Mahai ingurua Okendon asteazkeneko greba deialdiaren atarian

jon-altuna-iza 2012ko irailaren 25a

Hogei lagun inguru elkartu dira Udaletxe berriko arkupetan arratsaldeko seietan inguruko enpresen egoerari buruz egiten ari diren mahai inguruan. Hasteko egoeraren azterketa egin dute eta ondoren eman daitezkeen pausuez aritu dira.

Zenbait herritar elkartu dira Udaletxe berriko arkupetan krisi egoera eta irtenbideetaz mintzatzeko.
Inguruko enpresen egoerari buruz eta krisiaren aurrean egon daitezkeen konponbideez mintzatzeko Okendo plazan bildu diren herritarren artean dira, besteak beste Pablo Barrio alkatea, Taxio Arrizabalaga eta Gorka Lizarraga zinegotziak eta Jon Martin LABeko ordezkaria. Honek inguruko enpresen egoeraren diagnosia egin du, sektore ezberdinen lan baldintza kaskarrak edo etorkizun iluna aipatuz, gero kasu konkreturen bat edo beste azaldu dute eta oro har, enpresen erasoen aurrean erantzun bateratua eman beharra nabarmendu dute Udaletxe berriko arkupetan egiten ari diren mahai inguruan parte hartu dutenek.
Besteak beste inguruko enpresa asko ixten eta langileak kaleratzen ari direla aipatu dute, (enpresa handiak gero eta gutxiago dira Lasarte-Orian, lau enpresatik hiru txikiak). eta langileak kaleratzea gero eta errazagoa eta merkeagoa dela salatu. Lehen kaleratzea arrazoitu beharra zuten enpresariek eta kaleratuari lan egindako urte bakoitzeko 45 egun ordaindu behar zizkioten, beraz bi aldiz pentsatzen zituzten kaleratzeak, baina azken erreformen ondoren, kaleratzeko “aitzakiak” ugaritu egin dira, nahikoa dute irabaziak urritzea eta lan egindako urte bakoitzeko 20 egun ordaintzen dizkiote kaleratuari, horietatik 8 estatuak. Beraz, asko erraztu da langilea kaleratzea eta hori nabaritu da inguruko enpresetan.
Erasoei erantzutearekin batera, eztabaidan konponbidea edo egoera hobetzea burujabetzaren bidetik etor daitekeela eta horrek ekarriko lituzkeen abantailak azpimarratu dituzte ezker abertzaleak antolatutako mahai inguruan.