Lasarte-Oriak ere, euskaraz bizi nahi du

Txintxarri Aldizkaria 2012ko irailaren 22a

Lasarte-Oriak euskaraz bizi nahi duela esan zuen ozen larunbata arratsaldean. Euskotreneko geltokitik abiatuta, jai-giroan bi kilometro eta erdiko martxa jendetsu, koloretsu eta alaia egin zuten ehunka lagunek herriko kaleetan barrena. Kontseilua, AEK, Udala, Ttakun, Ostadar eta herriko ikastetxeen artean antolatutako martxaren bitartez euskararen erabilera bultzatu eta indartu beharra dagoela aldarrikatu zuten lasarteoriatarrek.

Bestalde, martxa bukatzean bost gailu zozketatu zituzten goizean Okendo plazan kamiseta erosi zutenen artean: DVD irakurgailua, etxea garbitzeko xurgagailua, motxila, kafe-makina eta jaberik agertu ez zaion sukaldeko errobota. Antolatzaileek arren eskatu diote 31 zenbakia duen boletoaren jabeari AEK Muntteri euskaltegitik pasatzeko saria eman diezaioten. Lasarte-Orian ere, euskaraz bizi nahi dugu.