21_Mugikortasun iraunkorraren festa

Txintxarri Aldizkaria 2012ko irailaren 21a

Europa osoan mugikortasun iraunkorraren Astea ospatzen dela eta Lasarte-Oriako Udalak ere zenbait ekimen proposatu nahi izan ditu. Astearterako aurre ikusita zegoen bizikleta festa eta martxak atzo egin ziren eguraldi txarra zela eta bertan behera geratu ostean. Honekin batera mugikortasunaren parkea eta Segway zirkuitua egiteko aukera izan zuten haurrek.

Okendotik abiatu ziren txirrindulariak herriko bidegorrietan barrena txangoa egiteko.
Mugikortasun astea garraio publikoa eta garraiobide gisa bizikletaren erabilera bultzatzeko baliatu nahi izan du Lasarte-Oriako udalak beste urte batez. Horrela izanda haurrek ederki pasa zuten arratsaldeko lauretatik aurrera Okendon izan zituzten ekintza eta joko ezberdinei esker.
Bizikletek hartu zuten protagonismoa atzo Okendon. Eguraldi ona lagun haur asko gerturatu zen bizikletarekin. Lehenik eta behin herriko bidegorrietan barrena ibilbide bat egiteko aukera izan zuten. Taldeetan abiatu ziren Okendo plazatik begiraleen laguntzarekin hamabost minutuko txangoa egitera. Ondoren, bizikleta utzi gabe Okendon jarritako zirkuitoan parte hartu ahal izan zuten proba ezberdinak burutzen.
Horretaz gain eta bizikleta momentu batez utzita, arrakasta berezia izan zuten Segway gaineko ibilbideek. Honen gainean eta begirale baten argibideak txintxo jarraituz, Askatasunaren parkean ibilbidea egin ahal izan zuten hamar urtetik gorako haur eta gaztetxoek. Hori bai, ilara itxaron behar izan zuten hauen gainean ibili ahal izateko.
Hasieran ekilibrioa lortzea zaila zela zioten bertan lehen ibilbidea egin zuten haurrek, ondoren gustura gidatzen zela azaltzen zieten euren lagunei. Behin eta berriro ibilbidea errepikatzeko ilara egin zutenak ere izan ziren.

Joko didaktikoak
Segway gainean ibili ziren haurrak Askatasunaren parketik.

Aipatutako jokoak nahikoa ez eta bizikleta gainean egiteko jolasak egiteaz gain, oso joko berezietan aritzeko aukera izan zuten ere ONCEri esker.
Erakunde honek ezintasun desberdinen ikuspegia ezagutzeko jolas didaktikoak ekarri zituen gurera. Horrela begiak estalita, eta itsuen zailtasunak ulertzeko helburuarekin, baloiarekin edota ibilbide bat burutu behar izan zuten lehenengo harrizko zoru baten gainean, plazako zoruaren gainean ondoren eta belar gainean azkenik makilaren laguntza soilarekin.
Heziketan datza udalaren ustetan bizikletaren erabilera handitzea eta horrelako ekintzak dira horretarako tresnak.