Ane Labaka, bertso idazle bikaina

jon-altuna-iza 2012ko ira. 27a, 12:19
Ane Labaka bertsolariak irabazi zituen iraila hasieran Basarri eta Lazkao Txiki bertso paper sariketak. Aspaldi idatzi gabea zela aitortu digu eta oso pozik dela bi sarietan aurkeztu eta bietan lehen saria jasota. Zarauzko Basarri sariko “Zu” amodiozko bertso sorta bat da, eta Ordiziako Lazkaotxiki sariko “Zor diegu memoria” azokara jaisten ziren baserritar langile finei eskainitako bertso sorta. Hor doaz Ane Labakaren hitzak eta bertsoak
Pozik dago Ane Labaka Lasarte-Oriako bertsolari gaztea duela aste batzuek Lazkao Txiki eta Basarri sariak irabazita... "Bai, oso pozik. Aspaldian bertso paperik idatzi gabe nenbilen, denbora edo motibazio faltagatik. Eta denbora bat pasa eta gero idatzi eta aurkeztu naizen bi lehiaketak irabazi ditut" esan digu Gasteiztik Labakak.
Ane Labaka bertsolaria Gasteizen ari da ikasten.

Oraingoz lortu dituzunen artean garrantzitsuena al da Basarri?
Hala diote. Nik ez diot bati besteari baino garrantzi gehiago ematen. Pozgarria da edozein herritako sariketak irabaztea. Egia da, ordea, Basarri sariak baduela ospe berezia, txapeldunaren sariari begiratu besterik ez dago! jeje

Basarriko epaimahaiak parte hartzaileen kopurua eta lanek oro har gora egin dutela nabarmendu du...
Hala esan dute. Nik aspaldian entzuna nuen gero eta gutxiago idazten zela. Hala ere, litekeena da lehenago aipatutako sari horrek inoiz baino jende gehiago mugitzea.

Maitasuna da "Zu" sortaren ardatza?
Bai, gai originalen bila ibili naiz aspaldian eta ez zitzaidanez batere okurritzen, ohiko gai bat modu “originalean” lantzea pentsatu nuen.

Eta emakume langileei keinu bat Lazkao Txikin saritutako “Zor diegu memoria”...
Bai. Gai honek benetan motibatu nau. Interneten saltseatzen nenbilela jakin nuen Ordiziako emakume talde batek azokan lan egiten zuten emakumeak omendu zituela eta horri bueltaka idatzitako bertsoak dira.

Gustuko lana duzu bertsoak idaztea, ezta?
Bai. Denbora da falta izaten zaidana baina gustuko gai batekin bada, gustura aritzen naiz.

Aurtengo ikasturtean zein asmo bertsoei dagokienez?
Gasteizen asteazkenero elkartzen gara bertsotan gabiltzan eta han bizi garen ikasleak. Giro ona daukagu eta horri eutsi nahi genioke. Plazaz plaza aritzeko gogoa ere badaukat.

Txikiei herrian bertso eskolak ematen jarraituko al duzu?
Bai. Printzipioz lehengo urteko ikasle berdinekin. Hasteko gogoz nago.

Ondoren ageri dira bertsoak banaka banaka


ZU Basarri sariketan lehen saria
Ane Labaka
Doinua: Xabier Silveira-ren ETA-ren su etenetik

1. Sabelean sentitzen dut
ejerzito bat inurri
hain nabil gogoz oparo
ta irudimenez urri,
baina ezin uko egin
hainbat aitorpen xamurri;
zarela nire bertsoen
errima, doinu ta neurri,
nire musa, nire jainko,
inspirazio iturri...
inoiz idatzi ez dena
idatziko dut bihurri
eta zuk lerro arteko
hutsuneak irakurri.

2. Nonbait ahalmen berezia
duzu esku ahurrean
kilimaz betetzen baitzait
gorputza zure aurrean
bi hego txiki atera
zaizkit bizkarrezurrean
hegan egin baitezaket
zure ondoan, hurrean,
"geroarte" bat gordetzen
duzulako "agur"ean,
haize bilakatu nahi dut,
orbela nahastu lurrean.
poesia idazteko
zure ile kizkurrean.

3. Zurearekin osatzen
dut nire alter egoa
zurekin nagoenetik
ez naizelako lehengoa,
jada ez baita beldurra
nire gauen borreroa,
ez bainaiz autoestima
krisi baten bezeroa.
Berdin zait jendearentzat
banaiz pertsona eroa,
pasionala, kursia,
ameslaria, beroa...
zure eskuko marretan
irakurtzen dut geroa.

4. Naranja erdiarena
da metafora zozoa
hor doa zu azaltzeko
saiakera inozoa;
eguzkitan gizakia,
ilargipean otsoa,
azukre gabeko tea,
amonaren bizkotxoa,
Oportoko ardo ona,
txoznako kalimotxoa
limoiaren zatitxo bat
edo marrubi osoa...
behar denean garratza
behar denean gozoa.

5. Izan nahi dut ilunpean
zure argi seinalea,
paradisura daraman
hiri bateko kalea,
hare erlojutik jausten
den azken hondar alea,
zuregana energia
daraman eroalea,
maitasun dosiak behar
dituen drogazalea,
aldi berean izanez
emailea, eskalea,
zure lagunik onena
eta zure maitalea.

6. Ez dut nahi goizez ohera
ekartzea gosaria,
ez larrosaz betetzea
nire etxe ataria,
urteurren bakoitzean
jasotzea oparia,
soka lodi bihurtzea
lotzen gaituen haria...
begiak itxiko ditut
egin dezazun magia
eman zaidazu muxu bat,
sentitua, jostaria,
ta esan ez dela ematen
didazun azken aldia.

