Zortzi herritarrek osatutako taldetxoan bi ikuspegi oso desberdin daude, beteranoena, Agus Mujika, Rebeka Garces eta Joxe Mari Agirretxerena eta hasiberriena bestetik, Bea Egizabal, Rosa Elizondo, Martin Anso, Veronica Lopez eta Enara Ieregirena. Hala ere, esperientziak ez du urduritasuna leuntzen eta dagoeneko denak dira maratoia iristeko gogoz.
Joxe Mari Agirretxe, Rebeka Garces, Enara Ieregi eta Bea Egizabalekin solasean aritu gara euren esperientzia eta Maratoian zehar eskainiko dizkiguten ezustekoen inguruan.
15 egun besterik ez Euskararen maratoirako. Nola zaudete?
Enara eta Rebeka: Oraingoz lasai. Lasai gaude baina urduritasun punttu hori bada, konturatzerako hemen dago Maratoia!
Beatriz: Ni alde batetik lasai nago baina agobio sentsazioa ere badut, nahiz eta berez erreala ez izan. Gehien bat ezezaguna denarekiko urduritasuna da sentitzen dudana.
Joxe Mari: Hasierako maratoian zortzikotearen gainean ardura gehiago zegoen. Zorionez azken urteetan herriko elkarte eta talde askok egiten dute lan Maratoian eta ondorioz zortzikoteak egun ez du lehenengotan izandako ardura hartu behar. Egun aurkeztu, ekintzak bideratu eta animatzea baita esketx batzuk egitea da oinarrian egin beharrekoa. Dagoen horri piperra ematea. Lasai nago 40 orduak ekintzaz beteta daudela badakidalako.
Berrien kasuan nola hartu zenuten zortzikoteko kide izatearen proposamena?
Enara: Hasieran berehala baietz esan nuen, ondoren ezetz, gero berriz baietz eta orain gogoa daukat baina tartean beldurra, lotsa sortzen da... sentimendu kontrajarriak dira.
Bea: Deitzen dizutenean ilusio handiarekin hartzen duzu proposamena. Zurekin gogoratzea eskertzekoa da eta ezjakintasunak baietz esatera bultzatzen zaitu.
Lotsa sentitzen dut oholtza gainean egon behar dudala gogoratzen dudanean eta urduri nago. Hala ere beste norbaitek nigan konfiantza izan du ni proposatzeko, besteek ni oholtzan ondo moldatuko naizela uste dute eta nik ere konfiantza hori hartzen dut. Ezezagunari beldurra edo lotsa da batez ere burutik pasatzen zaizuna baina uste dut oholtzara igotzerakoan espektakulua beraren magiak bultzatzen zaituela... itxaropena dut magia horrek bultzatuko gaituela lotsak eta urduritasunak gainditzea.
Beteranoen kasuan, zergatik errepikatu?
Joxe Mari: Nik uste dut garrantzitsua dela beteranoen presentzia zortzikotean. Beteranoek beti lasaitasuna eta esperientzia aportatzen dute eta gazte edo berriek, euren indarra eta freskura ekartzen dute taldera.
Rebeka: Nire burua ez dut beterano bezala ikusten, laugarren maratoia da hau niretzat. Beti lasaitasunez hartu izan dut. Urduri egon nintzen batez ere lehenengoan baina beti izan ditut ondoan beteranoak ni lasaitzeko eta oholtza gainean lehen hitz horiek esateko laguntzen. Nire burua beterano gisa ikusi ez arren, egia da saiatzen naizela berriei nolabait erakusten oholtza ez dela hainbesterako, egin behar duguna ondo egingo dugula! Trukua lehen momentutik lotsa gainditzea da.
Joxe Mari: Adibidez Rosa beterana da, amona da dagoeneko baina berria da zortzikotean eta figura horrek asko aportatu du aurten.
Antolaketa lana handia al da?
