Beñat Telleria bikain Kintopekoen Euskadiko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2012ko irailaren 24a

Kintopekoen Euskadiko Harri-jasotze Txapelketa jokatu zen Zestoako plazan, irailaren 2an eta Beñat Telleria harri-jasotzaile gazteak bigarren postua eskuratu zuen.
Txapelketan 21 urte azpiko lau harri-jasotzaile aritu ziren lehian, Jagoba Otaegi 19 urteko aizarnarra, Joseba Esnaola 18 urteko berrobiarra, Beñat Telleria 16 urteko urnietarra eta Mikel Lopetegi 15 urteko zarauztarra. Jagoba Otaegi izan zen irabazlea.

Berdinketa
100 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko zilindro zaharrarekin egin zuten lana, harri bakoitzarekin hiruna minutuko saio bakarra egin behar zuten.
Otaegik eta Telleriak lan ederra egin zuten. Otaegik 100 kiloko zilindro zaharra 30 alditan jaso zuen eta 100 kiloko kubikoa 19 aldiz; Beñatek aldiz 31 jasoaldi egin zituen 100 kiloko zilindro zaharra eta 18 jasoaldi 100 kiloko kubikoarekin.
Beraz, jasoaldi kopuru berdina egin zuten, berrogehita bederatzina.
Baina lehiaketa hasi aurretik Otaegik 9 kilo gutxiago pisatu zituenez, txapela eraman zuen Aizanara.

100 kubikoarekin aukera
Telleriak txapela janzteko aukera izan zuen 100 kiloko kuboarekin lanean ari zela.
Baina hemeretzigarren jasoaldian, harria bizkarrera jaso eta atzera erori zitzaion. Huts honek txapela balio izan zion.
Bestalde, Telleria anaiak Donostiako Aste Nagusian, Igeldoko Harria txapelketan izan ziren. Urtzi laugarren izan zen; Beñatek, aldiz, zortzigarren postuan amaitu zuen lehia.