Herritarrak irailaren 26ko greba orokorrean parte hartzera deitu dituzte, Buruntzaldeko ELA eta LAB sindikatuek ostiralean Hernanin egindako agerraldian.
Honetan sindikatuetako ordezkariek asteazkenerako deitutako 24 orduko lan uzteak, jarraipen zabala izango duela adierazi zuten: “Aurreikusia dugu greba egunean jende asko aterako dela kalera. Eskualdea eta Euskal Herria nahiko geldituta egongo da”. Hainbat enpresetan dagoeneko batzarrak burutu dituztela aipatu zuten eta batean baino gehiagotan, langileen gehiengoak greba egunarekin bat egin du.
Sindikatuek greba egunean hainbat mobilizazio deitu dituzte. Lehena, herrialde mailako manifestazioa Donostian egingo dena. Eskualdeko herritarrak, goizeko 11:30etarako Anoetara agertzera deitzen dituzte. Arratsaldean berriz, eskualde mailako manifestazioak burutuko dira Andoainen, Hernanin, eta Lasarte-Orian, 18:00etatik aurrera.
Eskubide laboral eta sozialen alde deitu dute irailaren 26ko greba orokorra. “Rajoyren gobernuak inposatu nahi dituen murrizketa eta neurri basatien artean gure eskubide sozial eta laboralen lapurreta berri bat da: prestazioak murrizten dira eta langabeziako laguntzak kendu nahi dituzte, BEZa igotzen dute, sektore publikoa pribatizatu, osasungintzan berrordainketa ezarri, enplegua suntsitu, menpekotasuna duten pertsonak bertan behera utzi...” diote sindikatuek euren aldarrikapenean. Honen aurrean grebarekin bat egin eta manifestaldietan parte hartzeko deia egiten dute.
Herriko ezker abertzalea
Bestalde Lasarte-Oriako ezker abertzaleak “Euskal gehiengo sindikalak hainbat eragile sozialekin batera asteazkenerako deitutako grebaren harira, gizartearen eta herriaren gaur egungo egoera aztertzeko” hainbat ekintza antolatu ditu. Ostiralean, Okendo plazan mosaiko erraldoia egin zuten.
Gaur eta bihar mahai inguruak antolatu dituzte Okendon bertan. Hezkuntza murrizketak eta herriko egoera sozioekonomikoari buruz hitz egingo da gaur. Bihar berriz, asteartea, inguruko enpresen egoeraren inguruan mintzatuko dira eta bakoitzak bere esperientzia kontatzeko aukera izango du honetan. Gainera, bideo emanaldia izango da plazan bertan, Naomi Klein-en "La Toma" filma eskainiko da.
Greba eguna
Asteazkenean, greba egunean, goizeko 8:00etan kotxe karabana antolatu da. Jarraian, 10:00etan, “Banketxeak errudun” lelopean elkarretaratzea egingo da Okendo plazan eta 12:00etan berriz, Donostiako manifestazioan parte hartzeko deia egiten da.
Arratsaldean, 18:00etan Lasarte-Oriako kaleetan barrena egingo da manifestazioa eta honetan parte hartzeko deialdia luzatzen dute ezker abertzaletik.
Gazteak akanpatuta
Lasarte-Oriako gazte talde bat kanpaldia egiten ari da Askatasuna Plazan. Ostiralean hasi eta greba egunera arte luzatuko den ekintza honekin gazteek bizi duten prekarietate egoerak salatu eta grebarekin bat egiten dutela erakutsarazi nahi izan dute.
Gainera, asanblada irekiak antolatu dituzte asteazkenera bitartean egunero 20:00etan, euren kezka eta egonezinak azaltzeko. Ostiralean bertan, Jon Martin herriko LABeko ordezkariak “prekarietateak itotzen gaitu” hitzaldia eskaini zuen Elizatze plazan, 45 entzuleren aurrean.
Gaur, Josebe Iturrioz ekintzaile feminista eta Irungo berdintasun teknikaria denak hitzaldia emango du Askatasuna plazako gunean 21:00ak aldera afari-tertulia batean.

