Bertsoak Arrieskalletan musikaz edertuta

jon-altuna-iza 2012ko irailaren 24a

“Hitzarekin jolasean musikaren koloretan", bapateko bertsoak zuzeneko musikarekin lagunduta. Saio erakargarria antolatu du aurten ere Arrieskalleta elkarteak urriaren 5eko afalosterako. Jon Maia eta Uxue Alberdi bertsolariak arituko dira bertso afarian, Eñaut Elorrieta Ken Zazpiko abeslariaren laguntzarekin. Afarira joateko ez da elkarteko bazkide izan beharrik, sarrerak Jalgin daude salgai 25 eurotan.

Arrieskalleta elkartea 2007an sortu eta hurrengo udaberritik, bertso afaria antolatu dute urtero. Bost lagun aritzen dira horretan, elkarteko Iñaki Arruti, Iñaki Izquierdo eta Imanol Rekondo eta “Earra!” Lasarte-Oriako Bertso Eskolako JoxeKruz Labaka eta Unai Muñoa, ahal bada zerbait berezi eta erakargarria sortu nahirik.

Antolatzaileetako laurekin elkartu gara, aurreko bost urtetako bertso afarien balantzea egin eta aurtengoaz aritzeko. “Elkartearen helburuetan dago euskara eta euskal kultura bultzatzea, eta hemen antzerki emanaldiak egitea zailagoa denez, eta segur aski gure zaletasunak bultzatuta, mahaiaren inguruko formatu horretan, bertso afaria antolatzen dugu” azaldu digu Iñaki Arrutik.
Zerbait berezia antolatzen saiatzen dira, eta bertso afaria urtean zehar Bertso Eskolak antolatzen dituen beste saioen artean txertatzen. Normalean Udaberriko bertso saioaren aurretik egiten dute.

Bost urte, bost saio
Lehenengoan, 2008an, librean kantatu zuten Jesusmari Irazu eta Beñat Gaztelumendik, hain juxtu, orduan bere lehenengo Gipuzkoako txapelketan txapeldun orde izan zen 20 urteko añorgatarrak.
2009an Lasarte-Oriako bertsolariak Andoni Egaña orduko tetratxapeldunaren aurka jarri zituzten norgehiagoka: “Ezetz bosgarren txapela” bota zioten erronka Egañari, Euskal Herriko txapelketaren atarian.

2010ean esperimentu txiki bat egin zuten Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio bertsolariak eta Eñaut Elorrieta Ken Zazpiko abeslaria saio batean elkartuz, 2011n Andoni Egaña eta Xabier Amuritza txapeldun beteranoak aritu ziren eta aurten berriro 2010eko formula errepikatuko dute, bi bertsolari eta Eñaut Elorrieta abeslaria.

Orduan saioa ondo atera zen eta “segurutik” joko dute antolatzaileek. “Jendea sartu ezinik geratu zen orduan, izen handiak dira eta toki txikia” esan digu Arrutik.

Esperientzia
Antolatzaileek badute esperientzia, Imanol Rekondok azaldu digunez, aurretik San Pedroetako saioa eta Goiegiko afaria antolatzen zituzten, eta Ttakunek ardura hori hartu zuenean, Arrieskalleta elkarte sortu berrian antolatzen hasi ziren. Beraz, ideia elkartearena zen eta Bertso Eskolako kideen laguntza izan dute.
Unai Muñoa bertsolariaren ustez, Bertso Eskolak pozik hartu zuen proposamena, “hain juxtu horretan geneukan eta hutsunerik handienetarikoa, Goiegiko bertso afariak antolatzen zirenetik. Saio pila bat eta mila esperimentu egin ditugu, herriko txapelketak, saioak tabernetan, GRak... baina hain juxtu hau, bertso afaria, galduta geneukan eta pentsa bertsolaritzan zein garrantzitsua den”.

