Gaur hasiko da ikasturte berria Gaztekluban

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urriaren 5a

Gazteklubak hasiera emango dio gaur ikasturte berriari. Ostiraletan 17:30etatik 19:30era izango da hitzordua ohi bezala. 5 eta 6. mailakoen topalekua Erribera kaleko lokala izango da eta 3. eta 4. mailakoentzat Ola kaleko ludoteka.
Ikasturte honetan arduradunek esan moduan, iazko ildotik jarraituko da ekintza erakargarri eta dibertigarriak burutzen. Horrela postre txapelketa, talde jolasak, bideo emanaldiak eta bizikletaz txangoak antolatuko dira, besteak beste. Gaztekluba dohakoa da eta izen-emateko gaur bertan egin ahal izango da edo aisia@ttakun.com helbidean.
Bestalde, 5, 6 eta 7 urteko haurrak biltzen dituen Amaraun klubak urriaren 9an hasiko du ikasturtea. Egun honetan ate ireki jardunaldia izango da eta sukaldaritza tailerra burutuko da. Hitzordua 17:30ean izango da Ola kaleko lokalean.
Honetan izena emateko egunean bertan edo aipatutako helbide elektronikora zuzenduta egin ahal izango da. Tailerra doan dela azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek eta haurrak honetan parte hartzera animatzen dituzte.