Joxe Mari: Lasai zaude 40 orduak ondo beteko direla jakinda, pertsonalki bestela sprintean gaude azken ideiak lotzen. Aurreko igandean lau orduko bilera intentsibo emankor bat egin genuen eta beste bat egingo dugu larunbatean. Zortzikoteko kide izateaz gain, saltsa ezberdinetan gaude familia, lana, ikasketak...
Asko dira antolaketa lanetan dauden elkarte eta herritarrak eta hauei esker gure lana ez da oso handia. Hauek bai dagoeneko gehiena ondo lotuta dute.
Rebeka: Aspaldi hasi ginen Maratoia antolatzen, bilera pila egin ditugu eta sentsazioa beti izan da ezer ez dagoela lotuta, gero lau orduko bilera bat egin eta dena martxan dagoela konturatzen zara, hain zuzen atzetik jende askok lan egiten duelako.
Enara: Ideia asko ateratzen dira gure bileretan eta egia da irailean hasi garela guzti hauei forma ematen eta lotzen. Ia dena prest daukagu...
Ondo moldatzen al zarete?
Rebeka: Gure arteko harremana oso ona da, egiten ditugun bileratan denak aktibo eta oso parte hartzaile gaude. Azken bileran Rosa agertu zen kafea eta kruasanekin eta oso detaile polita izan zen, familia txiki bat osatu dugu.
Larunbatean mozorroen bila goaz Agusen dendara eta badakit ondo pasako dugula eta zortzikoteko kide bezala momentu polita izango dela hori ere.
Oso desberdina al da zortzigarren maratoi hau?
Joxe Mari: Lehenengo harekin alderatuta oso desberdina. Gure herrian eboluzio bat eman da jendeak gauza askotan parte hartzen du euskaraz, antzerkia, dantza, kirola... Orain 26 urte, erronka zen Maratoia egitea eta egun ospakizuna. Beterano bezala esango nuke Maratoiak zerbait erakutsi badigu izan dela maratoia bera hau amaitzerakoan hasten dela, egunerokoan.
Iruditzen zaigu azken urtetan egunerokotasun horretara geroz eta herritar gehiago ari direla atxikitzen, solaskide bezala, kirola euskaraz egiten... guk ilusioz eta alaitasunez eta gogotsu bizi dugu Maratoia eta ez lehenengo Maratoi hartako larritasunarekin. Orain egunerokotasun horretan euskaraz egiten denaren festa, ospakizun handi bat da Euskararen Maratoia.
Egitarauaren aurrerapen txiki bat egitea duzue?
Joxe Mari: Ekintzak asko dira. Esaterako larunbata goizean lehenengo aldiz Elkartasun azoka egingo da. Bertan Saharako lagunak, odol emaileen elkartea, Alcer eta beste elkarte asko izango dira. Guztietan behintzat herritarren bat dago boluntario lanetan. Harritu egin gara elkartasunaren inguruan zenbat diren lanean jardun diren herritarrak eta oso pozgarria da. Honetan oraindik parte hartzea dago beraz hemendik deia luzatzen diegu elkarteei parte hartzeko.
Rebeka: Larunbata goizean ere herriko ikastetxetako haur, guraso eta lagunek desfilea egingo dute herriko kaleetan barrena. Iluntzean moda desfile berezia ikusi ahal izango da. Dantza garaikidearekin uztartuz erakutsiko dira jantziak eta hauek material birziklatuekin egindakoak dira.
Gauean “Hoi denk hoi talentuba” saioa egingo da eta edozein herritarrek honetan daukan trebezia erakusteko aukera izango du, bakoitzak 3 minutu izango ditu gehienez eta oraindik honetan parte hartzeko aukera dago beraz izena eman!
Igandean kirola nagusi...
Beatriz: Bai, igande goiza kirolarena izango da eta arratsaldean azken Maratoitik hona jaiotako haur guztiei harrera berezia egingo zaie. Udalaren datua zehazteko dugu baina 700 inguru dira urte hauetan jaiotakoak. Honetan parte hartzeko ez da izenik eman behar, igandean plazan egotea nahikoa izango da. Gurasoak animatu nahi ditugu haurrak euren lehenengo Maratoira ekartzeko.
