“Euskal kultur ezjakintasun handia dago”

jon-altuna-iza 2012ko urr. 5a, 11:39
Euskal kultur adierazpen ezberdinei buruz Etxepare Euskal Institutuak argitaratu dituen hamar liburuxkatako bat, hain juxtu kantagintzari dagokiona, Jon Eskisabel lasarteoriatarrak egin du. Ez dago liburua erosterik, Etxeparek berak erabiliko ditu han eta hemen euskal kulturaren berri emateko, baina azken 50 urtetako euskal kantagintzaren historia ezagutu nahi duenak aukera dauka, www.etxepareinstitutua.net webgunean irakurtzeko moduan jarri dituzte eta guztiak PDF formatuan.
Ataun-en bizi da Jon Eskisabel kazetari lasarteoriatarra, baina tarteka etortzen da herrira eta bisitatako bat baliatu dugu berarekin elkartu eta zertan diharduen jakiteko. Etxepare Institutuak duela gutxi aurkeztu duen euskal kulturari buruzko bilduman kantagintzari buruzko liburuxka egin du Eskisabelek, euskal musikaren inguruko informazio oro jasotzen duen badok.info web orrialdearen arduraduna ere bada, _tarteka, disko berriak ateratzen direnean, bertako edukiak gaurkotzen ditu, eta noizbehinka euskal musikarien biografiak gehitu, gogoaren arabera, bere martxan_, eta bestalde, langabezi garaia aprobetxatzen ari da zinemara joateko, ingelesa ikasteko edota irakurtzeko.

www.etxepareinstitutua.com helbidean argitalpenak atalean ikusi daiteke kantagintzari buruzko Eskisabelen lana, ez baita salduko. Hamar liburuxka argitaratu ditu Etxepare Institutuak hamar arlori buruzkoak, batez ere atzerrian egiten dituen ekitaldietan (azoka, jardunaldi, hitzaldi, jaialdi eta abarretan) aurkezpen txartel modura erabiltzeko.

Zer nabarmenduko zenuke Euskal kantagintza modernoari buruz egindako liburuxkaz?
Etxepare institutuak duela pare bat urte egindako enkargu bat izan zen, gehienbat kanpoan zabaltzeko liburuxka batzuek atera nahi zituzten, euskal etxeetan, Madrileko Cervantes institutuan, Kataluniako Ernest Lluch-en, hor zehar banatuta dauden katedratan, unibertsitatetan eta horrelako lekuetan zabaltzeko bilduma bat da, euskal kulturaren ikuspegia kanpokoek hemen egiten dena ezagutu dezaten.

Niri kantagintzarena egiteko eskatu zidaten, ez musikarena, kantu herrikoia, pop, folk, rock estiloak... Nahi zutenaren pauta batzuek eman zizkiguten eta bakoitzak nahi zuena egin du. Nik gida liburu nahiko estandarra egin dut, 60ko hamarkadatik gaur egun arte kantagintzak estilo aldetik Euskal Herrian izan duen eboluzioa, zein joera nagusitu diren, horiek bere testuinguru soziopolitikoan kokatu, artista nabarmenenen joerak eta historia aipatu eta nire hautua izan zen horietatik 25 bat kantari edo talde aukeratzea, beren biografia laburra egin dut eta diskografia hautatu bat, kanpoko jendearentzat sarrera gisa edo.
Musikak badauka beste adierazpideek ez daukaten abantaila bat, pista batzuek emanez edo disko bat gomendatuz gero, gaur egun posible da internet-en bidez ezagutzea. Beste diziplinetan adibidez literaturan ezin da ez badago liburua itzulita, eta arte plastikoen aldetik ere ez dago gauza asko interneten. Beraz pista batzuek eman ditut, beti oso garbi izanda nori zuzendua dagoen eta zein helburu dituen.
Oso estandarra egin dut, oso objektiboa eta neutroa alegia, nahiz eta gauza guztietan hor egoten den norberaren eskua, baina ez da nire historia, ez nire ikuspegia, eta hor aukeratu diren 25 artistak ere ez dira nire gustukoenak ere.

Mende erdiko bilakaera biltzen da, garai mardula, beraz aukeraketa ez zen erraza izango?
Esan dizudana, kantari edo talde batzuek egon beharrekoak dira, dena den, duela bi urte entregatu nuen lana eta gaur egun seguru baten bat kenduko nuela eta besteren bat jarri.

Zenbat denborako lana izan zen?
Denbora gutxi. Hilabete bat edo, bi hilabete baino gehiago ez. 2011ko urtarrilean. Gero argazkiak eskuratu eta horien eskubideen kontuekin, norena den jakiten eta abar, asko atzeratu du argitalpena. Nik lan handia aurreratua neukan badok.info orrialdean. Hor dauden eduki asko han daude garatuagoak. Ia buruz nekizkien. Egin nezakeen gauza pertsonalagoa, edo nire interes guneen eta gustuen aldetik jo, baina ez zen hori izan.

