Kartel modernoa, teknika berriagarekin, Nestor Basterretxea, bost hamarkadatan artearen adierazpide anitzak jorratu dituen artista, eta Aiert Goenaga Durangoko Azokaren zuzendaria egon ziren 2012ko Durangoko Liburu eta Disko Azokaren kartelaren aurkezpenean.
Basterretxeak azaldu zuenez, telebista pantaila matxuratzen denean agertzen den “kolore aberastasun ikaragarria” da karteleko irudiaren oinarria. Azken aldian pantailako forma eta kolore horietan oinarrituta dihardu bere collage erako lanak egiten.
Gerediagaren proposamena kartel moderno bat teknika berri batekin egiteko aukera legez ikusi zuen Basterretxeak, azaldu duenez. Antolatzaileen lana nabarmendu du artistak: "Bihotzez, azoka antolatzeko egiten duzuen lana eskertzea baino ez dagokit".
Bastoia eskuartean, berba bakoitza patxadaz, lasaitasunez pentsatu eta ahoskatuta mintzatu zen Basterretxea. Oteiza aipatu zuen, eta euskal nortasunari buruzko adierazpenak ere egin zituen. "88 urte dauzkat, eta heriotzan pentsatzen dut. Baina borrokatzen jarraituko duzuela jakinda noa beste mundura. Eskerrik asko".
Aiert Goenagak azaldu duenez, azken urteetako kartel lehiaketa alboratu eta Durangoko azokaren kartela artista bati enkargatu nahi izan diote aurten.
Bestalde, iaz baino egun bat gutxiago iraungo du Durangoko azokak, lau, abenduaren 6tik 9ra. Aurrekontua aipatu du zuzendariak: "Krisi ekonomikoak guri ere eragin digu, eta ezin dugu bost eguneko azoka baten aldeko apustua, egin kalitatean galduko genuelako".
