Ostadarrentzat denboraldiko lehen derbia

jon-altuna-egitegi 2012ko irailaren 30a

Espainiako Ligan Reala eta Athletic-ek jokatutako partiduaren biharamunean, herriko derbia izan genuen atzo goizean Zubietako instalazioetan. Joxean Beldarrainek entrenatutako Ostadar taldea Koldo Ageitosen Texas baino gehiago izan zen zentzu guztietan. Euskal Ligako kadeteek berriz, ligako bigarren porrota jaso zuten Realaren aurkako partiduan eta 1. jubenilek, azken minutuetan sufrituta izan bazen ere, garaipena eskuratu zuten Herrerako Sporting-en aurka, 4-3ko emaitzaz.

Aurreko astean euren norgehiagokak irabazi ostean, Ligako bigarren partiduan elkarren aurka aritu ziren 1. erregional mailako herriko bi taldeak.

Lehen zatian, pareko
Ostadarrek baloiaren jabetza edukiz hasi zuen partidua, eta lehen ordu laurdenerako 1-0 jarri zen aurretik Ander Zulaikak sartutako gol bati esker, Alexander Paino erdilariaren pase sakon bat baliatu eta gero.
30. minutuaren bueltan ordea, Asier Lizarra Texas-eko aurrelariak Aitor Lizarazu Ostadarreko atezainaren hutsa aprobetxatu zuen baloia sareetara bidaltzeko. Atezain hernaniarra baloia astintzen saiatzean, apoioko oinean jo eta baloia ate aurrean geratzean, nahierara sartu ahal izan zuten gola txuri-urdinek.
Halere, luzapenean sartuta, gol psikologiko deiturikoa egin zuen Ostadarrek. Joseba Rekondok ezker hegaletik baloia lapikoan jarri eta Jon Gonzalez aurrelariak buruz orraztuta sareetara bidali zuen baloia zaleen eromenerako.

Bigarrenean, Ostadar gora
Bigarren zatiak oso bestelako itxura izan zuen. Ostadar nagusi izan baitzen hasi eta buka. Aldageletatik zelairatzean, joko-erritmoa zertxobait igotzea lortu zuen Beldak eta hor egon zen partiduaren gakoa.
55. minutu inguruan, Joseba Rekondok ateratako korner bat probestuz, Iñaki Castro erdiko-atzelariak gola sartu zuen. Jokaldi nahasi samarra izan zen, kornerra lehen zutoinera atera ostean, aldaratzea Rekondo berari iritsi eta bigarren erdiraketa horren bidez sartu baitzuen gola Iñaki Castrok, sendotasunez area txikian buruz errematatu ostean.

Hortik aurrera, Texas-Lasartearrak aukera bat edo beste izan bazuen ere, jaun eta jabe izan ziren urdin-beltzak. Horren erakusgarri partidua amaitzeko 25 minutu faltan Ander Zulaikak egindako bigarren gola. Unai Ituarte zelairatu berriak hegalean zegoen Noriegari pase ederra eman, eta honek ahoko zuloan utzi zion baloia Zulaikari plazer hutsez erremata zezan. Norgehiagokak utzi zuen golik politena izan bazen ere, jokaldi horretan bertan, Noriegak min hartu zuen belaunean hesiarekin tupust eginda.

Partidu amaierako 20 minutuetan ez zen azpimarratzeko moduko beste ezer gertatu, akaso, Sergio Barradori epaileak bigarren txartel horia atera eta honek zelaia utzi behar izan zuela derbia amaitzeko 5 minutu falta zirenean. Beraz, ligan hiru puntu besterik ez badira ere, derbietako puntuek balio bikoitza izaten dutela esan ohi da. Itzuleran izango du Texasek atzoko arantzatxoa ateratzeko aukera.

Kadeteak ezinean
Euskal Ligako Ostadarren partidua txuri-urdinez tintatuta egon zen. 4. jardunaldirako bi garaipen gozo baditu ere, porrotaren garratza dastatzea egokitu zitzaion oraingoan, Reala ahalguztidunak 6-0 jipoitu ostean.