Aurrera doa Lasarte-Oriako nagusien astea eta gaur arratsaldean, hainbat herritarrek ederki pasa dute Biyak Bat elkartean egin den magia eta umore emanaldian. Batetik, Gasteiztik etorri den Sun magoak hainbat trikimailu egin ditu adinduen aurrean. Gero, truku eta truku artean Adolfo Perez herritarrak bakarrizketa bat eskaini du. Kontu kontari aritu da eta kantatu ere egin du Biyak Bat elkarteko lagunen aurrean. Gainera oso hurbileko gauzetaz aritu da, herriko kontuak hartu ditu gaitzat. Azken finean, umore ona eta lagunarteko giroa izan dira nagusi emanaldi osoan zehar. Sun magoak ere bere trikimailuak egiteko elkarteko hainbat bazkide atera ditu oholtzara.
Zaharren omenezko astean egunero dago zerbait. Asteazkenean Gimnasia eta Aerobik ikastaroetan dihardutenek erakustaldia egingo dute Okendo plazan, ostegunean leku berean Semblante Andaluz-en emanaldia izango da eta ostiralean Manuel Lekuona kultur etxean “Melocotón en Almibar” antzezlana, herriko Lan eta Lan taldearen eskutik.
Larunbat eta igandean egingo dira ekitaldi nagusiak, larunbat goizean ibilaldi neurtua eta igande goizean meza, Biyak Bat-eko abesbatza eta Zero Sette akordeoi orkestraren emanaldia kultur etxean eta Michelingo kirol gunean bazkari eta dantzaldia.