“Eguneroko arazoetatik ihes egiteko tresna ona dira liburuak”

maider-azurmendi 2012ko urr. 1a, 11:19
Herriko liburutegia oraindik herritar askorentzat Manuel Lekuonan dagoen txoko ezezagun bat da. Gezurra dirudien arren, Izaskun Urdanpilleta oraindik harritzen da herriko ikastetxeetako haurrak bisitan joan eta liburutegia ezagutzen ez dutela esaten diotenean. Haurrak soilik ez, heldu asko dira herriko liburutegiak eskaintzen dituen aukera guztiak ezagutzen ez dituztenak. Aukera guzti hauen inguruan solasean aritu gara liburutegiko arduradunarekin.
Herriko liburutegiak kokaleku ezberdinak ezagutu ditu eta bere ibilbide horretan joan da zaleak eta bazkideak biltzen. 1993. urtetik dago liburutegia Manuel Lekuonan. Hala ere liburuen mailegutik urrun geratzen da egungo liburutegia. Aukerak geroz eta gehiago dira.

Liburuak maileguan hartzeaz gain, eduki multimediak ere eskura daude eta besteak beste eguneroko prentsa ere bertan irakurtzea dute erabiltzaileek. “Jende askok ez daki egunkari eta aldizkariak hemen ditugula, egunero etor daiteke hona egunkaria irakurtzera. Gainera egunkari denak urte betez gordetzen ditugu kontsultarako eskuragarri egon daitezen”. Aukera hau eskaintzea garrantzitsua da liburutegiko arduradunarentzat izan ere, asko dira jende adinduaren artean ordenagailua eta Interneten moldatu ez eta ohiko hemeroteka begiratu ahal izatea nahiago dutenak.

Liburutegien sarean
Liburutegia 2006. urtetik Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien on-line katalogoaren baitan dago eta horrela Lasarte-Oriako bazkideek erkidegoko edozein liburutegitan dauden liburuak har ditzakete maileguan. “Urteak dira katalogo bateratuaren baitan dagoela herriko liburutegia, aukera asko zabaltzen ditu honek baina jendeak oraindik ez du tresna hau behar bezala ezagutzen eta pena da”.

Sarean egotea Izaskunentzat abantaila garrantzitsua da, batetik Interneten ibiltzen diren bazkideentzat oso erosoa da. “Etxetik nahi duten liburua eskatu eta ondoren gurean jasotzea dute”, eta bestetik “liburutegiak erabiltzailearen beharrak erantzun nahi dituenez, guk erabiltzaileak eskatzen diguna ez badugu, beste liburutegietara jotzen dugu, sarera jotzen dugu.” Aukera handia eskaintzen du, adibidez oposaketak prestatzeko liburuak lortzeko garaian tresna bikaina dela azpimarratzen du liburutegiko arduradunak. “Guk ezin dugu material guztia eduki, temario hauen kasuan urtetik urtera gainera eguneratu ohi dituzte eta leku asko okupatzeaz gain, aurrekontuan ezin ditugu urtero mota honetako liburuak sartu”. Bestetik, irakurleek “lehen liburu zaharrak eskatzen zizkigutenean, saiatzen ginen hauek erosten eskaera handia zenean behintzat, baina sareari esker ez dugu gastu hori egin behar. Ez ditugu liburu guztiak erosi behar eta hori abantaila handia da, batez ere ahalik eta nobedade gehien apaletan eduki ahal izateko”.
Sarean gaudenez, beste liburutegietan liburuak har daitezke, aipatu Donostiako liburutegi sarea ez dagoela oraindik katalogo honetan sartuta http://www.katalogoak.euskadi.net
Azpimarratzekoa da berez liburutegien katalogoen sareak liburuen arteko mailegua eskaintzen duela soilik Hala ere, erabiltzaileren batek ikus-entzunezko bat behar izatekotan, liburutegiko arduradunak beste liburutegiekin harremanetan jartzen da, posible den neurrian hauek herriko liburutegira ekartzeko.

Materiala eskuratzea
Aipagarria da Urdanpilletarentzat materialari dagokionez, lehen Jaurlaritza eta Aldundiaren diru-laguntzekin ekoizten ziren liburu edota diskoetatik ale bana liburutegietara banatzen zela orain ordea, ez da material gehigarri hau jasotzen. “Pena da euskarazko material asko iristen zitzaigulako bide honetatik eta horrek asko errazten zigun urteko aurrekontua orekatzeko garaian”.

