Euskararen zortzigarren Maratoia urriaren 20 eta 21ean ospatuko da herrian euskararen jaialdi handia eta dagoeneko iritsi da laguntza eskatzeko garaia. Aurreko edizioetan bezala esku asko behar dira 40 orduko jaialdi honetan antolatzen diren ekintza guztiak aurrera ateratzeko. Laguntzaileak behar dira baina baita prestatu diren ekintzetan parte hartuko duten herritarrak ere bai.
Lan txandetan artean, muntaia, desmuntaia, otorduetako zerbitzariak, txosnan eta informazioa eman eta txartelak eta kamisetak salgai izango dituen dendan lan egiteko beharko da jende gehien.
Etxetik mugitu gabe
Lanerako edo bestelako ekintzetan parte hartzeko izen-ematea on-line egin daiteke gaurtik aurrera. Aurtengoan ez da etxetik mugitu beharko tramite hau egiteko. www.euskararenmaratoia.com helbidean sartu eta "apuntatu maratoiko ekitaldietara" jartzen duen estekan klikatuta erabiltzaile bezala erregistratu eta bertan azalduko dira lan txandak eta ekintzen ordutegi guztiak.
Horrela txosnan lan egiteko prest egonez gero, bertan klikatu eta hoberen dagokigun ordua hautatuko dugu. Erabiltzaile batek nahi beste pertsona apuntatu ahal izango ditu txanda horretarako hau da, koadrilakoekin lan txanda batean izena eman nahi duenak, ez ditu besteen datuak eman beharko, bost lagun direla zehaztearekin nahikoa izango da. Noski, txanda bakoitzean behar diren pertsona kopurua zehaztuta dago eta ezingo da hau gainditu. Horrela nahi dugun ordua beteta dagoela ere ikusi ahal izango dugu.
On-line izen-ematea egin ostean, Maratoiko antolatzaileak arduratuko dira telefonoz edota e-mail bidez parte hartze hau konfirmatzeaz hutsik egon ez dadin.
Erabiltzaileak aukera izango du gainera, behin erregistratuta bere parte hartzea kudeatzeko. Hau da, txanda betetik ezabatu ahal izango da, beste batean sartu edo besterik gabe gauza bat baino gehiagotan bere izena eman.
Interneten moldatzen ez direnak berriz, ohiko bideak erabili ahal izango dituzte. Horrela laguntzeko prest daudenak Ttakuneko bulegotik pasa edota 943 371 448 telefonora deituta egin ahal izango dute euren izen-ematea.
Ekintza ugari
Lan egiteko tartean izen-emateaz gain, jaialdian zehar burutuko diren ekintzetan parte hartzeko ere lekua hartu daiteke. Aurten bi ekintza nagusi antolatu dira, 40 orduetan zehar burutuko direnak alegia. Batetik, Benedika, Buruntzatik gertu dagoen mendira igoera hainbatetan egingo da eta bestetik, Udaletxe berria ezagutzeko bisita gidatu bereziak antolatu dira. Horretaz gain, mus, xake, edota bestelako ekintzatan parte hartzeko izen-eman ahal izango da.
Ekintza bakoitzaren deskribapen zehatza txertatu da ere gauza bakoitza zertan datzan ezagutzeko eta herritarrek ekintzen inguruan ahalik eta informazio osatuena izan dezaten. Animatu eta parte hartu!

