“Euskara udaletxe barruan egotea nahi dugu”

Txintxarri Aldizkaria 2012ko irailaren 28a

Herritarren artean udaletxe berria barrutik nolakoa den ezagutzeko jakin-mina handia da. Kalean dagoen gaia izanik Euskararen Maratoiko antolatzaileek festa honetan nolabait udaletxea txertatzea bururatu zitzaien. Horrela bisita gidatuak antolatzeko proposamena luzatu zieten udal gobernuko kideei. Bisita hauen nondik norakoen inguruan mintzatu dira Pablo Barrio alkatea eta Boris Nogales euskara batzorde burua. Udaletxearen barruan hizkuntza nagusia euskara izan dadin lanean ari dira udal langileek eta aukera ezin hobea da Euskararen Maratoia udaletxeko ateak euskarari zabaltzeko.

Azkenean udaletxe berria nolakoa den ikusi ahal izango dute herritarrek. Euren jakin-minarekin bukatzeko aukera izango dute. Euskararen Maratoia dela eta ateak zabalduko ditu lehen aldiz. 32 bisita gidatu antolatu dira urriaren 20 eta 21eko asteburuan eta dagoeneko hauetan parte hartzeko izena eman daiteke www.euskararenmaratoia.com helbidean, Ttakuneko egoitzan edota udaletxeko euskara-zerbitzuan 943-376184. Bisita gidatu hauen inguruan hitz egin dute Pablo Barrio alkateak eta Boris Nogales euskara batzorde buruak.

Euskararen Maratoian, udaletxe berriko ateak herritarrei zabalduko zaizkie. Nolatan?
Pablo Barrio: Egia esan Maratoiaren antolakuntzatik sortu zen ideia. Bi egun horietan gauza asko egiten dira eta aurten bisita gidatuena bururatu zitzaien ekintza nagusietako bat. Eurek egin ziguten eskaera eta ondo ikusi genuen. Izan ere, badakigu herritarren artean udaletxe berriaren inguruan jakin- mina dagoela herrian.
Guk geuk sentitu genuen jakin min hori eta behin gobernua osatuta egin genuen lehen gauzetako bat izan zen udaletxe berrira bisita. Maratoira jendea erakartzeko ekintza polita dela iruditzen zaigu ere.
Boris Nogales: Askotan euskaldun jende asko dago udaletxera joan eta lehen hitza gazteleraz egiten duena eta bisita hauekin nolabait joera hau aldatzea bilatzen da. Bisita hauekin nolabait udaletxeak euskarari ateak zabaltzen dizkiola adierazi nahi da. Lehen hitza beti euskaraz.

Zergatik Maratoian erakutsi?
Pablo: Garbi dago Maratoia ekintza berezia dela eta halako ekitaldi berezi batek justifikatzen duela halako ekimen bat burutzea. Bestela ez litzateke egingo. Honekin esan nahi dut hau ez dela inaugurazio bat, bisita gidatuak dira soilik orain udaletxea dagoen bezala ikusteko, espazioak erakusteko bisitak dira. Barruan oraindik ez dago ezer.

Nolako bisitak izango dira?
Boris Nogales: Bisitak motzak izango dira 30 minutukoak eta ezingo da dena bere osotasunean ikusi. Beheko solairua, lehenengoa eta bigarrena erakutsiko dira. Azken honetan langileen bulegoak kokatuko lirateke.
Pablo: Bisita bera ataritik hasiko da, lehenengo gelatxo batean bideo motz bat ikusi ahal izango da eta bertan eraikina plano eta argazki batzuk erakutsiko dira. 30 minutuko 32 bisita dira eta 20 lagun onartuko dira gehienez.
Pablo: Bisitak hamasei urtetik gorakoentzat daude pentsatutak beraz ez da hauetan umerik onartuko. Horretaz gain gogoratu bisita hauetan parte hartzeko aurretikizena eman beharko dela, www.euskararenmaratoia.com helbidean, Ttakunen edota udaletxeko euskara-zerbitzuan. Egunean bertan ez da izena emanda ez dauden pertsonak bisitetan onartuko.

Herritarren artean udaletxearen inguruan jakin-mina egon daitekeela uste al duzue?
Pablo: Bai esan bezala badakigu, jendeak kaletik galdetzen zaitu... jakin-min hori badago eta normala da. Askotan hitz egin da eraikin handi hau egitearen kosteaz, altzariak jartzeko egin beharko den gastuaz etab. Okendo herriko erdi gunea da gainera eta denbora asko da udaletxea bertan prest bezala ikusten dutela herritarrek.
Boris: Bisita hauetan nolabait arkitektoaren buruan zeuden irizpideak azalduko dira, hau da, zergatik eta nola egin diren espazioak. Udaletxea dagoen bezala erakutsiko da, hau da, hutsa eta hainbeste denboran itxita egoteagatik pilatutako zikinkeriarekin.

Euskaraz egingo dira bisita guztiak...
Pablo: Hori da bai. Euskararen Maratoiaren baitako ekintza izaki euskaraz egingo dira bisita gidatu guztiak. Jendea euskararen inguruan bildu nahi da jaialdi honekin.
Horretaz gain, euskaraz ez jakin eta jakin-mina duten herritarrek ere parte har dezakete bisita hauetan. Bistak irekiak dira eta erdaldunek nahikoa badute eraikina ikustearekin ez zaie eragozpenik jarriko. Hori bai bistak euskara hutsean izango dira.

