Tasio Arrizabalaga Lasarte-Oriako kirol zinegotzia, Iñaki Ugarte Usurbilgo kirol zinegotzia, Mikel Pagola Urnietako alkatea eta Ainara Rodriguez Andoaingo kirol zinegotzia izan dira aurkezpenean.
Tasio Arrizabalagak azaldu duenez, “lehiatzea ez den eta edozein publiko motarentzat egokia den kirola egiteko eta Buruntzaldea eskualdeko eta bere landa-ingurune natula ezagutzeko aukera dugu” ekintza honi esker.
Santuenea-Aginaga
Buruntzaldeko 5. Ibilbideen eguna urriaren 14an, goizeko 09:00ak eta 14:00ak bitartean ospatuko da.
Honetan bost ibilbide egiteko aukera izango da: Andoain-Lasarte-Oria, Andoain-Urnieta, Andoain- Usurbil, Lasarte-Oria-Urnieta eta Lasarte-Oria-Usurbil.
Aurten gainera, berrikuntza bat aurkeztu dute, Santuenea eta Aginaga arteko bidea egokitu eta zati hori ere egin ahalko da.
Honetaz gain ibilbide hauen trazatuak, profilak eta distantziak herrietan dauden paneletan erakusgarri daudela eta iaz Buruntzaldeko ibilbideen plano bat ere atera zela gogoratu dute.
Kontrolak eta oparia
Era berean, aurreko edizioetan bezala, herri bakoitzean kontrol une bat egongo dela azaldu dute.
Usurbilen Santueneako auzoan, Zorrotzeko zubiaren parean eta Aginaga auzoan, Mapil baserriaren ondoan egongo dira kontrolak; Andoainen, Udaletxe azpian; Lasarte-Orian, San Pedro elizaren ondoko plazan eta Urnietan, Udaletxe azpian.
Kontrol hauetan ibilbideei buruzko argibideak emateaz gain, mokaduak eta edariak banatuko dituzte.
Eta Iñaki Ugarte, Usurbilgo kirol zinegotziak azaldu duen legez, ibilbideen egunean partehartzen duen herritar “bakoitzari txartel bat emango zaio, abiatzen den lekuko zigiluarekin eta partaide batek bi ibilbide eginez gero, egunaren oroigarri den poliesterrezko motxila jasoko du opari”.
Autobusa
Honetaz gain, autobus zerbitzua egongo da herri batetik bestera. “Zerbitzu hau erabiltzeko derrigor, hasieran jasotako txartela zigilua aurkeztu beharko da”, azpimarratu dute prentsaurrekoan.
Autobusak hiru bidai egingo ditu, 12:00ak, 13:00ak eta 14:00ak aldera. Aginagatik aterako da eta xx:05ean San Inazio biribilgunean izango da, xx:15ean Lasarte-Oriako Dorretxeko biribilgunean, xx:30ean Andoaingo Goiko plazaren atzealdean eta Urnietan kiosko geltokira iritsiko da xx:40ean.
Ibilbideen egunari buruzko informazio gehiago nahiez gero, buruntzaldea.org orrialdean eskuragarri dagoela azpimarratu dute prentsaurrekoan.
Gazteentzako ibilbidea

aurtengo Ibilbideen egunean ere Ostadar SKT-ko mendi sailak irteera antolatu du. Oraingoan, Lasarte-Oria eta Aginaga arteko txangoa izango da.
Honen harira, Ostadar SKT-eko Mendi sailak haur eta gazteei edo familia guztiari zuzendutako ibilbidea antolatu du, Lasarte-Oria eta Aginaga artean.
Iaz Lasarte-Oria izan zuen arrakasta ikusirik esperientzia errepikatuko dute. Hitzordua urriaren 14ean, goizeko 9:00etan, San Pedro eliza ondoan.
Parte hartzen dutenek Usurbileraino edo Aginagaraino egin dezakete bidea. Antolatzaileek oinetako aproposa eramatea gomendatzen dute.