan ezartzen ari diren murrizketak salatzeko protesta eguna hautatu dute ostirala. Uztailean hasi ziren ostiraletan beltzez jantzita lanera joaten eta horrela jarraitzeko asmoa dute.

Eguerdian elkartaratzea egin dute anbulategiaren aurrean.
Rajoiren gobernuak sektore publikoan ezarri nahi dituen murrizketak salatzeko protestak antolatu dituzte Osakidetzako langileek. Horrela herriko anbulategian jardun diren 34 langileek bat egin dute salaketarekin eta ostiralero beltzez janzten dira lanera joateko.

Murrizketak onartezinak direla salatzen dute eta zerbitzu publikoetan murriztuz, erabiltzaileek ondorioak pairatuko dituztela azpimarratu nahi dute protesta hauekin. "Argi daukagu bajak direnean ez dituztela ordezkoak jarriko eta zerbitzua nabarmen okerragoa izango dela". Horretaz gain, euren soldatetan jasango dituzten murrizketak ere onartezinak direla salatzen dute.

Ostiralero euren protestak egiten jarraitzeko asmoa azaldu dute langileek eta erabiltzaileak ere eurekin bat egitera dei egiten dituzte.