Zaila da denetatik edukitzea oso ondo baloratu behar da zer da liburutegian egon behako litzatekeena eta bestetik zer eta nolakoa den zerbitzua, izan ere erabiltzaileek eskatzen dutenarekin lan egin behar da. “Noski saiatzen gara gai jakin batzuk, hizkuntzak sustatzen, hainbat materialen aldeko apustua egiten dugu baina gure erabiltzaileak behar eta eskatzen duena da eduki beharrekoa azken batean”.

Erabiltzaile anitzak
Ezin dena eduki baina Lasarte-Oriako liburutegia osoa, konpletoa dela azpimarratzen du Urdanpilletak. Hau dela eta adin guztietako erabiltzaileak gerturatzen dira Manuel Lekuonako hirugarren solairura. Zerbitzuaren erabiltzaile talde handiena da haurrena. Gazteei dagokionez, nabarmen jaisten da kopurua aurrekoekin alderatuz eta unibertsitatean daudenak, “ikastera etortzen dira batez ere”. “Irakurle amorratuak direnak beti datoz eta adin tarte guztietakoak dira horiek”.

Oro har emakumeak dira gehien irakurtzen dutenak, eta adinduak ere asko dira Izaskunen ustetan. Azken hauei laguntza berezia ematen saiatzen dira, “gustuko dituzten gaiak galdetu, hizki handi xamarra duten liburuak bilatutzen dizkiegu...polita da 80 urterekin irakurketaz eta literatura onarekin gozatzeko gaitasuna dutela ikustea”.

Liburuak terapia ona
Krisi garai hau ere nabaritzen dute herriko liburutegian “irakurle amorratu asko dago lehen liburuak erostea gustuko izan eta hemendik apenas pasatzen zirenak, orain berriz, kentzen den lehenengo kapritxoa hain zuzen liburuak, diskoak erostearena da askorentzat eta horiek ere etortzen hasi direla nabaritzen da”. Horretaz gain, jende askok e-book modernoak ditu egun baina tarteka liburuak hartzea etortzen dira hauek esku artean izateko plazerragatik soilik.

“Nire ustez bereziki orain da liburutegi eta liburuen garaia. Krisi ekonomiko honetan murgilduta, eguneroko arazoetatik ihes egiteko tresna ona dira liburuak”. “Etxera iritsi, liburu on bat hartu eta irakurketa horrek dena momentu batez ahaztarazten dizu” azpimarratzen du Urdanpilletak. Eta horretarako zentimo bat ez da gastatu behar. “Jende askok erabiltzen ditu liburuak burua arintzeko”.

Irakurketa ohitura
“Lasarte-Orian belaunaldi batzuk pasa behar dira liburutegiaren erabilera normalizatu dadin”. Hasiera gogorrak izan zirela dio Izaskunek, “hasieran ikaragarria zen zenbat liburu desagertzen ziren gure apaletatik, izugarria benetan”. Honen ustetan jendea hezi egin behar da liburutegian gauza horiek gerta ez daitezen. Gauzak asko aldatu dira baina oraindik gertatzen da gurean eta tradizio, zaletasun falta hori omen da “lapurreta” hauen arrazoia.

“Liburutegian jarrerak zaindu behar dira eta oraindik txikleak agertzen dira liburuen barruan, pipa azalak apaletan... Baina orokorrean gure erabiltzaileek ondo erabiltzen dute liburutegia”.
Pendiente dagoena sarearen erabilera eta gure katalogoaren erabilera da. “Katalogoa ordenagailuan kontsultatu daiteke eta erakusten diegu nola begiratu, baina azkarragoa da guri eskatzea beti. Etxetik erreserbatu daitezke liburuak ere, mailegua berritu, nobedadeak begiratu etab”.

Hirugarren hizkuntza
Euskara eta gaztelerazko liburu eta materiala izateaz gain egun atzerriko hizkuntzatan eskaera handia dago eta liburutegiak ere badu zer eskaini arlo honetan. “Ingelesez adibidez asko hartzen da. Ez da hain erraza dena edukitzea baina badago Lasarte-Oriako liburutegian aukera”. Jendeak eman izan dizkio liburuak herriko liburutegiari nobelak batez ere. “Gazteentzat oso liburu interesgarriak ditugu elebidunak direnak, batzuk audio eta guzti”.

