Greba Orokorra nabari herrian

Txintxarri Aldizkaria 2012ko irailaren 26a

Aurtengo bigarren greba orokorrerako deialdia da gaurkoa. Eskolak ia hutsak eta denda asko itxita egon arren, Michelinen ez da produkzioa gelditu. Herrian manifestazioa Okendotik abiatuko da 18:00etan. Hala ere ELA eta LAB sindikatuek Donostian 12:00etan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.

Goizean goizetik izan dira pikete informatiboak herriko kaleetan. Michelingo atarira gerturatu gara lehenengo eta bertan aurreko grebarekin alderatuz, bestelako irudi bat aurkitu dugu. Gaurkoan gutxi izan dira bertan bildutako langileak eta lantegiko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek azaldu moduan, "langileen aldetik jarraipena kaxkarra da". Aurreko deialdian, martxoaren 29koan produkzioa gelditu zela gogoratu dute baina ez da jarraipen bera lortu gaurko deialdiarekin. Herriko kaleetan jende gehiago ikusten da eta banketxeaz gain denda batzuk zabalik daude.

Eskolak hutsak
Hala ere, herriko eskoletan jarraipena ia osoa izan da. Sasoeta-Zumaburun zerbitzu minimoak daude baina ikasleen aldetik gutxi izan dira gaur eskolara gerturatu direnak. Landaberrin berriz, DBHn ikaslerik ez da azaldu eta irakasleen aldetik zerbitzu minimoak daude. Garaikoetxean egoera oso antzekoa da irakasleak bai, lau bat, baina ikasgelak hutsik.

Elkartaratzeak
Goizeko 10:00etan herriko ezker abertzaleak deituta "banketxeak errudun" lelopean elkartaratzea egin da Okendon. Horretaz gain, Okendon ere bildu dira Lasarte-Oriako langabeen plataforma sortzea helburu duten herritarrak. Gaurko jarri zuten hitzordua plataformaren helburuak finkatu eta ekintzak gauzatzeko. Pankarta prestatu eta Lanbideko bulegoraino joan dira bertan protesta egitera. Honetan 80 bat lagun bildu dira.

Arratsaldean 18:00etan Okendo plazatik abiatuko da manifestazioa.