
Erketz EDT-ren Dantza Eskolako gaztetxoak eta laguntzaileek herriko gazteak animatzen dituzte dantza egitera.
Iaz dantza eskolan ibilitako lau gaztetxo eta eskola laguntzaileekin bildu gara Erketz EDT-k Zumaburuko ikastetxean duen lokalean haien esperientzia ezagutzeko.
Euskal dantzak
Lokalera sartu eta hasi dira irriak. Dantza eskolako kideak diren Nerea, Leire, Maria eta Xabier, sei eta hamar urte bitarteko gaztetxoak dira nire galderak erantzuten lehenak.
Dantzan zein adinetan hasi ziren galdetzean Nerea, Leire, Maria eta Xabierrek bost urterekin hasi zirela adierazi digute.
Euskal dantzak ikasi nahi zituztela aipatzen dute, baina esate baterako, dantzaren munduan kuriositatez sartu zela aipatu du Mariak.
Honela, makil dantza, fandango, arin-arin eta “dantza asko” ikasten dutela adierazi dute gaztetxoek.
Hauek ikasten eta dantzatzen ongi pasatzen dutela ere azpimarratu nahi izan dute.

Lasarte-Orian Dantzari Txiki eguna ospatzen da beste herrien antzera. Honela, beste herrietako haurrak ezagutu ahal dituzte.
Irteerak
Baina ez da guztia euskal dantzak ikastea bakarrik, dantza eskolako kideek ikasitako dantzak hainbat emanalditan erakusteko aukera izaten dute, “hemen Dantzari-txiki egunean dantzatu genuen” eta Erketz dantza taldeak San Pedroetan eskaini zuen emanaldian ere izan ziren.
Beste herrietara ere egiten dituzte irteerak eta iaz Sestao edo Lesakan egon zirela aipatu dute gaztetxoek. “Era honetara, beste herrietako dantzariak ezagutzen ditugu”.
Azkenik, denek dantzatzea gustuko dutela aipatu eta aurten eskolan jarraitzeko asmoa ere agertu dute.
Dantza eskolatik Erketzera
Txikiekin hitz egin ondoren, Dantza eskolako laguntzaileen txanda da.
Axier, Kristina, Aitziber eta Nahia dira. Hiruk, Axier, Kristina eta Aitziberrek bere lehen urratsak eman zituzten Dantza eskolan eta egun Erketz dantza taldeko kideak dira. “Iaz hasi ginen helduen taldean lanean. Hala ere, dantza eskolan ginenean, askotan laguntza bezala joaten ginen Erketz-en emanaldietara.”
Haientzat dantza denbora pasa da, “astean bi ordu dira ez du asko kentzen.”
Lau gazte hauek Nagore Perez eta Ruben Arranz eskolako arduradunen esanetara daude. “Nagore eta Rubenek eskolako erritmoa ezartzen dute eta guk laguntzaile lana egiten dugu. Esate baterako, haur batek pausuak ikasteko arazoak baditu, guk aparte hartu eta berarekin egiten dugu lan”.
Honela, haurrekin “nahiko ongi moldatzen” direla aipatu dute. “Gu ez gara oso zaharrak eta askotan bromatan ibiltzen gara haiekin,” onartu dute.
Gustura daude lan honetan eta arduradunek aipatu digutenez, hurrengo urtean begirale izateko prestatzen ari dira, “lehenik nola erakutsi ikasi behar dute”.
Izen-ematea
Gauzak honela, euskal dantzak ikasi nahi dituzten gaztetxoek irailaren 24 eta 25ean 18:30etik 20:00etara Zumaburuko eskolako lokalean izena eman ahalko dute Dantza eskolan.
Erketzeko kideek aipatu digutenez, oraindik ez dago entsegu eguna eta ordua zehaztuta, baina “astelehenetik ostegunera izango da”.
Honetaz gain, helduen taldean parte hartu nahi dutenek ostegunetan 20:00etatik 22:00etara dute aukera.
Erketz EDT-ko lagunak taldeak astearteetan 19:00etatik 22:00etara dute entsegua.