Michelingo belarraren aldaketa-lanek bi hilabete iraungo dute

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ira. 24a, 20:15
Tasio Arrizabalaga, kirol saileko buruak Michelingo kirol-guneko belarraren aldaketa-lanen berri eman du gaur eskaini duen prentsaurrekoan.
Tasio Arrizabalaga zinegotziak Michelingo kirol guneko belarraren aldaketa-lanen nondik norakoak azaldu ditu.
Ostegunean Michelingo kirol-guneko belarraren aldaketa-lanak hasi ziren. Gaur eguerdian, Tasio Arrizabalagak kirol departamenduko buruak lanaren nondik norakoak azaldu ditu prentsaurreko batean.
Arrizabalagak jakin arazi duenez, Italgreen enpresak egingo ditu lanak eta bi hilabeteko iraupena izango dute. “Bi hilabeteko epea du enpresak lan horiek burutzeko. Hala ere, espero dugu belar-aldaketak bere horretan denbora gutxiago irautea, eta horrela, kirol-taldeek jada bertara entrenatzera sartzeko aukera izatea,” adierazi du.
Prentsaurrekoan lanen atzerapena tramite administratiboengatik izan dela azaldu du, “Udalak lanak udan egitea aurreikusi zuen hasiera batean. Proiektua maiatzaren hasierarako prest zegoen, baina tramite administratiboek atzeratu egin dute lanen gauzatzea”.


Futbola eta errugbia

Ostadar eta Texas kirol elkarteekin batera lan egin da. Lan honen ondorioz, futbolean eta errugbian jokatu ahal izateko zelaia izango da Michelingo kirol gunekoa. Horretarako, belar berezia jarriko dela azpimarratu du kirol arduradunak, “65 mm luze, normalean baino luzexeagoa, horrela bi kirolentzat erabilgarria izan dadin”. Eta bi kiroletarako markajea egingo dela aipatu du: zuriz futboleko ohiko marrak egingo dira; horiz “futbol 7koak”; eta urdinez, berriz, errugbira jokatzekoak.

Entrenamenduak

Orain arazo handiena eta lehentasuna kirol-taldeek entrenatzen jarraitzea eta obra horiek egin beharrak haien jarduna ez oztopatzea dela adierazi du Arrizabalak. Honela herriko kirol taldeek entrenatzeko Errealaren Zubietako instalazioak eta Usurbilgo Harane futbol-zelaia erabiliko dituztela jakitera eman du.
Era berean, obrak dirauen bitartean, batetik bestera lekualdatzeko Udalak elkarteei autobus-zerbitzu bat kontratatzeko erraztasunak emango diela aipatu du. Autobus hori Michelin kirol guneko geltokitik aterako da arratsaldero erabiltzaileak bai Zubietara bai Usurbilera lekualdatzen.