Gainerakoan nabaria da Izaskunen hitzetan nola filmak asko erabiltzen diren hirugarren hizkuntza maila hori mantentzeko.

“Liburutegia ez da leku aseptikoa”, jendearekin harremanetan daude langileak “eta erabiltzaileak ezagutzen dituzu bere gustuak etab. eta aholkuak ematen dizkiegu”.
Hamabost eguneko epea liburuak, guk berritzeko arazorik ez dugu, erreserban eskatuta ez badago behintzat nahi bestetan berritzen dugu. Zigorrak ere badaude bai, “beti berandu ekartzen dutenekin errukirik ez da izaten baina behin atzerapenarekin ekartzeagatik liburu bat ez da printzipioz ezer gertatzen”.
“Goizetan askotan jendeari erakusten diogu kontsultak egiten, telefonoz ere lagundu izan dugu Internetez kontsultak egiten. Gu beti prest gaude laguntzeko”.

Teknologia berriak
Azken urteetan entziklopedien erabilera asko murriztu dela dio liburutegiko langileak “Hemen askotan ikusten dugu nola haurrek ez dakiten entziklopedia eta hiztegiak behar bezala erabiltzen eta gerturatu egiten gara laguntzeko”, liburutegian kontsultarako materiala mantentzeko apustua egin da nahiz eta erabilera handia ez izan.

Bestela, narratiba da gehien kontsumitzen dena baina modek eragina izaten dute eta esaterako auto-laguntza liburuak asko eskatzen dira, haurdunaldiaren ingurukoak asko irakurtzen dira ere eta ondoren, bidai liburuak, sukaldaritza liburuak eta nutrizioa bezalako gaiak jorratzen dituztenak. Txikientzat asko dira gaikako liburuak, eskulanak, eguzki sistema, animaliak eta “molde horietakoak erabiltzen dituzte eskolako lanak egiteko”. “Gurasoek liburutegia erabili badute, seme-alabak etortzen dira. Belaunaldi kontua da”.
Liburutegiak eskaintzen duena oinarrizkoa da jende gehiago edo gutxiago erakartzeko, “hemen txiki eta gazteak espazio berdinean daude eta agian bereiztuta beharko lukete. Txikiei isiltasuna ezin zaie eskatu baina gaztetxoei bai eta denak batera egoten direnez... Liburutegia behar bezala antolatu behar da guneak, espazioak berak irakurzaletasuna bultzatzen lagun dezan”.

Liburutegian gainera hitz egin daitekeen bi gela daude, taldeko lanak egiteko oso gune aproposak eta erabiliak. Teknologia berriei dagokionez beste liburutegi batzuetan e-bookak hasi dira maileguan uzten eta “hemen ere ez gara atzean geratuko hala ere, kontu honekin ondo aztertu behar da nola kudeatuko diren, maileguan nola utzi...ondo pentsatu behar da martxan jarri aurretik”. Hala ere liburutegiko apaletara laister iritsiko direla aurreratu du Urdanpilletak.

Hala ere gogoratu nahi izan du liburutegian badirela mp3an eskuragarri dauden liburuak. Entzuteko liburuak dira eta jendeak gustura hartzen dituela dio Izaskunek. Gehienak klasikoak dira baina bereziki onak dira bista txarra dutenentzat eta pertsona adinduentzat “oso gomendagarriak”.

Ipuinaren ordua
Aukera beraz zabala da liburutegian eta herritarrak bertara gerturatzera animatu nahi izan ditu Urdanpilletak. Ikasturtea hasita, haurrak eta gaztetxoak etxeko lanak egin eta ikasteko leku ona da liburutegia. Horretaz gai, etxeko txikienentzat ipuin kontalariaren ordua martxan izango da laister. “Garrantzia berezia ematen diogu ekintza honi. Txikitatik liburuekiko zaletasuna pizteko funtsezkoa da oso txikitatik ipuinekin eta istorioekin ondo pasatzea”.

Zaletasun hau pizteko ere garrantzitsua da eskoletan lantzea. “Herriko haur gehienak eskolarekin bisitan etortzen dira liburutegiko aukerak zeintzuk diren ezagutzeko. Oraindik harritzen naiz liburutegia hemen dagoela ez zekitela esaten digutenean”. Liburutegia ondo ezagutzeko bertako langileei beldurrik gabe galdetzea gomendatzen du Izaskunek. Herritarrentzat ahalik eta zerbitzu hoberena eskaintzea da liburutegiko arduradunaren nahia.