Udalak argitu du laguntza soziala indartu egin duela

jon-altuna-iza 2012ko ira. 20a, 14:07
Laguntza soziala indartu egin dutela esan du argi eta garbi Gorka Lizarraga, Lasarte-Oriako Zerbitzu sozialen saileko arduradunak gaur goizean, laguntza horiek murriztu egin direla esanaz argitaratu diren informazioei erantzunez eta zenbait adibide eta argudio jarri ditu zenbait komunikabideetan azkenaldian atera diren informazioak gezurtatzeko. Besteak beste, zerbitzuaren 2012ko aurrekontua %6,54 handitu da, Udalaren laguntzak 10.000 eurotik 60.000ra pasa dira eta beharra dutenentzako etxebizitzen baldintzak hobetu dira.
Lasarte-Oriako Udalak laguntza sozialen alorrean murrizketak egin dituela esanaz komunikabideetan argitaratu diren informazio eta iritziei erantzun die Gorka Lizarraga Bilduko arduradunak haur goizean Villa Mirentxun eskaini duen prentsaurrekoan, gezurrezkoak direla eta herritarrak engainatzeko saiakera “zikin eta zekena” izan dela adieraziz.

Herritarren aurrean argitu du aldaketa handiak egingo dituztela “beldurrik gabe”, baina ez direla gizarte Zerbitzuak murrizte aldera izango baizik eta indartze aldera: “determinazio osoa daukagu Gizarte Zerbitzuetan eman den politika erabat aldatzeko, badakigu 25 urtetan PSOE modu batetara funtzionatu duela, eta guk aldaketa handiak egingo ditugu”.

Villa Mirentxun eman du prentsaurrekoa Gizarte Zerbitzuen alorreko arduradun Gorka Lizarragak.
Bere lehen urtean egindako lanaren zenbait adibide jarri ditu esandakoa frogatzeko. Lizarragaren ustez adibideen artean nagusiena da Zerbitzu Sozialen aurrekontua %6,54 handitu duela, eta bestalde, Jaurlaritzaren laguntzak jasotzeko baldintzak estutu direla eta herritar batzuek jasotzerik ez dutenez, Udalak ematen dituen laguntza ekonomikoak 10.000tik 60.000ra handitu dituztela.

Bestalde, Lizarragak aipatu du Gipuzkoan lehenengoak izango direla familiei laguntza psikoedukatibo eta psikosoziala ematen, kale hezitzaileek orain arte zerbitzua umeei begira egiten zuten bitartean, orain familia osoa izango dutela kontuan psikologo baten laguntzarekin.
Etxe komunitarioetan bizi direnen baldintzak hobetuko direla ere aipatu du, errenta ehuneko 20 igoko zaiela 2013tik beraien autonomia bultzatzeko, hau da, diru gehiago izan dezatela eguneroko erosketetan gastatzeko eta bestalde, etxebizitzetan 6.000 euroko hobekuntzak egingo dituztela.

Aldaketa nabarmena
Zerbitzu Sozialen Sailaren funtzionamendua errotik aldatuko dela ere nabarmendu du Gorka Lizarragak: batetik langileen egonkortasuna bultzatzeko orain arte egon den langile funtzionario bakarrari laguntzeko beste bi kontratatzeko lehiaketa abiatu dute, hau da, beste bi funtzionario izango dira departamenduan eta bestetik ardura konfiantzako kargu batetik funtzionario batengana pasa da. Orain arte saila PSOEko konfiantzazko kargu baten ardurapean egotetik, funtzionario baten ardura izatera, alegia.
Bestalde, bere lanak ondo egiten ez dituela leporatu diotenez Gorla Lizarragak argitu du bere lanak direla epe luzera dauden helburu eta xedeak zein zerbitzu berriak finkatzeko ikerketak edo estudioak egitea eta batez ere langileek egindako lanak ikuskatzea eta ez orain arte aurreko zinegotziak egin duena, bertako langileari dagokiona egitea, hau da, herritarrei hitzorduak ematea. Politikari eta langileen arteko hartuemana egunerokoa dela adierazi du Lizarragak: “nahiz eta iritzi ezberdinak izan bion artean hartzen ditugu erabakiak, beti ere gure filosofia politikoaren bidetik eta inoiz ere ez murrizketei begira”.