Entrenatzaile izan baino lehen futbolean jokatzen aritu al zinen?
Bai, urte askoan aritu izan naiz Landaberrin zortzi urterekin hasi nintzenetik. Federatu moduan guztira zortzi urte Ostadarren, Texasen bi eta Lasarte-Orian bat egin ditut.
Nolatan hasi zinen entrenatzaile lanetan?
Egia esan, ez dakit nola sortu zitzaidan Sasoetako eskolarteko benjaminak entrenatzeko lehen aukera hura, baina esperientzia berri bezala hartu nuen. Artean 15 urte nituen eta gustatu egin zitzaidan. Ordutik, gaurdaino.
Jarraitzeko asmorik bai?
Hurrengo denboraldirako Añorgako Ohorezko kadeteen taldea hartu dut.
Nola dago antolatuta nesken futbol liga?
Espainian lau mailatan banatuta dago nesken futbola: Superliga, Nazionala, Euskal Liga eta Territoriala, mailakaketa horretan. Añorgak bi talde dauzka, bat Nazionalean eta bestea Territorialean. Nazionalen taldea entrenatzen aritu naiz, nesken futboleko bigarren mailan esango genuke.
Liga txukuna egin al duzue?
Hamalau taldez osatutako liga da geurea, liga erregular normal bat. Azken hirurak zuzenean jaisten dira eta lehenengoak soilik lortzen du igoera-playofferako eskubidea. Gu bosgarren gelditu gara. Espainia iparraldean jokatzen genuen bereziki.
Lesioekin arazo ugari izan dituzue...
Egia esan, denboraldia ez genuen oso ondo hasi, jaitsierako postuetatik gertu ibili baikinen hasieran, pentsa, hamar-hamabi lesionatu edukitzera iritsi gara eta horrek asko mugatu gintuen. Baina jokalariak osatzean, azken bederatzi partiduetatik zazpi garaipen eta berdinketa bat erdietsi genituen.
Añorgan nesken futbolak beti izan du indarra, Superliga eta Erreginaren kopa irabaziak dauzka.
Baina denboraldi amaieran jokatzen den Euskal Kopa irabazi zenuten azkenean. Finalera iristeko bidea nolakoa izan zen?
Euskal Koparako ilusioa geneukan, finalera iritsi gintezkeela ikusi genuen berehala, eta hala izan zen, partidu guztiak irabazi genituen eta.
Hasieran, Arrasate eta Bilboko San Ignaciorekin batera ligaxka bat jokatu genuen, denak denen aurka, eta taldetxo horretatik bakarra pasatzen zen finalaurrekoetara. Finalaurrekoetan, joan-etorriko kanporaketa sistema bidez, finalerako txartela eskuratu genuen Barakaldoren aurka.
Eta kopa Añorgara ekartzea lortu zenuten finalean Athletic-i 1-2 irabazita, hori lorpena!
Bai, oso polita izan zen, denera hiru autobus betetzea lortu genuen Añorga, Lasarte-Oria eta inguruko lekuetatik. Gogoan dut jende gehiago geundela hemengoak hangoak baino.
Ligan eurei irabaztea lortu ostean, bagenekien oso zaila zela berriz Kopan Athletic garaitzea. Lehen zatian 1-0 hasi ginen galtzen, errepaso galanta eman ziguten. 44. minutuan gol psikologikoa sartu genien. Aldageletan lerroak aurreratzea erabaki genuen, eta hamabost bat minutuan aukerak sortu genituen arren, arriskatuegia zela ikusi genuen. Azkenean, zorte apur batekin 91. minutuan Miriam Infante herritarrak sartu zuen garaipenaren gola.
Bost lasarteoriatarar zaudete taldean, ezta?
Bai Iñaki Bobillo laguntzailea (aurten utzi egin du), Laura Gonzalez atezaina, Iraia Iparragirre eta Miriam Infante.
Giro ona izan duzue taldean?
Bai, bikaina. Egia esan, jokalariek erlazio gehiago egiten dute bigarren entrenatzailearekin, eta nik urte askoan postu hori izan dudanez, oso giro ona sortu zen gure artean.
Baina entrenatzaile kargua hartzean, mugak jarri nituen. Ez baitzaude eskolarteko kirolean jolasten eta jende leihakorra edukita, aprobetxatu egin nahi nuen taldea.
Presiorik sumatu al duzue?
Ez, kontrakoa. Añorgan nesken futbolak beti izan du indarra, Superliga eta Erreginaren kopa irabaziak dauzka. Ekipo horrek utzitako herentzia izan da hau.
Presioa zuk jartzen diozu zure buruari. Konfidantza hartzean asko disfrutatu dugu bai entrenatzaileok bai jokalariek.
Denboraldi amaieran esan nien Kopa irabaz genezakeela, eta hala izan zen, poza eta harridura, horixe sentitu genuen.
Nola uler daiteke orduan zure postu aldaketa?
Urtarrilean erabaki nuen utzi egingo nuela. Ez niregatik bakarrik, taldeak aldaketa bat behar zuela ikusten nuelako. Denbora askoan pertsona bat jokalari aurpegi berdinekin lan egitea gogorra egiten da, aire berria behar nuen.
Gainera, nazionala izatean, Zaragoza, Logroño, Gasteiz... urruneko lekuetan aritu gara jokatzen eta gainera, bakoitzak bere historiak dauzka, korrikako entrenamenduak, entrenatzaile titulua atera nahia... neketsua da eta gustatzen zaizulako zaude hor, baina nekagarria ere bada.
Realak min egiten al die Añorga bezalako talde xumeei?
Akordio batzuetara iritsi ziren bere garaian eta konbenio antzeko bat daukagu. Goi-mailan Gipuzkoako talde handi batek Superligan goi-mailan egon behar zuela adostu zen.
Reala behe-behetik hasi eta goraino iritsi zen. Añorgatik hartutako hamalau jokalari lehen plantilan izatera iritsi da eta egungo entrenatzailea ere Añorgan ibilitakoa da. Nolabait filiala gara.
Ilusio eraberrituak dituzu Añorgako kadeteak entrenatzeko?
Proiektu berri bat da, ezezaguna. Talde lehiakor bat eskatu nuen eta Ohorezko kadeteak entrenatzeko aukera eskaini zidaten. Ez dut helburu argirik, baina printzipioz, beheko mamua lehenbailehen uxatu eta gero etortzen dena ongi etorria izango da.
Nola ikusten duzu zuren etorkizuna futbolean?
Asko gustatzen zait mundu hau eta momentuz asko gozatzen dut. Gerta daiteke ordea egunen batean uztea, urtez urte joateko asmoa dut. Jubenilak entrenatzea falta zait, gainontzeko kategoria guztiak entrenatu baititut jada. Entrenatzaile titulu Nazionala ateratzen badut baliteke erregionaletako talde bat entrenatzeko grina izatea.
Lehen mailan entrenatzeko aukerarik bai?
II. mailako entrenatzaile titulua daukat eta preferenteen mailara arte entrenatu dezaket.
Hurrengo urtean, I. mailako titulua ateratzeko asmoa dut eta horrekin, lehen mailan ere entrenatu dezakezu, halere, gertuagoko helburuak dauzkat.