Udaletxea horrela ikusteko beste aukerarik izango al da?
Pablo: Momentuz udaletxea ikusteko aukera bakarra hau izango da. Ez dugu inaugurazioan pentsatu baina ez dut uste halakorik egingo dugunik. Herritarrentzat aukera bikaina da Maratoian izango dena.

Gainera udalean euskara lehen hizkuntza izatea da abian jartzen ari zareten asmoaren ideia nagusia, ezta?
Pablo: Bai hori da. Aipatu bezala udalaren barruan honetarako prozesu bat martxan jarri genuen aurreko ikasturtean eta aurten ere hasiak gara lanean. Hainbat helburu finkatu dira udal langileen artean euskararen normalizaziorako bidea egin dadin.
Boris: Horrela udalaren barruko lanak eta harremanak euskaraz izatean datza azken helburua.

Helburu hau lortzeko lan berezia egiten ari zarete departamentu guztietan....
Pablo Barrio alkatea eta Boris Nogales Euskara batzorde burua Udaletxera bisitak hasiko diren sarrera aurrean.

Boris: Bai, Travel Kluba deitu diogu barne prozesu honi. Euskarari bidegorria irekitzea da lantzen ari garena. Honekin adibidez gauzatu nahi duguna da Pablok esan bezala, barruko lana egiteko hizkuntza euskara izatea.
Txostenak elebitan egin behar direnean noski hala egingo dira eta gaztelera hutsean zerbait egiteko beharra bada ere egingo da baina printzipioz barne txostenak, harremanak etab. euskaraz egiteko pausua ematea da burutzen ari garen prozesuaren helburua.
Adibidez, gizarte zerbitzuetako teknikari batek txosten bat bidali behar badio beste departamentu bateko teknikariari, jakinda biak euskaldunak direla, naturalena lan hau euskaraz egitea litzateke. Lehen joera zegoen asko gazteleraz egiteko, defektuz, eta hau da aldatu nahi dena. Horretarako langile guztiak parte hartzen ari dira prozesuan.

Zein baliabide lantzen ari zarete?
Boris: Lan hau modu errazenean nola egin ari gara langileekin aztertzen, baliabideak topatzen, udalaren intranetean hiztegiak jarri dira eskura eta agian txosten batzuk burutzeko plantilla edo txantiloiak erabiliko dira.
Pablo: Txosten tekniko “mardul” horiek euskaraz egiteari beldurra galdu behar diote langileek eta horretarako tresnak bilatuko dira.

Eta herritarrekin?
Udalaren barne funtzionamendua euskaratzen den neurrian, herritarrek nabarituko dute. Esan bezala udaletxe berri honetara tramite ezberdinak egitera etortzen diren herritar euskaldunek euskaraz hitz egitea nahi dugu. Lehen hitza beti euskaraz izatea. Idatziz ere kexak edo dena delakoak euskaraz egiteko beldurra galtzea nahi dugu.

Zer da zuentzat Euskararen Maratoia?
Boris: Gogoratzen naiz txikitan asteburu batean euskararekiko zerbait berezia egiten zela, festa bat. Lehenengo maratoia egin zenean lau urte nituen. Argazkiak ditut eskolako lagunekin Okendon Jon Braun dantzatzen. Urteak aurrera egin ahala festa bilakatu zen Maratoia baina aldarrikapen kutsu handiarekin.
Pablo: Lehenengo Maratoia egin zenetik gauzak zorionez asko aldatu dira. Lehendabizikoak erronka kutsua izan zuen, hau da, baietz egin 40 ordu jarraian euskaraz, eta hori dut buruan. Lehenengo maratoi hura gainditu eta hori baino gehiago egiteko gai garela demostratu da edizio batetik bestera. Maratoia geroz eta handiagoa da, ekintzak asko dira eta laguntzaile eta ondo pasatzeko prest dauden herritar pila biltzen ditu. Ziur nago aurtengoa ere gogoangarria izango dela.

Nola parte hartuko duzue?
Pablo: Ba pena handia daukat izan ere, ezingo dut nahi bezala eta nahi beste parte hartu. Urriko asteburu horretan burutuko dira hauteskundeak eta arrazoi hau tarteko larunbata hausnarketa-eguna izango da.
Horrela izanda kargu politikoek gure jarduna nolabait etetea behartuta gaude eta gure agerraldiak baldintzatuta daude edo. Oraindik ez dakit nola parte hartu ahal izango dudan.
Boris: Printzipioz polita litzateke udalean dauden alderdi guztietako ordezkariek euskararen aldeko keinua izatea eta oholtza gainean biltzea festari hasiera emateko. Hala ere, hau ez dago gure esku Pablok esan bezala.
Antolakuntzatik eskatzen digutena egiteko prest gaude. Bestela familiarekin festaz gozatzeko asmoa daukat.

Zer esango zeniekete herritarrei ekintza honetan parte har dezaten? eta Maratoian?
Lehen esan bezala Udaletxe berria bere osotasunean ikusteko printzipioz aukera bakarra izango da Maratoian zehar izango diren bistak. Beraz jakin-mina duten herritarrak dagoeneko izena ematea animatuko nituzke.
Bestalde, Euskararen Maratoia lau urtetik behin egiten da eta esan euskarak merezi duela festa honetan ahalik eta herritar gehien biltzea. Animatu, parte hartu eta disfrutatu! Familia, lagunekin euskaraz ondo pasatzeko aukera izango da Euskararen zortzigarren Maratoia!