Zero Setteren jaialdia larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urriaren 1a

Larunbatean, urriak 6, arratsaldeko 19:30ean, Lasarte-Oria IX. Akordeoi jaialdia ospatuko da Manuel Lekuonan. Zero Sette akordeoi orkestrak udalaren laguntzarekin antolatzen duen jaialdia beste urte batez akordeoien doinuez beteko du Manuel Lekuonako areto nagusia. Aurtengo edizioa, berezia da herriko orkestrarentzat, izan ere aurten 25 urte bete ditu. Zero Setteko arduradunek aipatu dutenez, “ekitaldia 25 urteurrena ospatzeko antolatu dugun bigarren kontzertua da”.

Zero Setterekin batera, Isidro Larrañaga akordeoi orkestrak, ILLUMBE akordeoi orkestrak eta Lasarte-Oriako Udal Musika eskolako musikariek parte hartuko dute. “Bi orkestrek lehenengo postuak lortu dituzte nazioarteko txapelketa ospetsuetan” azpimarratu dute. Jaialdira joan nahi duten herritarrek bi aukera dituzte sarrerak eskuratzeko. Batetik Manuel Lekuona kultur etxeko leihatilan eskuratu daitezke 3,20 eurotan. Bestetik www.lasarteoriasarean.eu orrialdean ere salgai daude 3 eurotan. Zero Settek herritarrak gonbidatzen ditu jaialdira hurbildu eta musikaz gozatzera.