Hiru hizkuntzatan dago, esan didazun bezala argi eta garbi Euskal Herritik kanpokoei begira egina dago, aurkezpen txartel gisara edo...
Bai, Etxepare Institutuak sare moduko bat sortua du atzerrian unibertsitatetan euskal kulturari buruzko ikastaroak ematen dituzte uste dut 25 toki ezberdinetan, besteak beste, Inglaterran, Alemanian eta AEBetan,...

Kanpora begira egina dagoen arren, horrek ez du esan nahi barrurako balio ez duenik, nire ustez bilduma horrek badu zentzurik eta beharrezkoak dira Euskal Herrian. Oro har ezjakintasun handia dago musikaren munduan, jendeak ezagutzen ditu betiko lau izenak, baina ez dauka ikuspegi orokorrik eta oinarrizkotik edo mundu guztiak ezagutzen dituenetik harago ia inork ez daki ezer. Euskal Herrian ezezagutza handia dago euskal kulturaz.

Salgai jarriko balitz erantzun ona izango al luke?
Ez dakit, ez dut uste. Nik desinteres handia ikusten dut gaur egun oro har, kulturarekiko, ez bada kultur ebento handietan; masak mugitzen dituzten horietan ikusten da jendea eta pentsa daiteke jendeak kultur interesa duela, baina oro har desinteres handia ikusten dut.

Kontzertu handiek, Donostiako zinemaldiak... dute arrakasta, ezta?
Bai hori saldu digute gaur egun, gainera kultura entretenimenduarekin lotzen dugu, eta harremanetarako erabiltzen da, baina ez modu natural batean, kulturaz hitz egiteko, baizik eta “ni han egon nintzen” esateko, han egon beharraren beharraz. Jendea joaten da, baina hitz egiten al du ikusi duen kontzertu horretaz edo pelikula horretaz? Ez dut uste. Jendea lagunekin egotera, edatera eta ondo pasatzera doa, baina ez dut uste ebento horiek jendearen zaletasuna edo gauza berriak ezagutzeko gogoa edo interesa pizten dutenik. Jazzaldiko kontzertuetara joaten direnak joaten al dira gero urtean zehar egiten diren beste kontzertuetara? Normalean ez.

Harremana kulturaren inguruan da, baina izan zitekeen futbol partidu batean edo beste edozein tokitan. Desinteres handia dago. Ia inori ez zaio inporta gaur egun zer gertatzen den literaturan, zer argitaratzen den, zein arazo dituzten idazleek ala diskoak saltzen diren, ikusleak joaten diren kontzertuetara... zein literatura egin den Euskal Herrian, zeintzuk diren liburu esanguratsuenak, euskal idazleek nondik jasotzen duten eragina, gaur egun zein literatura mota egiten den... oso jende gutxiri interesatzen zaio.

Zer da badok.info?
Euskal Kantagintzari buruzko ataria da, Berria egunkariaren barruan sortu zen, duela hiru urte zabaldu zen interneten, baina aurretik, bi urte lehenago hasi ginen lanean. Euskal kantagintzari buruzko datu basea da, kontsultarako eta ezagutzarako. Interneten informazio aldetik zegoen hutsune bat betetzeko sortu zen. Berriako kazetariak konturatu ginen adibidez Xabier Leteri buruzko daturen bat bilatu nahi bagenuen ez zegoela ezer. Ezer. Horretan oso atzeratuta gaude oraindik. Esaterako Mikel Laboak ez dauka web gunerik, ez bada badok.infon daukan atala, ez Xabier Letek, ez Errobik, ez Ange Duhaldek, ez beste inork. Eta talde berriek ere batzuek daukate baina sarri gaurkotu gabe, ez dute erabiltzailearekin inolako feed back-ik bultzatzen edo orrialdea elikatzen. Talde berri batzuek hor daude, baina hilda, eta beste batzuek, bai, gaur egungo talde gazteenak, ondo daude, dinamika bat daukate.

Beraz proiektua hutsune horretatik abiatu zen, ez zegoen ezer eta badok.infok 60. hamarkadatik gaur egun arte Euskal Herrian kantagintzak izan duen bilakaera kontatzen du hamarkadaz hamarkada. Eta gehienbat datu base bat da, 200 bat biografia jada hor daude, gehienak kantari eta taldeenak, eta bakoitzean bere diskografia, kantuen zerrenda, kantuen letra, kantuen egile eta parte hartu dutenen musikarien zerrenda, argazkiak... Kontsultarako datu basea da, alegia, disko honetan nork jotzen duen, kanta hau zein diskotan dagoen, kanta honen letra zein den, azala nork egin zuen, edozer jakin nahi baduzu erabiltzeko eta 400 kantu baino gehiago daude entzuteko moduan.

