“Rio de Janeiroko Olinpiadan egotea espero dut”

jon-altuna-iza 2012ko irailaren 17a

Pozik dago Nely Carla Alberto eskubaloi jokalaria Londresko Joko Olinpikoetan eskuratu duen brontzezko dominarekin. Azken zazpi urteotan Lasarte-Orian bizi da eskubaloi jokalari donostiarra, baina hain juxtu azken zazpi denboraldietan Bera-Bera taldetik kanpo jokatu du. Bost urtean izan zen Lizarrako Itxako taldean, bi urte eman ditu Normandiako Havre taldean eta aurten Fleuryn jokatuko du, Frantziako ligaxkan, Paris-etik hegoaldera, ordu eta laurdenera.

Duela gutxi gorabehera 18 urte hasi zen Nely Carla Alberto Bera Bera Donostiako taldean eskubaloian jokatzen eta hainbat kopa eta domina eskuratu ditu urteotan: Itxako Taldearekin Liga eta Europako EHF Kopa 2008-2009 denboraldian eta SuperKopa, Liga eta Kopa 2009-2010ean.

2011-2012 azken denboraldia ere bikaina izan zen beretzat, EHF Kopa lortu baitzuen Havre taldearekin eta brontzeko domina olinpiadetan Espainiako selekzioarekin.

Ongi etorri eta omenaldi asko jaso al dituzue?
Lasarte-Orian jasotakoa oso polita izan zen, batez ere ez nuelako espero.
Jende asko egon zen eta oso pozik nago.

Bi emakume Lasarte-Oriako punta-puntako kirolari...
Pozgarria izan da, Maialen Chourraut eta biok, Lasarte-Oriako herriari brontzezko bi domina eskaintzeko aukera izatea.

Normaltasunera itzultzerik izan al duzu, orain, irailean?
Egia esan olinpiadetan domina lortzeak prentsa mailan bere eragina izaten du ondorengo egunetan, baina errealitatera itzuli eta gogor lan egin beharra dago zure klubean gauzak lortu ahal izateko. Horretan dihardugu eta nahitaez, txipa aldatu beharra dago.

Lasarte-Orian jasotakoa oso polita izan zen, batez ere ez nuelako espero.


Fleury talde berrian ari zara...
Bai, ni abuztu bukaeratik ari naiz entrenatzen, baina taldekideak duela hilabete eta erdi hasi ziren.
Egia esan, talde berri batera iristean, kosta egiten da egokitzen, baina nik ez dut arazo bat ere izan. Oso ondo hartu naute taldeko neskek. Talde berrian aritzea erakargarri eta pizgarria ere bada.

Fred Bougeant entrenatzaile berberarekin segitzen duzu...
Bai azken bi urtetan Havren izandako entrenadorearekin segituko dut.

Zer moduz Frantziako ligan? Aldaketa handia izan al da?
Bai, hemen desberdin jokatzen dute, jaurtiketak eta jaurtitzaileen jokoa lantzen dituzte sarrerak baino gehiago.

Havren bi urte egon zara, zein oroitzapen daukazu?
Ez nuen egokitzeko arazo handirik izan, nire arorik politenetarikoa izan da eta hango zaleekin harremanetan segitzen dut taldez aldatu eta gero ere.

Havreko taldearekin Europako EHF Kopa lortu duzu eta denboraldia borobiltzeko joko olinpiadetan brontzea...
Bai, mundu mailako lehia honetan brontzezko domina eskuratu dut, gainera, Europako Kopa jasotzeko aukera ere izan nuen, hau ere beste titulu garrantzizkoa, beraz ondo egon da. Dena den, titulu gehiago eskuratzea da nire helburua.

Domina eskuratzeko 80 minutu behar izan zenituzten, 10 minutuko bi luzapen, nahikoa lan, ezta?
Bai bihotzekoa izateko arrisku handiko 80 minutu izan ziren.

Norgehiagoka gogoangarria jokatu zenuten Hego Korearen aurka, zuek zeuk ere bai, bost gol sartu zenituen...
Bai, oso pozik nago selekzioari daukadan onena eskaini diodalako, une erabakiorretan burua hotz jokatzeko aukera izan nuelako eta taldeak nire beharra zuenean hor izan nintzelako laguntzen.
Lanean jarraitu eta ea hurrengo olinpiadan zerbait egiten dugun. Nahiz eta orain ahaztu, lau urte barru, berriro oroituko dira brontzeko dominaz eta urrezko neskez, horrela deitzen digu mundu guztiak, "las chicas de oro".

Lau urte barru Rio de Janeiroko olinpiadetan ikusten al duzu zure burua?
Ikusiko da, baina hori espero dut. Minik hartzen ez badut eta hautatzaileak deitzen segitzen banau... Oso polita da olinpiadetan parte hartzea, kirolari batentzat gorena, nazioarte eta mundu mailan jokatu daitekeen garrantzizkoena.

Zer moduzko giroa zen oro har Londresko olinpiadetan?
Olinpiada ezagutzen zuten taldekideek esan ziguten zoragarria zela, baina bertan egon arte ez duzu sinesten. Beste kiroletako selekzioekin giro oso ona egon da, hasieran pentsatzen nuen bakoitza bere kontura ibiliko zela, baina ez, lagunarteko oso giro ona egon da, batekin eta bestearekin hitz egin dugu, ikusi orduko elkar agurtu... Azken finean, ez zaude zure kiroleko taldekideekin bakarrik, beste girotxo bat sortzen da.

Maialen Chourrautekin egoterik izan al zenuen?
Ez bera beste toki batean eta Olinpiadetako lehen egunetan jardun zen.
Lehiaketa laburra izan zuten eta bizkor itzuli ziren.

