Benedika mendia ezagutzeko 26 aukera

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ira. 21a, 12:10
Euskararen Maratoian zehar Benedika mendira egingo dira irteerak. Aurreko edizioan Teresategira egin ziren txangoak eta aurten Ostadarreko mendi taldeak Benedika ezezaguna berreskuratu nahi izan du euskararen jaialdirako. Lehen txandak buzoia jarriko du mendi tontorrean eta gainontzekotan hainbat ezusteko ere izango dira. Benedika Lasarte-Oriako behatoki ezin hobea da. Animatu eta izena eman!
Benedika mendia Azkortetik ikusita. Azpiko irudian Buruntzaren azpian geratzen den tontorra da.
Gezurra dirudien arren, oraindik Lasarte-Orian badira txoko ezezagunak. Ezezagunak baino, herriko paisaiari erreparatuta inork ikusten edo garrantzirik ematen ez dien txoko horietakoak. Inork ezagutzen al du Benedika? Izena berez oraindik arrotzagoa egingo zaie askori baina Benedika Lasarte-Oriako eremuan kokatuta dagoen mendi bakarra da.
Ezezagutza horrekin amaitu nahi da eta mendi hau behar bezala ezagutzera eman nahi da lasarteoriatarren artean Euskararen Maratoian. Hain juxtu arrazoi hau tarteko Ostadarreko mendi taldeak Euskararen Maratoiaren baitan antolatu nahi izan ditu Benedikara igoerak eta behar bezala ezagutzera eman gurean dagoen txoko polit horietako bat.

Lasarteoriatarra

Buruntzaren itzaletan bizi izan da beti Benedika eta garai batean behintzat bazen Buruntzara igotzeko honetatik pasatzen zen ibilbidea. Mendizale askok hau igotzen zuten Buruntzarako euren ibilbidean baina egun guztiz ahaztuta dago. Benedikak badu inguruko mendiek ez duten ezaugarri garrantzitsu bat; Lasarte-Oriako eremuaren baitan kokatuta dagoen mendi bakarra da.
Izan ere, Buruntza bera Urnieta eta Andoainen eremutan kokatzen da eta Teresategiren magala ere Donostiako eremuaren barruan dago.
Benedika mendiak 223m-ko altuera du eta Zapal baserriaren ondoan kokatzen da. Benedika izenari dagokionez, herriko toponimia berreskuratzeko ahaleginean kartografiatan agertzen den jatorrizko izena da. Izen hauek zaindu eta bultzatzea du helburu herriko mendizale taldeak ere. Honen jatorria ordea, askoren jakin mina piztu arren, ezin zehazki jakin.

Ehiztarien mendia

Hala ere, gehienentzat ezezaguna izan arren badira Benedika ondo ezagutzen dutenak eta horiek herriko ehiztariak dira. Bertan kokatzen dira herrian oraindik geratzen diren ehiza postu bakanak. Hala ere ehizarako gunea izateaz gain, herriko behatoki ezin hobea da eta merezi du hau ezagutu eta eskaintzen duen paisaiaz gozatzea.
Bereziki politak izango dira gauez egingo diren txandak. Hauetara noski antolakuntzatik linternak eramatea eskatzen da eta ekintza honetan parte hartuko duten guztiei, mendiko zapata aproposak ekartzea eskatzen zaie. Nahiz eta mendi zaila ez izan, erosotasuna beharrezkoa da halako txangoa behar bezala egin ahal izateko.

Bide erraza

Mendia izaki, honen igoerari erreparatu behar zaio. Benedikara igotzeko bidea erraza da azpimarratu moduan.
Gehiena bide asfaltatuetatik egiten da azken zatia izan ezik eta joan etorria, lasai ibilita, ordu eta erdian egiteko modukoa da.
Paseo polita eta guztiz aproposa mendian ibiltzeko ohiturarik ez dutenentzat zein haurrentzat.
Lehen igoera, 8:30ean izango da larunbatean, urriak 20, eta Ostadarreko kideek egingo dute tontorrean buzoia jartzeko. Ondoren, beste 25 txanda daude aurreikusiak.
Maratoian zehar txangoak Okendotik abiatuko dira eta Kotxeras inguruan Oztaran eskola aldera hartuko da espaloia. Behin hara iritsita, eskolaren atzetik ateratzen den bidexka bat jarraituta Garratzako aldapan gora egin eta azken bidexka batek zuzenean eramango ditu mendizaleak tontorreraino.
Egun Benedikara igotzeko bidea ez dago behar bezala adierazita eta Maratoiko txango hauek ere horretarako baliatuko dira. B baten bidez bidegurutzeetan hartu beharreko bidea markatuko da inor gal ez dadin. Marka hauek ez dira Maratoiaren ostean kenduko, bertan utziko dira herritarrak mendixka hau ezagutzeko aukera ere Euskararen Maratoiaren ondoren izan dezaten.

Izena ematea

Benedika da Maratoiko ekintza nagusietako bat. www.euskararenmaratoia.com helbidean sartu direnek ikusi moduan, Udaletxe berrira egingo diren bisita gidatuekin batera.
Benedikara igotzeko, txandak aukeratu daitezke dagoeneko. Izena emateko, aurreratu genuen moduan aurten hiru modu daude, on-line egin daiteke www.euskararenmaratoia.com helbidean sartuta, Ttakuneko egoitzatik pasata edo 943 376 858 zenbakira deituta. Animatu eta izena eman Lasarte-Oriako talaia hau ezagutzeko!