Gipuzkoako txapelketa hasi du Intzak

jon-altuna-egitegi 2012ko ira. 15a, 21:24

Gogo handiz ekin diote denboraldiari Intzako pilotariek. Gipuzkoako txapelketako lehen jardunaldia jokatu zuten larunbatean Michelingo pilotalekuan, eta partidu bakarrean izan ezik, beste guztietan gailendu ziren lasarteoriatarrak.

Intzako seniorrek pilota aldaketarekin asmatu zuten, hor egon zen partiduaren gakoa.
Abendura bitartean lehiatuko dira Intzako kadete, jubenil zein seniorrak, eta hurrengo faserako sailkatuz gero, onenen artean osaturiko koadro bidezko kanporaketei egin beharko diete aurre.

Kadeteak erraz

Partidu erosoa jokatu zuten II. mailako Intzako kadeteek Hondarribiren aurka.
Aranbarri eta Sarasolak osaturiko bikoteak ez zuen arazorik izan txapelketako lehen garaipena eskuratzeko, 22-3.

Jubenilak txukun

Larunbata goizean eta arratsaldean jokatu zituzten Intzako jubenilek euren partiduak.
Alvarez eta Solanok osaturiko bikote lasarteoriatarrak Gazteleku menperatu zuen Arrate pilotalekuan jokaturiko jubenilen II. mailako partiduan, Arruti eta Arberaz andoaindarrei 22-18 irabazita.
Eskuetako arazoak tarteko, arratsaldean ez ziren fin ibili I. jubeniletan dabiltzan Intzako pilotariak. Arteaga eta Aranguren-ek osatutako bikoteak Aurrera Saiaz-eko Larrea eta Erasun bidaniarren aurka etsi behar izan zuen, 11-22.

Seniorrak argi, bizkor

Intzako pilotari helduenek (II. seniorra) ere garaipenarekin hasi zuten Gipuzkoako Txapelketa. Jon Pello Artetxe eta Xabi Arteagak osaturiko bikoteak mendean hartu zuen Elgoibarko Lagunak, erraz, 22-6 irabazita.
Agirrebeña eta Lizarraldek nagusitasunez ekin zioten partiduari, 1-5 jarri ziren aurretik, baina lasarteoriatarrek sakea berreskuratu eta bote txikiko pilota jokoan jartzeaz bat, guztiz irauli zuten markagailua 22ra iritsi arte.