
Ezkio-Itsason dago XVI. mende erdialdeko Igartubeiti baserria. Baserriko dolareak sistema berezi eta bakarra du.
Baserria eta dolarea
Ezkio-Itsason Euskal Herriko baserri interesgarrienetako bat aurkitzen da, Igartubeiti baserria hain zuzen.
XVI. mende erdialdean eraiki zuten, eta Euskal baserriaren Urrezko Aroaren adibide paregabea da.
Baserria XVII. mende hasieran, bizimodu eta lan berriei egokitzeko handitu eta aldatu egin zuten.
Hala ere, jatorrizko egurrezko egitura bikain mantendu zuten, baita barruan duen sagardo dolare handia ere.
Oinatzeko lagunek aipatu digutenez, “Euskal Herriko baserri zaharrenetarikoa da”. Bereziki, dolareak sistema berezia eta bakarra duela azpimarratu dute, “dolarea martxan dagoenean, etxea bera negarrez dagoela dirudiela diote.”
Hau egiaztatzeko aukera izango dute irteera honetan parte hartzen duten herritarrek. Izan ere, taldeak egingo duen bisita gidatuan, dolarea martxan ikusteko aukera izango dute.
Karlistadak
Bazkal ondoren, Ormaiztegira hurbilduko dira Zumalakarregi museoa ezagutzera.
Zumalakarregi Museoa Iriarte Erdikoa etxean dago kokatua, XVII. mendeko baserri tipikoa da eta bertan bizi izan zen Tomas Zumalakarregi jeneral karlista.
Hau aitzakia izanik, Euskal Herrian XIX. mendean izan ziren gizarte, kultura, ekonomia eta politikari lotutako gertaerak azaltzen dira museoan, besteak beste, garai hatako foruek zuten garrantzia, arazo dinastikoak edo gerra karlistak.
Izen-ematea
Oinatz taldearen irteera honetan izena emateko Ttakun kultur elkartera hurbildu behar da.
Inskripzioa egiterakoan autobusaren prezioa ordainduko da, 10 euro.
Museoetako sarrerak egunean bertan ordainduko dira. Igartubeiti baserria 3 euro eta Zumalakarregi museoa 2 euro.
Izen-emateko azken eguna urriaren 10a izango da. Honetaz gain, bakoitzak bere bazkaria eraman behar duela gogoratzen dute Oinatz taldeko kideek.