19_Uistin kalean 30 aparkaleku egiteko proposatu du PSOEk

jon-altuna-iza 2012ko irailaren 19a

PSE-EEko Jesus Zaballos eta Martin Moreno zinegotziek prentsaurrekoa eman dute Uistin kalean, bertan 30 aparkaleku berri sortzeko proposamenaren berri emateko. Zinegotziek azaldu dutenez, Uistin kaleko eskuin aldeko espaloia estututa, nahikoa espazio lortuko litzateke aparkalekuak zeharka jartzeko. Horrela bi aldeetan zeharka aparkatzeko aukera izango litzateke eta 30 aparkaleku berri sortuko lirateke.

Uistin kalean 30 aparkaleku berri sortzeko eta Okendoko lurrazpiko aparkalekuak irekitzeko proposamenen berri eman du gaur goizean PSE-EEk. Martin Moreno eta Jesus Zaballos zinegotziek adierazi dutenez, aparkaleku eskasia da Lasarte-Oriaren arazo nagusia eta beraz arazoari erantzuteko konponbideak bilatu behar ditu Udalak.
Jesus Zaballos eta Martin Morenok Uistin kalean eman dute prentsaurrekoa. Arbolak, farolak eta bankuak lekuz aldatu beharko direla aipatu dute.
Azken plenoan Okendoko parking-a lehenbailehen ireki dadin obra amaitu eta beharrezko gestioak egiteko eskatu zuen PSE-EEk. Alderdi honen ustez, abian jartzeko tramiteak hasteko ez da enpresak lanak bukatu arte itxaron beharrik: “Horrek soilik irekieraren atzerapena ekarriko luke eta”. Zaballos eta Morenoren iritziz, Udalak oraingoz soilik herritarrei zein eratako aparkalekua nahi duten galdetu die, inkesta-galdeketa baten bitartez.
Lasarte-Oria erdialdeko aparkaleku arazoari aurre egiteko, Okendokoaz gain, Uistin kalean 30 leku berriren proposamena egin du PSE-EEk Eskuin aldeko espaloiaren zabalera txikituta, kalea zabaldu egingo litzateke eta autoak zeharka aparkatzeko lekua egin. Horrela bi aldetan zeharka aparkatzeko aukera eskainiko litzateke.
Espaloiaren ertzean dauden farola, uren kutxatila, esertzeko banku eta arbolak lekuz aldatu beharko lirateke aparkalekuak prestatzeko. Espaloian aldaketak egiterakoan, arbolak zaintzeko eskatzen du PSE-EEk, “herritarren bizi kalitatea, gune berde eta basoen menpe ere badagoelako”.
PSE-EEk gogoratu du, Lasarte-Orian agintean egon zenean saiatu zela aparkalekuen arazoari erantzuten, lurrazpiko parking-ak eginez esaterako Zumaburu, Andatza edo Michelinen herritarrei eskaintzeko, Loidibarrenen saltzeko edo Okendon alokatzeko. “Baina beharrezkoa da plaza berriak sortzeko kanpoan ere trafiko eta aparkalekuen azterketa egitea”. Aurreko legealdian Atsobakar eta Zelaialden egindako trafiko aldaketak ere aipatu dituzte zinegotziek. Trafikoa berrantolatuz eta norabide bakarrak jarriz 150 autorentzat aparkalekua lortu zela gogoratu dute.