Afariak bi parte ditu gastronomikoa eta ludikoa, bertsolari onak ekartzen eta saio berezia antolatzen saiatzen dira, baina baita afari goxo bat prestatzen ere. “Ahal duguna egiten dugu” dio Imanol Rekondo sukaldari aritzen denak. Dena den, menua erakargarria da zalantzarik gabe: txerrikia, entsalada epela, saiheski konfitatua, txirikorda izozkiarekin, kafea eta pattarra. Txartelak Jalgin erosi daitezke 25 euroan.

Luxua
60 leku daude eta normalean gai jartzaile aritzen den Unai Muñoak argi dauka, “aurten bizkor ez dabilena bertso saioko sarrerarik gabe geratuko da ziur”. Orain bi urte ere berdina gertatu zen, Eñaut Elorrieta ez da eta normalean horrelako saioetan ikusterik izaten.
Antolatzaileen ustez mauka da, 60 pertsonarentzat soilik egindako saio-kantaldi bitxia Arrieskalletako sukaldariek prestatutako afari bereziarekin batera 25 eurotan gozatzeko aukera. “Saio erabat esklusiboa da, hemen ikusiko dena ez da beste inon ikusterik izango” esan digu Unai Muñoak eta Iñaki Arrutik ere bat egiten du iritzi horrekin. Bere ustez, zirkuitutik kanpo dagoen eskaintza bat da.

Hitza eta musika
Unai Muñoa berak azaldu digu, azkenaldian sarri egin direla bapateko bertso saioak zuzeneko musikaz lagunduta eta Lasarte-Orian Eñaut Elorrieta bezalako musikari batekin egitea “luxu” bat dela. “Aldi berean, oso gertuko hiru pertsona dira, elkar oso ondo konektatzen dute, taldea erraz egin eta, nahi gabe, girotxo bat sortuko dute beraien artean. Eta Eñaut Elorrieta artista da. Duela bi urte bizpahiru kanta eskaini zituen saioan zehar, eta bertsoaldi batzuek musikaz lagundu. Orduan, gero Ken Zazpiren azken diskoari esker ezaguna egin den “Hemen gaude” abestia, lehen aldiz kantatu zuen Arrieskalletan”.

Aipagarria da, bestalde, Ken Zazpi taldeak berak lehen kontzertua Jalgin eman zuela 2000.ean eta Eñautek Irakutrezinen kontatu zuenez, “eskenatokian jende gehiago ginen ikusten ari zirenak baino”.

Jon Maia
Duela bi urte kantatu zuen Maialen Lujanbio txapeldunaren ordez Jon Maiak kantatuko du. Antolatzaileek ekarri nahi izan dute zumaiarra. “Jon Maia zen gure lehen hautagaia; udaberrian Maiak ezin zuen guk proposatutako datetan eta beste bertsolari batzuen bila ibili ginen, baina azkenean udazkenean Jon-ek libre zeukan egun batean jarri dugu afaria. Bera zen lehen helburua”.

Aurten saioa atzeratu bada ere, hurrengo urtetan negu amaieran edo udaberri hasieran egiteko asmoa dute antolatzaileek. Lasarte-Orian badira saio finko batzuek, Udaberriko saio esperimentala eta Sanpedrotakoa aipagarrienak eta Arrieskalletako saioak ere bere tokia topatu nahi du garai horretan, “bertso afariak negu partean edo udaberri hasieran gusturago hartzen direlako”.

Lasarte-Oriako bertsozaletasunaren unea goraipatu du Iñaki Arrutik, bere ahuldadean “ez gaudelako Asteasun edo Hernanin”, egiten diren ahaleginen osagarritasuna nabarmenduz: “Muñoa umeekin ari da, gaztetxoei bertso eskola batzuek ematen hasita gaude, betiko bertso eskolak 20 urtetik gora ditu, zenbait bertso saio antolatzen dira, GRak, udaberrikoa, sanpedrotakoa, Arrieskaletakoa... hainbat elkarteren artean lan egiten da eta ez da marabila bat, baina herri guztietan ez dago hau”.