ISU Leihoak taldea garaile Azpeitian

Nerea Eizagirre 2012ko urriaren 4a

Areto-futboleko Aldaz H.k. taldeak denboraldia hasi zuen lehengo asteburuan eta ederki hasi gainera, 1-3 garaitu baitzuen Zurt taberna taldea. Aurten Gipuzkoako ligan dago, berriro ere. Hala ere, bere helburua lehenengo postuetan egotea da eta erronkari talde berriarekin egingo dio aurre.

ISU Leihoak taldeak talde berrituarekin ekin dio aurtengo Gipuzkoako Ligako lehiari. Arg: Txema Valles
Gipuzkoako Ligako aurtengo lehen jardunaldia jokatu zen asteburuan eta Lasarte-Oriak badu berriro ere ordezkaria maila honetan, ISU Leihoak.
ISU Leihoak taldeko entrenatzaileak Eneko Molinak azaldu digunez, iaz Euskal Ligan lehiatzen egon ostean, aurten arrazoi ekonomikoak eta pertsonalak direla eta, Gipuzkoako Ligara bueltatzea erabaki zuen taldeak.
Maila hau ezaguna du eta Molinaren esperantza urte serioa egitea da, “lau lehenen artean sartu edo gertu egotea, behintzat.”
Entrenatzaileak argi du urte zaila izango dela eta duela bi urte egindakoa denboraldia berdintzea zail izango duela.
Izan ere, “taldea aldatu da, ia berria da”, ISU Leihoak-ek aurkezten duena. “4 edo 5 jokalariek utzi dute taldea aurten eta 3 berri ditugu,” azaldu du Molinak.
Gainera, mailan talde berri asko daudela aipatu du, 6 edo 7 eta erreferentzia gutxi ditu batzuenak. Hala ere, Laskorain eta Oiartzun aipatzen ditu sailkapeneko lehen postuetarako.

Garaipena Azpeitian

Gauzak honela, denboraldiko lehen partidari aurre egin zion ISU Leihoak larunbatean.
Honetan Zurt taberna izan zuen aurrez aurre eta 1 eta 3 irabazi zion talde azpeitiarrari.
Eneko Molinak azaldu digunez, “bagenekien partida zaila izango zela, duela bi urte irabazi gintuen taldea da Zurt taberna. Lehenengo zatia eskasa izan zen eta bigarrenean ongi jokatu zuen taldeak”.
Hala ere, “taldea osatzeko asko falta da oraindik. Jokalari berriak taldera ohitu behar dira” onartu du ISU Leihoak-en entrenatzaileak.

Partida zaila

Aste honetan, Aretxabaleta taldea du aurrez aurre. Aurten igo den taldea da eta Eneko Molinak erreferentziarik ez duela aipatu digu.
Baina “Euskaldunari 4-1 irabazi zion“, beraz, partida zaila izango dela iragarri du.

Aldaz-ek etxean galdu

Bestalde, herriko beste taldeak, Aldaz H.K.-k etxean Bilbo taldearen aurka galdu zuen, 6-8.
Nahiz eta Bilboko taldea gaztea izan, indarrarekin etorri zen norgehiagokara eta partida interesgarria ikusi zen kiroldegiko kantxan.
Bilbotarrek erakutsitako sistema eta ezarritako erritmoak ez zien Lasarte-Oriakoei haien jokoa egiten utzi. Hala ere, bi ateetan arriskua handia izan zen.
Azkenean, bilbotarrak izan ziren lehenak markagailura tantoa igotzen.
Herritarrek ederki erantzun zuten eta binako berdinketarekin iritsi zen atsedenaldira.
Bigarren denboran Aldaz markagailuan atzetik joan zen eta ezin izan zion partidari buelta eman.