Bizikleta festa eta jokoak mugikortasun astean

jon-altuna-iza 2012ko irailaren 17a

Europa osoa mugikortasun iraunkorraren Astea ospatzen dela eta Lasarte-Oriako Udalak ere zenbait ekimen proposatu ditu. Batetik astearte arratsaldean bizikleta festa eta martxa egingo dira eta ostegunean mugikortasunaren parkea jarriko da Okendon, besteak beste ezinduen egoera eta arazoak erakutsiko dituzten jolas didaktikoak eta Segway zirkuitua. Bi egun hauetan informazio karpa egongo da Okendo besteak beste Hiribus zerbitzuaren berri emateko.

Mugikortasun astea garraio publikoa eta garraiobide gisa bizikletaren erabilera bultzatzeko baliatuko du Lasarte-Oriako Udalak eta astearte eta ostegun arratsaldean informazio emateko karpa bat jarriko da Okendo plazan. Irailaren 10az geroztik abian jarri berria den Muittu-Manttangorri hiribusa ezagutarazi nahi du Udalak aste honetan. Udalak adierazi duenez, “Manttangorria” herritarren mugikortasuna errazteko sortu da, auzo ezberdinak erdialdearekin lotuko ditu prezio onean, 60 xentimo joan-etorri bakoitzeko eta gutxienez hurrengo 10 urtetan martxan egongo da. Hamar urterako esleitu du Udalak zerbitzua publiko hau.

Gainera, Manttangorriaren ibilbide eta ordutegiaren berri ere emango da beraz astearte eta ostegunean.
Bestalde, Udalak bizikletaren erabilera bultzatu nahi du eta horregatik bidegorri sarea zabaltzen ari da, bai herri barruan eta bai inguruan. Euren iritziz, kirola egiteko modu bat izateaz gain, garraio-bide egokia ere bada bizikleta. Udalak mugikortasun astea dela eta argitaratu duen berripaperean proposamen bat luzatzen du Donostiara bizikletaz joan nahi dutenentzat: “bide osoa egin gabe dagoen bitartean, bizikleta Euskotrenek Lasarte-Orian duen geltokian sar dezakezu eta Errekaldekoan jaitsi, bide gorritik jarraitzeko. Orrialdean Lasarte-Oriako bidegorrien mapa ere ageri da, eta Donostia inguruan eraikitako sarea, eraikitzen ari diren zatiak eta aurreikusita dauden ibilbideak ere bai.

Bizikleta Festa egingo da astearte arratsaldean 16:00-19:30 bitartean.
Bestalde, Aste Berdearen barruan aurkeztutako Ekimen Berdeen artean herritarrek Javier Melchorrena aukeratu dute gustukoena. Egunero erabiltzen du bizikleta lanerako joan-etorrietan.

Egitarau zabala
Okendo plaza izango da Mugikortasun asteko egitarauaren oinarri. Astearte arratsaldean, 16:00etatik 19:30 bitartean beste urtetan bezala Bizikleta Festa egingo da. Haurrek hainbat jokotan parte hartzeko aukera izango dute, beraz bizikleta eta derrigorrez kaskoa eraman beharko dituzte neska mutilek. Hasteko, Okendotik abiatuko dira bizikleta martxak. 16:00etan aterako dira 6-8 urtekoak ibilbide laburra egiteko, 16:30etan 9-11 urte artekoak hauek ere itzuli motza egiteko eta 17:00etan 12 urtetik gorakoak ibilbide luzea egiteko. Bizikleta martxan parte hartu eta gero, bizikletekin jolasteko aukera izango dute plazan bertan.

Ostegunean Mugikortasun parkea jarriko dute Okendo plazan arratsaldeko 16:30-1930 bitartean. Batetik ezintasun desberdinen ikuspegia ezagutzeko Jolas Didaktikoak jarriko dira ONCE erakundearen laguntzat edozein adinetako herritarrentzat eta gainera Segway zirkuitua jarriko da 10 urtetik gorakoentzat.