Aldaz H.K. Taldeak bihar hasiko du denboraldia

Nerea Eizagirre 2012ko irailaren 21a

Nazional mailako Aldaz H.K. taldeak bihar, Tolosan hasiera emango dio 2012-2013 denboraldiari. Laugarren urtea du maila honetan eta iaz seigarren postuan amaitu zuen. Nazional mailan mantentzea du helburu herriko taldeak berriro ere, baina ez da erraza izango.

Aldaz H.K. taldeko jokalariak mailari eusteko gogor arituko dira auten lanean.
Aldaz H.K. taldeak hiru aste daramatza lanean eta asteburu honetan, Nazional mailako taldeen aretoetan baloiak biraka hasiko dira.
Oscar Garcia taldeko entrenatzaileak azaldu digunez, aurredenboraldi “intentsoa” izan du Aldaz H.K. taldeak. “Asteburuetan lagunartekoak jokatu ditugu, gure mailako talde batzuekin, hala nola, Euskalduna. Lehengo asteburuan, esate baterako, Intxaurrondon izan zen torneoan hirugarren geratu ginen. Eta asteazkenean Villabonan beste lagunarteko bat izan genuen.”
Partida hauetan guztien santsazio onak izan dituela aipatu du Oscarrek.
Izan ere, taldean ez da aldaketa handirik izan. Baja batzuk izan eta lau jokalari berri dituela azaldu digu. “Arkaitz Merino, Daniel Bidaurreta eta Gorka Esteban dira horietako hiru. Maila honetako taldeetatik datoz, Inter-Intxaurrondo eta Ceramicas Nogalez-Zarautz. Eta laugarrena, Iñigo Jaka herritarra dugu. Iaz lesio handia izan zuen eta dagoeneko jokatzeko moduan dago. Jokalari hauekin taldea orekatu dugu”.

Mailari eutsi

Hirugarren urtea du Aldaz taldeak maila honetan. Nahiz eta aurreko urteetan zortzigarren izan eta iaz seigarren postuan amaitu, argi dute helburua mailari eustea dela.
Taldearen eta jokalarien konpromezua handia dela aipatu digu, baina helburua lortzea zaila izango dela argi du Aldazeko entrenatzaileak.
“Taldeen artean bi maila daudela esan daiteke. A mailara igotzeko aukera zuten lehen hiru taldeek, Ibarra, Sestao eta Aurrera de Vitoria, eta Bilbo daude batetik eta beste zazpi edo zortzi talde gaude beste multzo batean,” azaldu digu.

Lehen urratsa Tolosan

Bihar Tolosalaren aurka denboraldiko lehen partida jokatuko dute Oscar Garciaren mutilek.
Partida serioa eta zaila izango dela aipatu digu entrenatzaileak. “Aurten igo den taldea da. Eta jokatzen ikustean sentsazio onak eman dizkidate. Ongi jokatzen dute eta oso azkarrak dira”
Tolosaren lehen partida izatea eta etxean jokatzeak arerioaren aldeko puntuak direla adierazi digu Aldazeko arduradunak, “guztia eman eta gure esperientzia atera behar dugu partida irabazteko.”