Urtero, hego haizea heldu eta hostoak erortzen hastearekin batera Udazken Festa egiten dute Zabaleta auzoan. Aurten hitzaldi eta sardina jana egingo dute Antonio Blas plazan.
Hitzaldia auzoan bizi den Zaltzate baserriko Antonio Eleizegi eztigile eta erlazainak emango du 19:30etan “Erleak eta liztorrak” gaiaren inguruan. Ondoren, 21:00 inguruan sardinak erreko dira plazan bertan.
Eztigintza eta erleak
Antonio Eleizegi eztigileak 30 urte daramatza erlezain eta aspaldian kezkatuta dabil Vespa Velutina Asiako liztorra ugaltzen ari delako. “Iaztik hona 10 aldiz gehiago ibili dira, eta agian motz geratzen ari naiz. Erraketa batekin milaka eta milaka hil ditut, abuztu hasieran hasi eta orain arte egunero egunero aritu naiz horretan, baina hurrengo egunean beste hainbeste ziren. Orduak eman ditut habiaren bila ere, urruti gabe egongo da baina ez dut aurkitu. Ez da erraza, arbolatan hosto artean eta askotan goiko partean egiten dute eta”.
Bere iritziz, martxa honetan erle guztiak galduko dituzte eta pentsatzen ari da agian erleak leku lehorragoetara eraman beharko dituela, Nafarroa aldera edo. “Oso garrantzitsuak dira erleak landareak polinizatzeko, basoan jada erlerik ez dago barroa xomorroaren erruz, erlazainei esker irauten dute erleek eta polinizazioak ere bai beraz. Arazoa handia da. Frantzia aldean hasi dira erleak leku lehorretara eramaten” kontatu du Eleizegik.
Aurtengo eztia jada potetan jasoa du, urte ona izan da. Eztigintzari buruzko informazio zabala eta erleen inguruko bitxikeriak emango ditu ostiraleko hitzaldian. Jarraian, plazara hurbiltzen diren auzotar guztiek sardin erreak dastatzeko aukera paregabea izango dute.