Joxe Mari: Ahaztu zaigu aipatzea baina zortzikoteko kide izandako guztiak bildu nahi ditugu larunbateko afarian. Argazkien laguntzaz errepasatuko ditugu zortzikotetik pasatako kide guztiak eta bertan elkarrekin afalduko dugu.
Beteranoek beti lasaitasuna eta esperientzia aportatzen dute eta gazte edo berriek, euren indarra eta freskura ekartzen dute taldera.
Ezustekorik izan al duzue egitarauari dagokionez?
Joxe Mari: Ezin da asko aurreratu baina larunbatean eguerdian, espero ez genuen ekintza bat izango dugu; ezkontza bat Euskararen Maratoian!!! Bikoteak maitasuna eta euskara uztartu nahi izan ditu bere konpromezuan. Bide batez bazkaria bertan egiteko aprobetxatuko dute eta tarta eta ohiko bestelakoak ez dira faltako. Gure harridurarako bikoteak hala nahi du bere ezkontza ospatu eta benetan pozten gaitu gurekin egin nahi izatea. Halako egun berezi bat Maratoian bertan ospatu nahi izatea ikaragarria da!
Esan ere, egun horretan beste bikoteren batek nahiko balu gurekin euren ezkontza ospatu, gu prest gaudela, beraz gurekin edo Ttakunekin harremanetan jartzea.
Ekintzen artean udaletxe berrira bisita gidatuak daude, parte hartuko al duzue?
Rebeka: Udaletxe berriaren bisitetan parte hartuko dugu noski! guk ere ikusi nahi dugu eta mitoak, kaleko zurrumurruak egia diren edo ez ikusi. Antolatzaile eta zortzikotearen bileretan atera zen bisita hauek egiteko ideia eta udalean proposamena luzatzerakoan ideia polita iruditu zitzaien, bihotzetik plazara eta plazatik udaletxera!
Enara: Aipatu ere larunbata goizean udaletxe zaharretik harria hartu eta igande gauean udaletxe berrira eramango dugula. Nolabait lekukoa hartuko du udaletxe berriak aurten.
Igandean hauteskundeak izango dira...
Joxe Mari: Bai baina ez diegu protagonismorik emango. Hasieran nolabait gidoian gaia sartzea pentsatu genuen baina azkenean ideia hau baztertu dugu.
Maratoian euskara da protagonista bakarra. Bozkatzeko bost minutu nahikoa da... gu ere momentu batean bozkatzera joango gara baina modu intimoan.
Atsedenerako txandak ere antolatuko zenituzten...
Rebeka: Lo egiteko txanda bakarrik dago aurreikusia. Egunean zehar ekintzak asko direnez gure artean banatu ditugu ere. Lo egiteko, larunbatean goizeko 1:00etan ume txikiak dituztenak joango dira lehenengo Bea eta Vero. Ondoren beste laurok 3:00etan joango gara eta Enara eta Martin 5:00ak arte egongo dira, gazteenen erronka gaupasa egitea da...
Hala ere badira tartetxoak atsedena hartzeko, plazan lagunekin elkartzeko, otorduetan ere eseri eta lasai egoteko...
Joxe Mari: Lehen maratoian zortzikoteak antolatzaileekin bazkaltzen zuen 16-20 lagun ginen, gure artean geratzen ginen bazkaltzeko, egun otordu bakoitza masiboa da eta ez dago gure lasaitasunerako edo intimidaderako tarterik.
Zer esango zeniekete herritarrei festan parte hartzeko?
Plazara irteteko, disfrutatzeko, lau urtetik behin egiten dela eta jendeak beti gogoratzen duela Maratoia, beraz, parte hartzeko! Ez da aspertzeko unerik izango!