Stock azokan mauka onenaren bila

jon-altuna-egitegi 2012ko ira. 30a, 20:19
Bosgarren edizioa izan du aurtengoan Aterpea Merkatarien elkarteak antolatzen duen Stock eta saldoen azokak. Aurreko urtean Loidi Barrengo pilotalekuan egin ostean, Okendo plazan ezarri nahi izan dute antolatzaileek karpa erraldoia, herritarrengandik gertuago egon asmoz. Eguraldi txarrak zenbait buruhauste eragin badizkie ere, asteburuaren balantze positiboa egin zuten antolatzaileek.
Soineko eder bat prezio erdian, umeentzako arropa merke-merke, galtzak %70eko beherapenarekin.. Gisa honetako aukerak izan zituzten herritarrek larunbata era igandea bitartean Okendo plazan jarritako Stock eta saldoen azokan.

Prezioen erakarpena
Herriko merkatariek dendetan saldu ez dituzten produktuei aterabide bate eman asmoz antolatzen dute azoka. Horregatik izaten dira prezioak hain merkeak eta karpara sartzen ziren asko esku artean zer edo zer zuela irtetzen ziren.

Euria protagonista
Larunbatean eroritako euri jasek Okendo plaza putzuz bete eta karpa bera urak hartu zuen zenbait saltzaileren generoa busti eta hondatuz. Antolatzaileen hitzetan, horixe izan zen asteburuko ezbehar bakarra eta Okendo plaza gaizki egina dagoela usteta, soluzioren bat exijitu zuten.

Aterpearen balorazioa
Pozik zeuden Aterpeako kideak igande arratsaldean azoka itxi eta balorazioa egiteko unea iritsi zenean. Jenni García lehendakariaren hitzetan, bai saltzaile, erosle zein antolatzaileek “inpresio onarekin” utzi zuten azoka.
Guztira 17 komertziok izan dute postua Okendoko azokan: herriko zortzik, Gipuzkoa osotik etorritako seik eta Bizkaiko hiruk: “Jende asko etorri da azokara, eta orokorrean ondo saldu dutela esan digute merkatariek”, zioen Garciak.
Bestalde, umeek euren txokoa izaten jarraitu dutela eta Loidi-Barrenetik azoka Okendora ekartzeak “eragin positiboa” izan duela azpimarratu nahi izan zuen.