Garaiekin doaz arropa mota batzuk. Sasoi batean hankape zabaleko galtzak edonoren soinean ikusten ziren. Berdin kolore biziko alkandorak edo bizar trinko askoak gizasemeen aurpegietan.
Modak dira horiek eta moda diren neurrian etorri egiten dira baina baita joan ere, nahiz, azkenaldian, joandako modak berriz ere modan jarri. Hitz joko geratu zait atzeko hori. Eta hain juxtu, hitz baten bueltako hausnarketa egin nahiko nuke.
Aspaldian, modan jarritakoa dugu “erreskate” hitza. Hori entzutean istripuak etortzen zaizkigu gogora: dela autoarekin direnetan suhiltzaileek egiten dituztenak edo berdin mendi istripu batean ertzaintzaren helikopteroz egindakoak. Azken horiek ere ordaindu egin behar dira gainera, azkenaldian.
Ekonomiaren itzaleko erreskatea ordea ez da istripua. Jarrera, politika eta ikuspegi baten ondorio da. Politikoek uste izan dute diruaren makina ez zela sekula geratuko eta herriak zorpetuta ere ordainduko zela noizbait, etxegintzaren etengabeko hazkundea inoiz etengo ez balitz bezala. Eta ez politikoek bakarrik. Denok pentsatu izan dugu pixka bat hori eta eguraldi ona eskatzen zuenaren alegrantzia berarekin eskatzen genuen dirua.
Amaitu dira ordea txorakeriak, eta orain mehatxu bat dugu guztiok bueltaka-bueltaka: erreskatea, garai berriotako mamua.
Eta mamuak mugak dakartza: gizarte gastuetan besteak beste. Egundoko herrilanetan dirua palakadaka erabili ostean, gizatiago diruditen gastuetarako sosik gabe geratu gara. Ez dago beste erremediorik, daukagunari dagokion moduan egingo diogu aurre baina gera dadila nonbait gertatuaren testigantza gure ondorengoek kontu gehixeago eduki dezaten diru publikoarekin bezela norbere kabuzkoarekin.