Hasi da Erdi Aroko azoka Okendon

Txintxarri Aldizkaria 2012ko irailaren 21a

Musika, antzerkia eta produktu ezberdinetako postuak dira gaurtik igandera bitartean Okendo plazak hartu duen Erdi Aroko azokan. Dagoeneko gure kaleetan barrena ikusi ahal izan ditugu musikoak eta bufoiak euren musika eta jokoekin.

Musikariek eta Lasarte-Oriako gorteko bufoiek erdiguneko kaleetatik barrena kalejira bat egin dute herritarrek azokaren irekieraren berri izan dezaten. Musika honek Okendo girotu du eta jende asko ikusten da dagoeneko jarrita dauden artisauen postuen inguruan. Erdi Aroko azoka asteburu osoan zehar izango dugu Okendon.

Egun hauetan artisauen produktuak erakusgai izango dira Okendon eta hauetako batzuk lanean ikusteko aukera ere izango da. Senda belarrak, jakiak, bitxiak... denetarik dago azokan. Salgai izango diren produktu aukera zabalaz gain, musika eta hainbat antzerki emanaldiz gozatzeko aukera izango dute azokara gerturatzen diren herritarrek. Haurrentzako jolasak ere badaude. Hauetan Erdi Aroko hainbat pertsonaia izango dira protagonistak.
Asteburuan zehar haur txoko eta haurtzaindegi zerbitzua izango da ere, goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 21:00etara.