Osatzen doan webgunea da, duela hiru urte jarri genuen multzo nagusia, baina hiru urte hauetan gutxinaka biografia berriak sortu ditugu, oraindik 2000. urtetik sortu diren talde asko falta badira ere.

Zein funtzio betetzen duzu hor?
Arduraduna naiz, ni arduratu nintzen gutxi gorabehera edukiak eta atalak diseinatzeaz, eta hainbat lagunengana jo nuen biografiak idazteko. 200 biografia idazteko laguntza behar nuen eta hainbat kolaboratzaile izan nituen, 2009an egin genuen hori. Ordutik ni naiz arduraduna, bakarra, norbaitek disko berria ateratzen duenean edukiak gaurkotzen ditut, biografian disko horren aipamena egin, diskoaren azala, kantuak eta letrak eskaneatu, gero hemeroteka elikatzen dut, elkarrizketak,... jaso. Hori dena nik egiten dut eta modu ez profesionalean.

Itoiz-i buruzko liburua ere egin zenuen aurretik?
Bai, oso esperientzia polita izan zen. Itoiz aukeratu nuen aurretik izan nuen beste esperientzia batengatik: Elkarrek Itoizen diskografia osoarekin kaxa bat atera zuen eta eskatu zidaten liburuxkarako testu bat idazteko, oso modu laburrean Itoizen historia kontatuz. Hori idazteko harremana izan nuen Juan Karlos Perezekin eta jada orduan ikusi nuen hor gauza asko zeudela kontatzeko. Gero Gaztelupeko Hotsak-ekoek esan zigutenean euskarazko musika taldeen biografien bilduma bat sortu nahi zutela eta prest egongo ginatekeen idazteko, orduan esan nien Itoizena egingo nuela. Ez da bereziki nire bizitzako taldea, noski euren kantuak entzun ditut eta gustatzen zaizkit, baina gehiago izan zen zuen interesarengatik, ezagutzen nuen taldearen historiarengatik. Hamar urtetan taldearen barruan gauza asko gertatu ziren, eta arrazoi asko zeuden: 70 hamarkada zen, taldearen bilakaera ere berezia izan zen, berbena talde bat izatetik pop musika egitera pasa zen eta hiper modernoak izatera ere bai. Talde gutxik dute bilakaera hori. Gauza pila bat zeuden kontatzeko baina garbi nuen egitekotan beraiekin batera egingo nuela, beraien laguntza behar nuela, prest egon behar zuten hitz egiteko. Esperientzia oso ona izan zen, agian gaur beste era batera idatziko nuen, baina gustura geratu nintzen liburuarekin. Distantziarekin egin nuen, ez nuen goraipamenetan gelditu nahi, baizik eta distantziatik euren historia kontatu, hitz egin zezatela eta irakurleek hortik atera gero bere ondorioa. Gehiago ere egingo nituzke.

Gustura ikusten zaizu horrelako lanetan?
Bai, ez dakit zergatik baina bai, ondo pasatzen dut. Dokumentazio bila arakatzea asko gustatzen zait, orain Entzun aldizkarirako erreportaje bat egin dut 60. hamarkadako ye-ye kantariei buruz eta oso ondo pasa dut. Ez dok hamahiru-ren garai berean baziren Frantziako kantari, Julio Iglesias edo Bob Dylan-en euskarazko bertsioak egiten zituzten kantariak, eta kristoren arrakasta zuten, singleak ateratzen zituzten. Eurovision-go abestien bertsioak egiten zituzten. Kantu modernoak. Disko zaharrak begiratzen oso ondo pasa dut.

Hainbat talde daude, Badok.infon ez daudenak, baina egunen batean sartu egingo ditut.

Egunen batean den dena egongo da internet-en...
Ez dut uste, dena ez da sekula egongo, publikatu dena ikaragarria da.

Zinezalea ere bazara, zer moduz zinemaldia?
Oso ondo, aurten lanik ez neukanez aprobetxatu behar nuen, hurrengo urtean agian lanean egongo naiz eta ezingo dut. Aurten oso ondo egon da. Pare bat izan ezik, ikusi ditudan pelikula gehienak onak izan dira.

Zein asmo etorkizunerako? Itzuliko al zara eguneroko prentsara?
Sekula ezin da ezetzik esan, baina printzipioz ez. Urte bete barru, lanik eta langabezia saririk ez baldin badut... agian. Jarraituko dut lan txikiak egiten. Langabezian nago, eta ingelesa ikasteko eta irakurtzeko ere aprobetxatuko dut.

Zer moduz bizi zara Ataunen?
Ondo, alde handirik ez dago, handiena tokiak urrutiago daudela, Donostiara joateko pentsatu egin behar.