Beti jokatu al duzu ezker hegalean?
Bai, orain arte bai. Kanpoan jokatu dudan azken bi urteotan entrenadoreak, txandaka, ezker eta eskuin aldean jarri nau.

Bera-Bera taldean hasi al zinen?
Bai, txikitatik gutxi gora-behera 11-12 urterekin hasi eta
16-17 urterekin lehen taldearekin jokatzen nuen gorengo mailan.

Bera-Beraren garaitik zer oroitzen duzu?
Oroitzen dut zergatik hasi nintzen eskubaloian jokatzen: telebistaz mutilen partiduak ikusi nituen, kasualitatez nire eskolan emakumezkoen taldea sortu zuten eta probatzea erabaki nuen. Aurretik arraunean eta igeriketan ari nintzen, eta hirurak egiten nituen txandaka, baina gerora esan zidaten bat edo beste utzi egin beharko nuela, eta azkenean eskubaloia aukeratu nuen...

Eta ez zara damutzen?
Ez, egia esan ez.

Gero txapeldun izan zinen Lizarrako Itxako taldearekin?
Bai Liga, Kopa eta Europako EHF txapelketak eskuratu genituen urte ezberdinetan.

Nolako garaia izan zen hura?
Asko ikasi nuen Itxakon egon nintzen bost urteetan eta gainera tituluak lortzeko aukera ere izan nuen. Denok ditugu gure kirol bizitzan gure erronka eta helburuak eta nik 2004tik 2010era Itxakon jokatzeko eta txapelketa dezente irabazteko suertea izan nuen.

Europako EHF kopa eta olinpiar domina lortuta, zer geratzen zaizu eskuratzeke?
Argi dago, goren gorena olinpiadak direla, beraz orain jokalari moduan hobetzen eta esperientzia handiagoa dutenengandik ikasten segi nahi nuke gorputzak uzten didan bitartean ahalik eta txapelketa gehien eskuratzeko.

Nire helburuetako bat Emakumezko Eskubaloiko "Champions League" txapelketa irabaztea da une honetan, ez dut eta oraindik lortu Kluben arteko Europako txapelketarik garrantzizkoena. EHF Europako Kopa, bai, Itxakorekin eta Havreko taldearekin eskuratu dut.

Noiz arte jarraituko duzu eskubaloian jokatzen?
Nire helburua oraindik urte askoan jokatzea da. 29 urte ditut eta gorputzaren sasoi eta lesioen menpe ere egongo da hori, baina, kirol hau oso gustukoa dut eta argi daukat: printzipioz, gorputzak uzten didan bitartean saiatuko naiz ahalik eta txapelketa gehien irabazten eta jokalari on bat izaten.

Aukera ona da emakumezkoen eskubaloian kirolari profesionala izatea, ezta?
Bai, noski, abantaila batzuek baditugu profesionalok. Dena den, prest egon behar dugu gure kirol bizitza amaitzen denerako ere eta ikasketaren batzuk egin. Bestela, kirolariaren sasoia amaitzean, beste ezer egin ez baldin baduzu, zaila izaten da lan bat aurkitzeko.

Zuk kirolaz gain egin al duzu zerbait?
Puerikultura ikasketak egin nituen eta orain hemen nagoenez frantses hizkuntza gehiago ikasi nahi nuke eta tituluren bat eskuratu, etorkizunerako baliagarri izango zaidala pentsatuz.

Epe motzera zein dira zure erronkak?
Klub mailan nire esperientzia erantsi taldeari, titulu gehiago eskuratu ahal izateko eta selekzio mailan ere hobetzen eta dudan onena ematen segi, mundialetara sailkatzen eta dominak lortzen jarraitzeko.

Epe luzera pentsatzen dut Rio de Janeiroko olinpiadak izango dituzula gogoan...
Bai, garrantzitsua izango da guretzat, emaitza onak izan ditugu azkenaldion, baina ezin gara lasaitu Olinpiadetan domina bat eskuratu dugulako. Pausoz pauso segi behar dugu, hurrengo Europako, Munduko edo olinpiar txapelketetan emaitzarik onenak lotzeko.

Zeintzuk izan dira zure kirol ibilbideko momentu onenak edo pozgarrienak?
Ez dakit zer esan. Esan dizut gustuko dudan kirola egiteko suertea izan dudala, eta momenturik onenetariko bat olinpiadetako azken partidu bizi hura izan da, sekula ez da eta 3. postua erabakitzeko horren norgehiagoka handirik eta zirraragarrik jokatu.

Eskubaloi zale ez direnek ere esan digute telebistara lotuta izan genituela bukaerara arte. Oso momentu berezia izan zen guretzat.

Eta pentsatu al duzu sekula uzterik? Momentu txarrik izan al duzu?
Egia esanda, momentu txarrak pasa baditut ere, sekula ez dut eskubaloia uzteko asmorik izan.
Bizitza honetan ez da ezer erraza, eta zoritxar edota ezbehar horiek gainditu beharra dago, mentalki zein fisikoki gogorragoa izateko.

Gorabeherak izan ditut, baina ingurukoen laguntzarekin beti gainditu ditut.

Lesio larririk izan al duzu?
2009an tronbosi bat izan nuen gihar bikietan, gero biriketara igo zitzaidan eta zazpi hilabetetan ez nuen jokatzerik izan. Orduan gauza askotan konturatu nintzen, bizitzak ezusteko bat eman eta bizitza bera beste era batera ikusten duzu. Nik horri "eskerrak" mentalitate indartsua eta sakrifiziorako gaitasun handia daukat. Eta hori nahitaez bizitzan lagungarria da.