Euskararen aldeko martxa-jaia egingo da larunbatean

maider-azurmendi 2012ko ira. 18a, 20:19
Euskal Herriko hainbat herrietan ospatuko den ekimena da larunbatekoa. Lasarte-Orian Erdi Aroko azoka ospatzen denez, lasterketa beharrean martxa egitea erabaki dute herrian ekimena bultzatzeaz arduratu diren eragileek. Hau Euskotren-etik abiatuko da 17:30ean eta guztira herriko kaleetan barrena jai giroan 2,5 km-ko ibilbidea burutuko da. Herritarrei euskararen aldeko martxan parte hartzeko deia egin diete.
Agerraldia egin dute gaur Euskaraz bizi nahi dut! lelopean burutuko den martxa-jaia herrian bultzatu eta babestu duten erakunde eta elkarteen ordezkariek. Horrela Taxio Arrizabalaga Lasarte-Oriako udalaren izenean aritu da, Olatz Urdanpilleta AEK euskaltegiko zuzendaria, Junkal Perez Ttakun kultur elkartetik eta Vivi Valin Ostadar SKT-ko ordezkaria. Horretaz gain, herriko eskoletako ordezkariak izan dira ere martxa babesten.

Kontseiluak antolatutako martxa-jaia larunbatean ospatuko da Euskal Herriko hainbat herrietan ordu berean. Gehienetan lasterketak burutuko dira baina Lasarte-Orian Erdi Aroko azoka dela eta zailtasunak ikusten ziren lasterketa burutzeko eta azkenean martxa bat antolatzea erabaki zuten sustatzaileek Olatz Urdanpilletak azaldu moduan. Horrela larunbatean 17:30ean Euskotrenetik abiatuko da martxa eta herriko kaleetan zehar 2,5 km-ko ibilbidea prestatu dela azpimarratu du Vivi Valin-ek "ibilbide erraza da, adin guztientzat pentsatuta eta oinez, patinetan, bizikletan nahi bezala egin ahal izango da".

Ibilbidean zehar musika, txalapartariak, bertsolariak izango dira besteak beste. "eta martxaren leloa daukan kamiseta erosita, bakoitzak zenbaki bat eskuratuko du bukaeran egingo den oparien zozketan parte hartzeko". Kamiseta eta banderolak salgai jarriko dira Okendon goizetik 10 eta 7 eurotan. Herriko elkarte eta eskoletako ordezkari zein udalak martxan parte hartzera animatu nahi izan ditu herritarrak "festa giroan euskararen normalizaziorako beste urrats bat egin dezagun".