PSE-EEk Goikale eta Nagusin konponketak egiteko mozioa aurkeztuko du

maider-azurmendi 2012ko urriaren 3a

Goikale 20, 22 eta Nagusi 51, 53 zenbakietako bizilagunen irisgarritasuna errazteko zonaldea konpondu eta antolatzeko plan bat eskatzen du herriko PSE-EEk. Plana mozio batean jasotzen da eta datorren asteko udalbatzarrean eztabaidatua izango dela aurreratu du Jesus Zaballos ordezkari sozialistak.

Jesus Zaballos eta Txus Alonso goizean egindako agerraldian.
Loidi-Barrengo zonaldearen konponketa eta reurbanizazio planekin amaituta, bada Goikale eta Nagusi kaleetako hainbat zenbakietan oraindik txukundu ez den eremua. Oraindik oso espaloi estuak dituzte euren etxeetara sartzeko Goikaleko 20 eta 22 zenbakietako bizilagunek baita Nagusi kaleko 51 eta 53 zenbakikoek. "Espaloiak estuak izateaz gain kotxeak edozein modutan aparkatuta aurki daitezke eta bizilagunak kexu dira" azaldu du Jesus Zaballosek Txus Alonsorekin batera egindako agerraldian.

Eremu txikia izan arren lau atarietara sarrera dago hemen "orain arte ordenazio berezia izan du zonaldeak eta ez da sartu inguruan egin diren konponketa eta berritze planen barruan, udalerria eratzerakoan plano gainean auzoen barruan banatu ez zen eremua dugu hau". Azaldu du Zaballosek.

Hau dela eta honakoa eskatzen duen mozioa aurkeztu dute: lana burutzeko Hirigintzako teknikariei zonaldearen irisgarritasuna eta antolamendua hobetzeko proiektua egitea. Proiektua burututa bizilagunei ezagutzera eman eta euren iritziak jasotzea eta azkenik, 2013ko aurrekontuetan lanak egiteko beharrezkoa den diru partida aurreikustea. Antolaketa berriarekin seinalizazioa ere hobetzeko eskatzen da.