7. Goxotasuna nahi nuke
hitz poetikotan neurtu
zure gogortasun oro
laztan batekin xamurtu
kopeta zimurtu gabe
gero ezpainak zimurtu
irriparre forma hartuz,
zure aurrean makurtu,
zure agintari edo
zure menpeko bihurtu,
arakatu, deskubritu,
gozatu, maitatu, gurtu...
eta une batez zure
begiradarekin urtu.

8. Zer gerta liteke gure
poztasunera ohitzean?
eguneroko magia
errutinak pozoitzean?
hasierako ilusio
ta ametsak herdoiltzean...?
konfiantza izan zazu
nik emandako hitzean
beldurrak joan zaizkit zure
aurpegia oroitzean,
gauez estutu nazazu
ta ez askatu goizean...
askeago sentitzen naiz
besarkada bakoitzean.

9. Bizitza bada erdi lo
begiak irekitzea,
besoa luzatu eta
hor zaudela sentitzea,
izarapeko munduan
pasioa usaitzea,
zoriontasuna ohe
ttiki baten kabitzea,
bizia eta bizitza
zer diren ezberdintzea,
zu ondoan izatea
baldin bada bizitzea...
zoragarria izan da
bizitza deskubritzea.

10. Maitatu adina behar
izaten da borrokatu
eskuko behatz puntekin
zeruko izarrak batu,
ilargiari dantzatu
ortzadarra zeharkatu,
sorta honetan zenbat "zu"
gordetzen diren zenbatu
gero "ni"-ak gehitu eta
guregatik biderkatu
ez zatiki, deribatu
eta ez erro karratu
zenbat desio zaitudan
ezin duzu kalkulatu.

ZOR DIEGU MEMORIA Lazkao Txiki sariketan lehen saria

Ane Labaka
Doinua: Txikitatikan edukia dut

1. Zure aldeko edo aurkako
izaten bada zoria
bizitza bera bihur liteke
zahartutako noria
egon zintezke gora igoa
edo behera eroria.
Zor diet letra lodia,
miresmena, memoria...
nahiz gizonena izan mundua,
ospea eta gloria
idatzi nahi dut emakumeen
ezkutuko historia.

2. Antonimoak izan daitezke:
asteazkena, krisia...
postua atontzen daudenez gero
Axun eta Maurizia.
Plaza Nagusi inguruetan
horrenbeste gutizia:
esnea eskuz jeitzia,
gazta mimoz ekoitzia...
Kolorez eta usain anitzez
jazten denez Ordizia;
biak batera eros daitezke
jakiak eta bizia.

3. Ahozabalik mahai gainera
luzatu dut ikusmira
azaloretik, tipuletara,
letxugetatik ,eztira,
sendabelarren usaira eta
marrubi gozo gorrira,
anpolaiaren dizdira,
sagarra eta mizpira,
leka otarrak, piper morroak....
zuzenean joaten dira,
saltzailearen saskietatik
eroslearen saskira.

4. Emakumeen zeregina zen
lurzorua goldatzea
idiak zuzen akuilatzea,
artosailak jorratzea,
hamabi aho elikatzea,
maindireak lisatzea,
atariko belazea
sarri ongarriztatzea...
Betebeharra zen kanpokoa
zaindu eta mimatzea
baina ahaztu egin zitzaien
barrura begiratzea.

5. Eta kanpora begiratzean
garaitu egin gintuzten
eskuak guztiz zartatu arren
irribarreari eusten
ezin ziteken inor ausartu
egunerokoa hausten;
umeak jazten, biluzten,
sega larrean kamusten...
Egitekoa zena geroko
ez zenez sekula uzten
egun gehienek berrogeita lau
ordu izaten zituzten.

6. Campoamorren borroka ziren
gure bozketan lehenak,
oinen ordezko hegoak ziren
gero Frida Kalhorenak
gogoan ditut Virginia Woolf
eta Beauvoir izenak.
entzun ditun aipamenak
matriarkatuarenak
nahiz gizarteak azpimarratu
denetan feministenak
sutondoetan gauzatu ziren
iraultzairik handienak.

7. Lehen estrata bide zirenak
asfaltoarekin betez
garai berritan ere egiten da
Ordiziaraino ihes
lurrak emana bezeroari
eskeintzeko borondatez
amona jardun zen aurrez
eta ama bere ordez
gero alaba belaunaldiei
jarraipen ona emanez;
bide berdina egiten zuten
astoz, gurdiz eta kotxez.

8. Goizean presto ziren galtzerdi,
albarka eta azpantarrak
lore artetik ezabatzeko
tarteko lapaitz zuztarrak,
asunak, sasi arantzatsuak,
barrabasak, zapelarrak...
"Marikarmenen senarrak
jarri dizkio adarrak
deman etxea galdu omen du
Goikoetxeko seme zaharrak..."
Mingainarekin kentzen zituzten
auzokoen belar txarrak.

9. Oilagor asko ekarri ditu
aurtengo neguko ehizak,
gaztainak ere irribarretsu
saltzen ditu Maria Luisak,
errege sagar eta intxaurrak
udazkeneko emaitzak,
pikondo hosto likitsak,
ta udaberriko zizak
gizadiaren legetzat ditu
launa urtaro bakoitzak
Ordiziako azokak eta
urteak eta bizitzak.

10. Nire helburua ez zen bertsotan
gizon denak larrutzea
matriarkatua goraipatuaz
akelarrean sutzea;
gizartearen hipokresia
eta kristau gurutzea.
Izen zerrenda luzea,
komeni zait mututzea
ezinezko da bi musu eman
ta eskuak estutzea
baina benetan plazerra izan
da zuek ezagutzea.